Lehia nobletik asko ei du boxeoak

Mike Tyson eta Evander Holyfield MGM Grand Garden Arenan 1997ko ekainaren 28ko borrokan

Norgehiagoka ez da Las Vegasen izanen ziur aski. Infemu beheragokoren batean akaso. Nik dakidala. Van Goghek ez zuen sekula ring bat margotu, baina bai bilarreko mahairik, eta azken finean antzekoak dira biak. Van Goghen aurpegiak ere ez al zuen boxeolari traza? Biak nor baino nor imajina ditzaket, belarri bana bakoitzak, bien artean parea osatuz: Van Gogh boxeo eskularruak soinean dituela eta Holyfield berriz oleoak margotzen bere pultsu horrez gero dardartiaz, lantzean behin, belarria dagokion lekuan ondo josita ote duen ziurtatzeko hatzez josturak laztanduz.

Holyfielden belarri zatia garbitzaileak aurkitu omen zuen lehia ospatu zen eskenatokitik denak aldeginak zirenean, majoretten girnalda, zigarrokin eta Bud-Weisser garagardo lata hutsen artean. Eta zirujiak egundoko mirariak egiten ditu egun. Van Goghen garaian ez zen halakorik. Baina ez zen alferrik Van Gogh pintorea: honez gero margotu dio bere buruari belarri berri bat ispiluko autorretratoan. 

Aipatzen dudanetan jendeak sinesten lanak izaten baditu ere, gure etxean boxeozale bakarra amona dugu, eta zerbaitengatik izango da: lehia nobletik asko ei du boxeoak. Zer nahi duzue esatea, boxeoaren alde erromantiko-bogartianoa maite dut nik, bertsolaritzan egiten den tongo leunetik haraindira doan iruzurra, kirofanoko argipean dagoela dirudien ring-a kez inguratua, eskularruen barruan ezkutaturiko burdin pusketak… Boxeoaz dudan irudiaren barruan sartzen da atabismo ateraldi basati batean boxeolari batek besteari belarrian kosk egitea, komunikabideen bazka bihurtuz, Harakin eta Kanibal izengoitien hartzekodun. «Holyfield munduko txapelduna da, ez al du munduko txapelduna izaki belarri bakarrarekin borroka egiteko potrorik?» esan omen zuen Tysonek, eta esaldi hori ere, boxeoaren estetikan kokatzea ez zait kostatzen batere, Las Vegas urrunegi dagoelako niretzat. «Ez al du munduko txapelduna izaki belarri bakarrarekin borroka egiteko potrorik?» dioenaren umore lerdoak —edo roskaz pasatako zinikoarenak, nahi duzuena— ez nau eskandalizatzen. Esango didazue ez naizela sekula konbate batean izan, nik diodan hori zeluloidea dela, liluratura hutsa. Arrazoi duzue.

Baina denok izan dugu noizpait norbaiti belarrian kosk egiteko tentazioa, eta aitortu nahi ez duena konpon dadila bere kontzientziarekin. 

Harkaitz Cano

«Holyfield versus Van Gogh», Euskaldunon Egunkarian, 1997ko uztailaren 7an

 

Van Goghen estudioaren gaineko sesioa kandelen argitan, S.Koldehoff, 2013

Joe Frazier Noord-Hollandera heltzen 1977ko maiatzaren 15ean. Hans Petersen argazkia