Francis Picabiak munduko boxeo txapelketa Barcelonan jokatu zueneko
Francis Picabiak munduko boxeo txapelketa
Barcelonan jokatu zueneko,
Gauza guztiak esanak zeuden jadanik agian
Adibidez: Bidaia luzetan bihotza zartatzen zaie
Kargako tren ilunei
edo
Makinista guztiek nigar egiten dute Akratik pasatzean
Badakigu bederen, trés normal, trés normal,
ez dela posible lehen pertsonan mintzatzea;
Eta egunero irakurtzen dugu etxebarneko pozaren
Hainbat oinarriren izena: Zorionak
Yogurth fantastikoekin aurreratuko dugun diruagatik,
Zorionak zimurrik gabeko arropa horregatik,
Zorionak gure esku dauzkagun mila eltzeko misterios
Horiengatik, zorionak, zorion beroenak;
Zorionak for me, zorionak for you, zorionak denontzat
Eta esan zuen Ezra zaharrak aspaldi, klitxeak beti klitxeak
Edo txikleak zapore guztitan, orange, citron,
Dragon hau baino hoberik ez ziagon;
Edo hark esan zuen bezala, bera da politena, asko maite
dut;
O-nou O-nou erantzun zigun Malonek,
Zerbait egin behar zela eta muturra sartuz
Baionako barraraino;
Eta nik ere berresan ditzaket zenbait hitz:
Etxetik irteterakoan
Bide berri edo sekretuen bila ipurdia galtzen zuen
gizonaren kasoa,
Oso gai ona filme batetarako;
Edo hutsala fita doratuko zigarroaren fantasia
Nueva Yorken, eta toki guztietan Nueva York, o-nou
O-nou, zer moduz, comantalevu, eta abar, eta abar.
Bernardo Atxaga
Etiopia, hirugarren argitalpena, Erein, 1988


