Lagundu behar izan eutson gure Estebanek Le Petit Gironde periodikoko korrespontsalari

Crónica taldearen Guernica, 1971. Detailea

Gasteiz, 1937

Zazpi neba-arreba ginen eta bera hirugarrena. Laukizen bizi ginen, baina han ez egoela bizimodurik esan eban aitak eta Mungiara etorri ginen. Hemen biziko ginen harrezkero, Mungiara Gatikatik datorren bidean. Etxeko beheko partean tabernea gendun, eta ganeko pisuan bizilekua. Hantxe eukiten ebazan Estebantxuk liburuak, Paul Verlaine, Xabier Lizardi, Maurice Maeterlinck, Agirre’tar Txomin, orduan eskribietan zan lez, Federico Garcia Lorca eta halakoenak. Gelea atonduteko sartu eta berak leiduten erabilen liburua zabalduten neban. Berak markagailua itxi eban orrialdea leiduten neban nik. Berak erakutsi eustan berba hori, markagailua. Ba nik, orrialdea leidu eta, arreba txikerraren olgetea zan ha, markagailua orriz kanbietan neutson. 

Bilbon hasi zan ibilten eta han geratzeko ohiturea hartu eban, euskerearen, literaturaren eta aberriaren alde lanean, berak serio antzean aitatzen ebazan hiru gauzok. Badira beste ofizio batzuk, baina idaztea gustetan jate, esaten eban, isildutea eta berba egitea biak batera dalako idaztea. Eta euskaraz eskribiduta ixten ebazan papelak mahai ganean, gero neuk atondu beharko nebazala jakinda. Guk euskereari ez geuntson orduan jaramon handirik egiten, erderara errez pasetan ginen, eta gure nebeak igual apropos itxiko ebazan euskerazko papelok eta liburuak be markagailuagaz. Estebantxu zuhurra zan eta, pentsetan dot, markagailua neuk leidutea gura eban orrialdean ixten ebala. 

Espainako militarrak Afrikan errebelau eta, gerra aurrera joanala, bera Euzko Jaurlaritzean hasi zan Intendentziako Komandante karguan. Horra edo hara joan behar izaten eban sarritan, gerrea zelan ebilen ikusteko, baina ez zan egundo gerrea ondo ibiliko. Gernika bonbardatu ebenean, bera hainbat bider bertaratu zan, bonbardeo egunean eta bihamonean, han dana kiskalita eta dana laskituta ikusteko. Edozelan be, hainbat periodista juntetan zan ondiño hor Bilboko Carlton hotelean Gernikara joateko asmoagaz, eta apirilaren hogeta bederatzian, halako bati lagundu behar izan eutson gure Estebanek Le Petit Gironde periodikoko korrespontsalari, honek be erretratuak egin gura ebazalako Gernikan. Juan Ajuriagerrak berak eskatuta joan ei zan gure Estebantxuk kazetari haregaz. Automobila Gernika sarreran gelditu behar izan zan, dana jausita egoen eta pasatu ezin. Estebantxu eta kazetari frantsesa Gernikan barrura sartu ziran, ziudade erreko hondamendi paisajean inor agertu ez arren. Txoferra zain geratu zan, baina pasatu zen denbora eta ez ziran bueltetan. Txoferra zain egon ei zan hantxe luzaroan harik eta tanke bat etorten ikusita billurtu eta alde egin ei eban arte. 

Gernika espainolek hartu eben eta hurrengo egunetan zain egon ginen, ea horrenbaten agertuten ziren, Bizkargitik zehar eskapatuta edo, albistea entzun gendun arte. Heuren irratian izan zan, tropa nazionalek kazetari frantses bat eta gorri separatista bat harrapau ebezela Gernikara biktoriosamente sartutean. Periodista frantsesa libre itxiko eben, Gernika euskaldun sobietikoek erre ebela izenpetu ostean. Esteban Urquiaga Bitoriara eroan eben. Billurgarria zan orduan Bitoria, militarrak, erreketeak, alargunak, politikoak, abade ernegatuak, Condor Legioa bera be hantxe egoan. Guk hara joan ezin eta, ez gendun Estebantxu barriro ikusiko.

