Hator, lagun. Konta izkiguk
umetako gerra kontu haiek
Hator, lagun. Konta izkiguk
umetako gerra kontu haiek.
Urbasa, Artxanda, Santoina.
Konta zaiguk zenbait hil ziren,
nola hil ziren.
Nondik nora ibili haiz hainbeste denbora.
Non utzi dituk hire lagunak.
Hator. Konta izkiguk
etxean isila sortzen duten
aspaldiko gauza luze haiek.
Hator harmarik eta bildurrik gabe,
konta iguk berriro nola hil ziren anaiak
anaiak hilda, aberriaren alde
edo Kristoren izenean
edo gerrara bialduta.
Nola anaia bakoitzean aberri bat
isilik gelditzen zen mendian.
Bildur isil bat nola hiltzen zen
hiltzeko bildur zen zemearen azkeneko dardaran,
edozein postura itxuragabetan erorita.
Nola oroitzen zinaten etxearekin.
Zenbait aldiz joan haiz harrez gero
Galdakaora, ez dagoena ikustera.
Nola hiltzen ziren,
kexatu gabe, ezer galdetu gabe,
galduta zekiten gerra batetan,
egun batek bestea zekarrelako bakarrik.
Dena bukatuta zegoen aspaldian eta ezin zuen bukatu.
Gero Burgosera, zazpi urte.
Eta gero
semeak hazita zeuden ordurako
etxean. Dena lehen bezalaxe.Lan eskale.
Eta gero, egunoroko egunak, isil-isilik.
Urteak eta urteak.
Ezer ez. Etxetik lanera, lanetik etxera.
Etxean bakarrik aipatzen zen iraganaldia.
Kotxea, telebista.
Konta iguk nola arbolak zeuden
mendian, mendi euskaldunetan,
eta ez zuten sentimenturik.
Esaiguk zergatik berrogei urte geroago
gerra triste hura gure ariman oraindik dabilen.
Zergatik hildako ezagutu ez dugun hainbeste
gelditu den gure memorian.
Hil ta gero alderdirik ez dagoela.
Zergatik gerra hura ez den sekula amaitzen,
zergatik dagoen frontez beteta egunoro gaua.
Esaiguk zergatik zerbait.
Eta ez badakik, nik esango diat:
hator, lagun,
dena ez da deus izan, deus,
Artxandan, Urbasan, Santoinan.
Joxe Azurmendi
«Berrogei urte honetan», Agiriak: Euskal poetak eta artistak G. Aresti-ren omenez, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

