Gernikako bonbardaketa gai desfasatua da

Gernika suntsituaren airezko argazkia

Guernica Milango Palazzo Reale-n. René Burri, 1953

Guztiz debekatua izan da azken unera arte Euskal Herriko ikuspuntutik geure historia idaztea edo interpretatzea. Martin Ugalderi, Síntesis de la Historia del País Vasco liburuan, 1973an, «independentzia» eta «subiranotasuna» kontzeptuak agertzen ziren bakoitzean kendu eta «autonomia»z ordezkatu zizkioten.

Franco hil eta gero ere, zentsurak kritikatu egiten dio Xabier Mendiguren Bereziarturi foruez eta Gaztelaren jokabideaz ematen duen bertsioa. Piarres Narbaizen Orria liburua ere auzitan jartzen du zentsoreak, Orreagakoa ez omen zelako izan baskoien eta frankoen arteko borroka, baizik eta kristau eta mairuen artekoa.

«Kontzeptu-tranpa» bat erabili ohi da liburuak debekatzeko: konbibentzia nazionala. Liburu bat berez, lege-mailan heldulekurik ez duelako, ezin denean atzera bota, hitz magiko horiek aipatzen dira bidea ixteko. «Konbibentzia nazionalak» esan nahi du ezin direla aipatu zentsuraren gustukoak ez diren gaiak: debekatua dago haustura errebindikatzea, historia erreala gogoratzea, justizia eskatzea… zauriak irekitzea litzatekeelako, mendekua ekar lezakeelako.

Gai madarikatu edo tabu izan dira frankismo garai osoan, adibidez, Gernikako bonbardaketa, gerra zibila, nazioa, foruak, federalismoa. Franco hil eta gero ere, zentsoreek markatu egiten dituzte liburuetan hitz edo kontzeptu hauek, agertzen direneko.

Baina zentsoreburuek onartu egin ohi dituzte. 1977az geroztik, bat-batean, zentsuraren onarpen-balorazioa aldatu egingo da.

Gerra zibila, orain, historia da, aspaldikoa. Gerra zibil barik Gurutzada idatzi behar zela esaten zioten Artetxeri. Orain edozein izendapen onartzen da, erregimena aurrez aurre jotzeko asmoz ez bada.

Gernikako bonbardaketa gai desfasatua da 1978an. Bitxia da: debekatua egotetik derrepente igaro da modaz pasea egotera. Orain eztabaida liteke erantzukizuna Francorena ala Legión Cóndorrena izan zen.

Joan Mari Torrealdai

«Historiaren alorrean», Artaziak: Euskal liburuak eta Francoren zentsura, Susa, 2000

Franco Espainiako V. Feria Nacional del Libro bisitatzen 1944. urtean