Herdoilaren tristeziarekin batera

Polizia prostituta bat atxilotzen, Mary Tapognaren irudia

Herdoilaren tristeziarekin batera,
ziutate honen soinekoa udazkenetan lanbroa da;
eta bere sabaia laino baso bat,
non bizi den ilargiaren badaezpadako agonia.
Eta kalatxorien habi eskaleen sakelak,
eta sukalde proletarioaren argi urdinskak
murraila erraldoiaren begi gauero.
Zubi zaharrenetatik
ibaiari so berripaper saltzailea
hitz ezezagunen hiztegi bati bezala;
bus txofer batzu bozeolari hilaz mintzatzen,
apatridak bailiran trenak
memoria karrilen fatalitatean galduz;
denboraren oihal xinglea arratsezkoa soilik;
arrabita baldarren nostalgia kantoietan,
eta harantzago mozkorrak,
kalegarbitzailearen beilegi bizia,
beste zubi bat, prostitutak.

Bernardo Atxaga

«Herdoilaren Tristeziarekin batera», 1978

Prostitutak lanean Broadway eta 55th Street artean 1970ean, Edward Grazdaren argazkia