Bitoriako Karmeldarren Komentuan sartu eben preso. Jende asko afusiletan eben orduan, bulegoren baten listak egin eta halako, eta halako, eta halako. Norbere izena entzungo ete eban billurrez biziko zan presoa, halako, halako, halako, entzungo zan gero kartzela barruan. Bera gaztea zan, buruduna, balientea, Gernikako bonbardeoko testigua, dena batera hartu eta begibistakoa da bere izenak ez ebala eskapetako bitarterik, eta han egongo zan denpora guztian Esteban Urquiaga Basaras bere izen abizenak osorik adituteko billur haregaz eta egun baten ez bazen hurrengoan argi entzungo ebazala jakinda. 

Gureak suertea eukin eban, bezperatik jakin ebalako afusilatuko ebela, beste batzuk abisurik bako tiroa hartu eta zulora, gureak jakin eban behintzat, gauzak jakitea konsueloa bada. Preso hilabete bi emonda, agurra eskribietako astia be ez jakon falta. Agur Euzkadi, Jaunak naroa Aberri eder argira, eskribidu eban, eta etxean egiten eban moduan itxiko eban papela mahai ganean, eder jatazan euzko bazterrak, eder itxaso zabala, baña oraintxe ederrago jat eriotz onen itzala…

Jesuita bat joan ei jakon azkenengo gabean zeldara. Bera be josulaguna izatekotan egon zala esan eutson gure nebak, gero gerra ostean jesuitak berak kontau euskunez. Gure nebak beragaz berba egiteko gogorik ez ebala ikusita, jesuitak lo egin gura eban preguntau ei eutson.

Leiduten geratuko naz esan ei eutson Estebantxuk.

Eta leiduten geratu zan. Bonbilla izetuta itxi eutsien, beste mesede hori be egingo eutsien behintzat azken orduetarako. Eta bera izarrik geratuko zan, liburua leiduten, heriotzaren aurreko bakardade itzel haretan.

Jesuita hori barriro sartu ei zan zeldara goizeko seietan, soldaduak Estebantxuren bila heldu orduko. Gure nebea, liburua mahai gainean itxi eta soldaduen zain zutunik geratu zala kontetan eban. Eta boten zaratea pasilloan entzuten hasi zan momentuan, liburua eskuan hartu, orriak pasatu eta markagailua sartu ebala orrien artera, leidutea geroko ixten danean egiten dan moduan, liburua mahai gainean ixteko atzera. Eta Esteban eroan ebenean, zeldan geratu zela apur baten, eta liburua zabaldu ebala, harrituta, badaezpadan, Estebanek markagailua itxi ebalako liburuan, ate haretatik urten ezkero bueltarik ez eukala jakin arren. 

Ekainaren hogeita bostean hil eben, goizeko bost eta erdiak aldera, Santa Isabel kanposantuko hormaren kontra. Gure Estebantxuk hogeita hamabi urte bete orduko.

Zein zen liburua galdetu neutson, baina ahaztuta egoen jesuita hori. Ezin zala ejekuzinoak bertatik bertara ikusten ohitu, esan eustan artega. Derrigorrez egon zala bertan ha jazo zanean. Eta ez ebala zein liburu zan begitu be egin, gure nebak momentu haretan orrien artean itxi eban markagailua geratu jakola bakarrik gogoan. Ezbaia, ea zegaitik itxi eban markagailua orrien artean, gauzek bueltarik ez ebela jakinda.

 

Joseba Sarrionandia

«Liburua», Nabarra aldizkarian argitaratuta

Gernikako erdialde suntsitua bonbardaketaren ondorenean