Literaturan bizitza bat aurkitu eta, bizitzan, literatura asko
Ezkerretik, Tommy Potter, Charlie Parker, Max Roach (Parkerrek ia osorik estalia), Miles Davis eta Duke Jordan, New Yorkeko Three Deucesen, 1947ko abuztuan
Zeuri ere gertatuko zaizu, behin baino gehiagotan, ipuin hauek irakurtzerakoan literatura bila joan eta bizitza besarkatzen duzula sentitzea, edo alderantziz. Lasai, ez zara hustasun sentimenduarekin geratuko. Canok ongi daki bizitza literaturaren siluetaren barruan txertatu behar duela eta bere emozio behinenak bildu behar dituela, irakurle bezala alegiazko munduetara egiten dugun bidaia horretan bizitzarako sendabide bat aurkitu dezagun. Edo sendabide baten fantasia. Azken batean, Harkaitz Cano literaturan bizitza bat aurkitu duen idazlea da, eta, bizitzan, literatura asko.
Eta ez da harritzekoa aita sinbolikoarekin egiten duen ariketa horretan Cortazar hautatzea. Miretsia izateaz gain, maitatua da Cortazar idazleen artean. Eta gurean ez dago Cano baino idazle cortazartarragorik. Biek aurkitzen dituzte narrazio interesgarrienak fantasiaren eta errealitatearen arteko puntu telurikoetan. Biek dute egunerokotasunaren elementurik arruntenetan –aulkiak, katuak, telefonoak– lotura onirikoak aurkitzeko gaitasuna. Biek dute esperimentatzeko gogoa, eta esperimentatzeko gogo horretara eramaten dituen bulkada hori bietan da idazle batek izan dezakeen sanoena eta nobleena. Jostaketaren eta plazeraren bulkada. Azken batean, jazz musikari batek beti nahi du egiten dakien hori beste modu batean egiten ikasi, eta jazzarekiko maitasunak ere batzen ditu Beluna Jazz eta El perseguidor liburuen idazleak.
Irati Jimenez, “Bizitzako egiazko gezurren bila:
Harkaitz Cano bere literaturaren errebaletan”,
Mecanografiak: Harkaitz Canoren ipuinen antologia bat,
Txalaparta, 2018
