Lurrunak eta erortzen ari zen elurrak sorturiko begitazioak besterik ez ziren izan ikusitako haiek guztiak

Korrika laino artean, Sally Kamilleren argazkia

Berriro begiak ireki zituenean oraindik auto barruan zihoala ohartu zen. Zinema pantaila bilakatua zen parabrisan, lurrunak eta erortzen ari zen elurrak sorturiko begitazioak besterik ez ziren izan ikusitako haiek guztiak, ziur aski. Lainoen baitan eta zigarroen kean Sacco eta Vanzettiren aurpegiak ikustea bezala. Agian bai eta agian ez. Ez zegoen kontrolik, ez poliziarik, ez istripurik, ez intxaur erdibiturik. Une batez mugiezin geratu zen, bolanteari tinko helduz, oharkabean marraren bat igaro bailuen. Behelaino itxia eta elurra bazter guztietan. Hori zen guztia. Antzinako argazkietakoa zirudien zuritasun ikaragarri haren erdian, Ford Mondeo beltz bat zihoakion aurretik bidea irekitzen. Autoaren gurpilak lebitatuz zihoazela zirudien errepide izoztuaren gainean, errepidea trenbide bailitzan. Buenaventura Durrutiren biografiako pasarte harekin gogoratu zen. Bartzelonako tiroketan Durruti babestu zuen auto beltz misteriotsuarekin. Irribarre egin zuen.

Harkaitz Cano

«Tiro», Pasaia blues, Susa, 1999 

Sacco eta Vanzetti Vanzettiren aldeko manifestazioa Londresen 1921ean