«Gernika batailoia» ospetsu egin zuen azken ekintza trenbide baten ondoan zegoen fortifikazio izugarri bat hartzea izan zen

Soldadu estatubatuarrak Omaha Beachen D Egunean, detailea. Robert Capa International Center of Photography

«Egun batean ETAkoak azaldu ziren. Inork ere ez zuen nahi haiekin ezer, ezta Eusko Jaurlaritzak ere. Gehiago esango dizut. Julen Madariaga eta horien epaiketa iritsi zenean eta abokatuak laguntzeko eskatu zidanean, Eusko Jaurlaritzak Baionan zuen ordezkaritzara jo nuen: 

—Aizu, epaiketa bat izango da… 

—Bai, badakigu. Eurek nahi izan dute. Esan zaie horretan ez sartzeko eta, ez dutenez entzun nahi izan… orain ondorioak ordaintzea dute. 

—Aizu, baina hauen gurasoak espetxean egon dira, afusilatuak izan dira, hau da gu hainbeste denboran ereiten egon garen hazia… Lagundu egin behar diegu! 

Baina alferrik. Pikutara bidali nituen eta epaiketara aurkeztu nintzen. Poliziaz beterik zegoen inguru guztia. Eta orduan Monzon ikusi nuen bere zamarrote urdinaz, han baitzegoen Telesforo ere gazte haiei laguntzen, hurreratu eta zera esan zidan Telesforok: 

—Kaixo, Kepa, zer moduz? Uste duzu ondo egiten dugula gazte hauei laguntzen… 

—Telesforo, jakina ba! Gure semeak dira hauek eta, guk ereindako haziaren uzta berria. 

Garondoa hausteko moduko besarkada eman zidan orduan: 

—Ez dakizu zenbat pozten naizen! 

Sartu nintzen epaitegira, eta han zeuden mutil gizarajoak epailearen aurrean. Eurengana hurreratu, Tribunalari bizkarra emanez, eta «Gora bihotzak!» esan nien barru-barrutik, besarkada bana emanez. Auzitegiko presidenteak goitik: «Horiek akusatuak dira, presidentzia hemen dago!». Eta nik zera erantzun nion orduan: «Presidente jauna, hemen gauden guztion artean —eta hor bera ere sartzen nuen— dauden gizon bakarrak hauexek dira. Zeren eta besteek, zaharrak direlako; gaixorik daudelako edo aberastu direlako, borroka utzi egin baitute. De Gaulle jeneralak esan zidan Frantziak ez zuela ahantziko euskaldunek lur frantsesa askatzeko egindako sakrifizioa, eta ikusten dut nolakoa den ordaina: gartzelan sartzen dituzue gure semeak, kriminalak bailiren». Presidenteak «kanpora, kanpora!» oihukatu zuen, eta indarrez atera ninduten, nik mahai eta aulkien hankei oratzen nielarik tatarrez. Eta hurrengo egunean nik nahi nuena, prentsa guztiak: «Ordoki komandanteak De Gaulle jenerala aipatu du Baionako Tribunalaren aurrean…». 

Orduan, De Gaullekin hitz egina zaitugu. 

Montallibet-eko aireportuan izan zen hori, eta Agirre lehendakaria ere han zegoen. De Gaulle zen denen buru, eta soldaduei errebista pasatzerakoan minutu batez egon zen ikurriñari agurra egiten. Brindis bat egin zuten gero, eta nik alde egin nuen, naftalina usaindun ofizial asko baitzegoen han. De Gaullek deitu egin zidan eta orduan esan zidan sekula ahaztu ez dudan hura: «Frantziak sekula ez du ahaztuko bere lurra askatzeko euskaldunek egindako borroka». Ikusten duzu hitz haiek haizeak norat eraman dituen… De Gaullen hitzak frantsesei aurpegiratzeko aukera franko izan dut tamalez, geroztik. Gure koronelari eman zioten Gerra-Gurutzea eskuetan hartu zuen De Gaulle jeneralak, eta mun eman ondoren Agirreri eman zion.

Alemanen kontrako Erresistentzian egin zenutenagatik izango zen Gerra-Gurutze hori…

Bai, La Rochelle eta Verdun aldean ibili ginen. Hogeitamar edo berrogei mila aleman zeuden han, Francok bidalitako txokolate, tabako eta lataz ondo hornituta. Gero «40. kota» deituan aritu ginen, Pointe de Gave-n. Odol asko isuri zuten euskaldunek alemanen kontra. Miresgarria gure mutilen portaera frentean «Gora Euskadi!» oihura. Eta duela gutxi hila den Iñaki Aspiazu, benetako gizon handia, gudarien artean bat gehiago bezala uniforme eta guzti, gurutze batek bakarrik bereizten zuelarik. Gure azken ekintza, «Gernika batailoia» ospetsu egin zuena, trenbide baten ondoan zegoen fortifikazio izugarri bat hartzea izan zen. 

Zaila izango zen hori lortzea.

Ba pentsa. Gure aurretik «Leclerq batailoia» saiatu zen, tanke eta guzti, eta birrindu egin zuten arrasean tiratzen zuten alemanek. Abisinioek ere ez zuten deus lortu. Deitu ziguten orduan, eta erasotzeko agindu: arratsaldeko bostetarako hartua izan behar zuen eta ezin genuen atzera egin % 70etik beherako bajekin. Egun horretan ez zela presorik izango adierazi zidaten. Bi egun lehenago Berlin erorita, gerra bukatzear zegoen. Hala ere, ordura arte ongi jokatu genuela, eta Euskadiren izena goian utziko genuela erantzun nien. Jose Antonio Agirreren telegrama bat ere hartuberri genuen animoak ematen. Oso bataila gogorra izan zen eta zauritu asko izan genuen, baina azkenean Karlos Igiñiz tenienteak bandera nazia kendu eta ikurriña ipini ahal izan zuen. Material asko hartu genuen eta honantz bidali gordetzeko. Frantsesek preso alemanak hil ez zitzaten ere gogor egin behar izan genuen: agertzen dira haietako batzuk Jose Antonio Agirrerekin egindako argazki batean. 

 

Kepa Ordoki

Xabier Amurizaren elkarrizketa, Euskadi ta Askatasuna, Luis Nuñezek koordinatutako taldea, I. liburukia, Txalaparta, 1993

Adolf Hitler eta Francisco Franco Hendaian

Euskal errefuxiatuak Baionako katedralean egindako itxialditik ateratzen