Ispilua, animalia hura, zauritzeko bide bakarra
Odol hari fina ikusi zuen ispiluan, lepoan behera zetorkiola. «Ispiluak piztia arriskutsuak dira» otu zitzaion orduan, ispilu alabastrotua bere zauriaren erruduna balitz legez, eta, odola kleenex batekin xukatu ostean, Crotalus Golf Prof lozioaz igurtzi zituen lepo-masailak. Ezpainak mihiaz busti zituen.
Konketako iturritxoa irakita utzi zuen amiñi bat oraindik, ur beroak lurrun apur bat sortu eta ispiluaren erdialdea nola lausotzen zuen ikustea gustuko baitzuen. Lurrun hori bera zen akaso ispilua, animalia hura, zauritzeko bide bakarra.
Harkaitz Cano
«Ispiluak animalia higuingarriak dira», Telefono kaiolatua, Alberdania, 1997

