Lurruna ahotik joan-etorri azkarrean
Hildakoa hilik egon arren, manta nabarra larruorde duen arren, haren begiak ikusten ez dituzten arren. Zure begiak ikusten ez dituzten arren. Ilargirik ez dago, gaitz erdi. Gaua barea da, kilkerrak eta txitxarrak entzuten dira pala hotsek hondar kutsuko eta hauts kutsuko eta idor kutsuko lur neutroa klask zulatzeari uzten diotenean. Adam armatuak dira: Adam omen bere lorategian zulatze lanak egin zituen lehena, hala diote, pala bat armatzat har badaiteke, bera izan zela lehen lagun armatua. Lorazainetik ehorzlera ez dagoela, alegia, alderik apenas: Adamen oinordekoak bi-biak, armatuak bi-biak. Esaneko gizonari bizkarra izerdiarekin umeltzen hasten zaionean, pikatxoiari eman eta emanka, zerbaiten zentroa kalkulatuz metal puntadunak lurra zulatzen duenero, «ez dadila behintzat aukeratutako lekuan harririk agertu, otoi», erregutzen du. Nori erregutzen dio, ordea? Gauari, gauekoei erregutzen die.
Hotz egiten du, izerditan dituzte hortzak.
Lurruna ahotik joan-etorri azkarrean. Gauean zuri. Beltzean lauso. Itzalian ke.
Izarniaturik gaua, baina haiek ez daude izarretarako.
Harkaitz Cano
«Cambalache», Twist, Susa, 2011

