Irabazi egin ete genduan azkenean guda? Euzkadi azke ete da?

Estepan Urkiaga Lauaxetaren erretratua

Autoen itxura bitxiak XXI. mendean egon zitekeela pentsarazi zion Lauaxetari; inguruak, berriz, zehazki zergatik ez bazekien ere, Gernika ekartzen zion gogora. Horretaz pentsatzen ari zela, «Gernika Garbiketak S.L.» errotulua irakurri zuen ondoko bidetik igaro zen furgoneta txuri batean. Gernikan baldin bazegoen, urte mordoska bat izan behar zuen iragana herria suntsitu zuen bonbardaketatik.

Bankutik altxatu eta ertzain-autoa igaro zen norabidean abiatu zen oinez. «Ertzaintza» zioen errotulu batekin egin zuen topo bat-batean; «Gernika-Lumo. Don Tello Kalea», zioen bestaldeko etxeetako batean erantsitako plakak; aurreraxeago, Arriaga jauregia ezagutu zuen, bonbardaketaren ostean Gernikan zutik geratutako etxe bakanetako bat. Ertzaintzaren Gernikako komisariaren aurrean zegoen, beraz, eta faxistek atxilotu zuten lekutik gertu. Atxilotu zutenek lotu zizkioten unean, esku zurbil biak dardarka zituela ekarri zuen gogora Lauaxetak; ezin izan zuela ezer egin izuaren agerpen lotsagarri hura eragozteko.

Bonbardaketatik hiru egunetara izan zen atxiloketa hura, 1937ko apirilaren 29an. Guztiz suntsitua zegoen orduan Gernika, baina Andra Mari eliza eta Juntetxea osorik geratu ziren. Osorik ote ziren oraindik? Zutik iraungo ote zuen Gernikako Arbolak? Lauaxetak bazekien jada non zebilen, bazekien norantz jo; berehala agertu zitzaion begien aurrean Andra Mari eliza, eta agudo heldu zen Juntetxearen atarira ere. Harritu egin zuen sarreran zaindaririk ez ikusteak. Barrura sartzen hasita, ordea, konturatu zen sarrera ondoko garitaren barruan, aulki batean eserita, gizon bat zegoela; ertzain bat seguru askorik, arestian ikusitako ertzain-autoko poliziak bezala baitzegoen jantzita, txapel eta jertse gorriz.

Ertzain-autoan zein kaleetako plaketan euskarazko hitzak irakurri berria zen arren, zalantzak izan zituen ertzainarekin zein hizkuntzatan mintzatu. «Tira, ez hadi koldarra izan», esan behar izan zion bere buruari. «Ez habe euskaraz berba egiteagaitik fusilatuko. Zentzunbakoa izango litzatekek horretarako berpiztu izana».

—Jaungoikoak egun on emon deigula, ertzain jauna.

—Berdin —erantzun zion, aurrean zuen despistatu itxurako gorbatadun bitxiaren solemnitateaz harrituta, garita barrukoak.

—Jakin gura neuke… zera… Ba dago barrura…?

—Sartu, sartu lasai, gizona. Libre da sarrera.

—Mila esker, ertzain jauna, mila esker…

Gernikako Haritz Zahar aspaldi ihartua zegoen kanpoko lorategian, baina hari begira geratu barik jakinminak barrura bultzatu zuen Lauaxeta. Batzar-aretoa presaka eta aztoratuta zeharkatu ondoren, Gernikako Haritz bizia agertu zitzaion begien aurrean, 1860an landatutakoa, eta harexen aurrean geratu zen pixka batean, hunkituta.

Haritzak «Euzko lur gañian zutunik» zirauela ikusteak ez zion, alabaina, erabateko argitasunik ematen Lauaxetari berpiztu eta ertzain-autoa ikusi zuen unetik buruan bueltaka zituen bi galderen inguruan: «Irabazi egin ete genduan azkenean guda? Euzkadi azke ete da?». Galdera haientzako erantzunen bila, zuhaitzaren ondoa utzi eta han-hemenka argazkiak egiten ari ziren turista-bisitarien artean ibili zen batetik bestera, inguruak miatzen. Inorekin mintzatzeko lotsa eta beldur zenez, Leiarpeko aretoa deritzonean ezarritako informazio-taulen irakurketan murgildu zen, urduri.

Buruan zituen galdera haietako baten erantzuna aurkitu zuen tauletako batean. «Euskaldunen Herria / El País de los vascos» zen taularen izenburu nagusia. Izenburua bezala, euskaraz zein gaztelaniaz irakur zitezkeen paneleko testuak. Euskaraz irakurri zuen Lauaxetak: «Euskal Herria edo Euskadi euskaldunen herria da. Sustrai sakoneko herria dogu, kultura berezia daukana eta hizkuntza bereziaren, euskerearen, jabe dana. Zazpi herrialdek osatzen dabe Euskal Herria eta hiru administraziotan banatuta dagoz: Euskal Herriko Autonomi Elkartea eta Nafarroako Foru Komunitatea Estatu Espainiarrean, eta Iparraldea Estatu Frantseseko Pirineo Atlantiarren Departamentu barruan». Eusko Legebiltzarraz mintzo zen taula beste testu batean: «Euskadiko Autonomi Elkarteak bere Legebiltzarra dauka. Legebiltzar horretarako Jatorrizko Lurralde bakotxetik 25 Legebiltzarkideek Lehendakaria hautatzen dabe, Eusko Jaurlaritzaren buru izan daiten, Gernikako Estatutoan autortutako aginpideen arabera. Euskal erakunde biok —Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak— Gasteizen dauke egoitza ofiziala».

Ez zuen 1936ko uztailean piztutako gerra aipatzen zuen inongo taularik aurkitu Juntetxean. Ezin zuen, horrenbestez, gerra hura nola amaitu zen jakin, baina, han emandako ordubetean ikusitakoak ikusita, gerra hura bere burkideek irabazi zutelakoan zegoen, Errepublikaren indarrek faxisten erasoari azkenean ere aurre egiten asmatu zutelakoan. Nekez uler zitekeen bestela Euzkadiko hiru herrialdek autonomia izatea, Legebiltzarra, Jaurlaritza, lehendakaria… Eta ertzainak!

Erabateko baieztapen ziurra nahi izango zukeen, baina garitako ertzainaren aurretik pasatzean ez zen hari galdetzen ausartu. Gainerako bisitariak imitatuz, ertzainari diosalik egin gabe irten zen Juntetxetik.

 

Juan Luis Zabala

«Arrats beran», Agur, Euzkadi, Susa, 2000

Bi soldadu frankista Gernikako arbolaren aurrean bonbardaketa ostean. Argazkia Gernikazarra

Ezker abertzaleko karguak Espainiako Juan Carlos I erregeari Eusko gudariak kantatzen Gernikako Juntetxean 1981eko otsailaren 4an