Kamerari musu eman eta une batez, objektiboa lurruntzen zuen unean
Hiruzpalau egun iraun zuen grabatutakoa ikusteko errezeloak. Ikusi zuenean, ordea, lotsatzetik urrun, kitzikatua sentitu zen ostera ere. Berotu egin zen bere hasperen faltsuen sinesgarritasunarekin, berotu geroxeago benetako bilakatu ziren suspirio horiekin. Bere buruarekin gozatzeari ezin utzi. Sexuan horixe bilatzen zela iruditu zitzaion: plazer ezagun baten errepikapen etengabea, bariante ezezagunekin. Bariante ezezagun horien faltak eragiten zuen bikote askok elkarrekiko grina sexuala galtzea, bariante ezezagun horiek ziren etengabe, eta askotan modu burugabean, ohiko bikotea ez zen beste norbaiten besoetara bultzatzen gintuztenak. Pantailan ikusitakoa imitatzen hasi ahala, bere intziri benetakoak intziri grabatuekin nahasten joan ziren. Grabazioan ez bezala, hizketan hasi zen, bere bariazioaren bila: «Hau bai dela ona, urtzera noa, azkarrago, ai ama, azkarrago…».
Deliberoa hartu aurretik behin eta berriro ikusi zuen grabazioa, ezpainekin kamerari musu eman eta une batez, objektiboa lurruntzen zuen unean, bere aurpegia aski itzalean geratzen zela ziurtatzeko. Ez zuen inork ezagutuko. Gero, orrialde pornografikoen doako menuak zituzten webgune horietako batera igo zuen bere ariketa onanista.
Harkaitz Cano
«Paper requiem», Twist, Susa, 2011

