Meretriz hila

Marilyn Monroe Arthur Miller irakurtzen

Ile horiko eme oparo:
gure gurariz hilik hago.
Hilotza:
ostu dinagu bihotza!

Ikusi haugu biluts-bilutsean,
larru lotsean,
eme giroko bipil hutsean.
Gaur gorputz datzan,
mila begien izormen latzan,
nahi iastakorrak duen baratzan…
Ederra hintzen
eta ezin ezkuta;
jarri beharra denen eskuta.
Hire ez hintzen; ez hintzen jabe.
Ezin gelditu eskaini gabe
orori.

Denen sareetan behar erori!
Diru truke
baliosa hintzena merke.
Sabel beteak galtzen din lotsa.
Diruak harri-bihur bihotza.
Maite-eza den odolustu hauen
labana zorrotza.
Ederrak hau din hamarren:
ororentzat izan aurren,
hiretzako hurren,
gain eta barren.

Gogaikarria sentitu den nazka.
Ezin inola estura hau aska.
Ezin iritsi:
Enpo albokan gozamen gutxi.
Hil-zorian guk jarri haugu
mila loxintxa, mila balaku.
Nazkatu haiz eta
kendu dun bizia.
Pastilak irentsi, ahaztu guztia.
Erabaki dun hire auzia…
Hartu dun betiko egun luzia!
Eme oparo:
guk eraginda hilik hago.
Meretriz opari triste.
Ez hintzen haurdun;
guztiekiko bidean jardun…
Egigun barka.
Nire bihotza dun deiadarka.
Meretriz hila:
Hiretzat dinat otoitz isila:
—«Betoz zeruko birjinen sailak
gaur hire bila!».

Juan Mari Lekuona, 1966

 

Poema  horretan [«Errota zar»] bada sentsualismo eutsi bat, argiago azaltzen dena «Meretriz hila» poeman. Aurreneko irakurraldian, Marilyn Monroeren suizidioak eragindako olerkia dela esan dezakegu; anekdotatik harago, ordea, kristautasunean betidaniko gaia den eme «galduarekiko» jarrera errukitsua, existentzialismo garaian ostera ere modan jarri zena, jantzi berriz. Neurritik libre ari bada ere, errima erabiltzen du baliabide formal gisa, indar berezian.

 

Xabier Mendiguren Elizegi eta Koldo Izagirre

Euskal Literaturaren Antologia, Elkarlanean eta Ikastolen Elkartea, 1988

Marilyn Monroe idazten eta irakurtzen, argazki seriea.

Marilyn Monroe Earl Wilson idazlearen Look Who’s Abroad Now liburua irakurtzen