Hau muturreko pila!

Boxeolariak Gipuzkoan 1952. urtean. Marin Funtsa. Paco Mariren argazkia, Marin funtsa. Kutxa Fototeka.

Hau muturreko pila jaso duguna. Begiondoak ubelduta jarri dizkigute, ezpainak zartatuta, masail hezurrak okertuta. Bekainak irekita dauzkagu, sudurra kraskatuta. Hortzetakoak galdu ditugu lehen crochet-arekin batera. Izerdia eta odola aurpegi dislokatuetan. Bigarren direktoarekin atzera bota gaituzte, soken kontra. Edonondik datoz kolpeak. Balantzaka hasi gara, nahiz eta zutik oraindik. Crochet-ak eta hook-ak bata bestearen ondoren. Arnasestuka biriketakoaren ostean. Gero, bat-biko parea eta ukabilkada gibelera. Burua makurtu beharra defenditzeko. Eta makurtutakoan, to uppercut-a! Zangoek ez dute azpian zorua, airea baizik. Eskerrak lehen round hau bukatzear dagoen.

Asalto bakarra jokatu dugu eta ring-etik atera nahi izan gaituzte. Halako swing, jab, hook eta uppercut-ak ezin dira nolanahi saihestu. Puska baterako markatuta laga digute aurpegia. Izan ere, beharko markatu. Hau muturreko pila!

Argazkien flashez zurbildu gaituzte, elkarrizketetako itaunez zorabiatu, telebista kamaren aurrera prantatu. Manager kaskarra aukeratu dugu! Paperetan lausenguen ferekak kolpeekin datoz nahasian. Eta orduan, are zabaltzenago zauriak. Loreak oparitu dizkigute, batzuek haragijaleak. Zutabe bat gure kontura, eta to swing-a! Esaldi bakarrean bat-bi-hirukoak! Gurekin zerikusirik ez duen elkarrizketa batean, hara gozo-gozo kolpe-baxua! Jaso eta jaso. Hau muturreko pila!

Ez gara ordea, zapia lehen round-ean lurrera botatzen duten horietakoak. Ikasteko asko daukagu, eta horregatik ez dugu lehen asaltoan amore emango. Egia esan, nahikoa kolpe gogorrik izan al da, bada, knockout etzateko? Gureak ez dira K.O.zko konbateak ezinbestean. Puntuetan datza kirol honen gakoa. Eta oraindik round batzuk geratzen zaizkigu puntuez zauriak artez josi ostean. Duracell pilak dauzkagu bihotzaren ordez. Beraz, segi gurekin punching-ball-ean. Enkajatzaile onak izaten ikasi berri dugu. Lehenengorako ez da ikasgai merkea. Ondo jotzea adina kostatzen da ondo hartzea. Bejondeigula baselinak.

Ez gara Jack LaMotta, ez Robert de Niro. Prefosta. Ez gara Joe Walcott, ez Rocky Marciano. Jakina. Lehen aldiz amateur bezala igo ginen ring-era, baina ohartu orduko profesionalen pisuetan sartu gaitu Federazioko arbitro taldeak. Hain manager kaskarra aukeratu al dugu? Sartu gara-eta, ez da orain atzerako bueltarik. Eta, neska-motellak, hau muturreko pila!

Kanpai hotsa. Bigarren round-a hastera doa. Arinagoak izan beharko lukete gure dantza pausu eta itzuri keinuek. Hanka-jokoan trebatu bagina gimnasioko soka-saltoan —herri honetan korrika egiten eta denetik saihesten ikasi behar—. Dena den, pausajea baldarra ateratzen bazaigu ere, abisatu ditugu aldez aurretik zuen aginduetara dauzkazuen medikuak. Aurrerantzean ere, jo muturreko pila!

Lubaki banda

«Hau muturreko pila!», Susa aldizkarian, 32. zenbakian, 1994ko uztailean

Boxeolariak Hondarribian 1943ko uztailaren 17an. Kutxa Fototeka

Ringa 1950eko hamarkadan. Paco Mariren argazkia, Marin funtsa. Kutxa Fototeka