Ezin zuen beste norbaitekin bere emagaldua engainatu

Big Ben-en konponketa 1950 urte inguruan

Auzoan gora presaka zihoan erlojugilea, hirian errari zebilen azeri eria balitz bezala. Negar egiteko premia nabari zitzaion, baina horretarako, bere emagalduaren besarkada behar zuen. Artilezko txapela eskuan zeraman, eta espaloi ertzetan lohiarekin nahasten ziren itzalen irainei eta algarei entzungor, kale estu bateko horma arrakalatuan neoizko hodi moreek marrazten zuten ezpainetara zuzendu zuen pausoa automatikoki. Ezpainek, ongietorri modura, musu elektrikoak banatzen zituzten, lehen maitale nerabe lotsatien parekoak: orain bai, orain ez. Klubeko sarreran, goitik behera erortzen ziren plastikozko sugeak ziruditen gomazko lokarrietan kateatu, eta haragizko zerbitzua ordaindua zeukan bezero batekin egin zuen estropezu. Erlojugileak, bultzada eskergaitzez, uko egin zion kalerantz ateratzen ari zen arrotzaren laguntza jasotzeari. Ziurrenik, erlojugilea ez zelako fidatzen narruzko eskularru beltzak zeramatzaten ezezagunez. Eta erreparatu ez bazion ere, arrotzak narruzko eskularru beltzak zeramatzan, eta beroki zabal eta kapela gris iluna, eta bizar luzeak. Kaleak jan zuen arrotza, ezpain moreek erlojugilea. Ezer eskatzeke, barra gurutzatu eta emakumez mozorrotutako agure bat ediren zuen okumezko atez beteriko korridorearen sarrera zaintzen. Honi

bai, honi «betikoa» eskatu ziezaiokeen.

—Betikoa.

—Sentitzen diat, laztana, baina gaur ezingo duk izan –emakumezkoarena izan gura zuen agurearen ahoskera mozorroa bezalakoa zen: patetikoa–. Okupatuta egongo duk gau guztian, sei gaztek hartu diate, badakik nolakoak izaten diren errekruten baimen egunak.

—Nahi duana ordainduko diat, baina gaur behar dik izan.

—Adi ezak ondo, motel –oraingoan agureak berezko ahoskera hartu zuen, eta zeraman jitea are patetikoagoa gertatu zen–. Bi aukera dituk: hire sosak beste puta batekin xahutu edo, gura baduk, tragoa hartu eta etxera erretiratu ezkila han jotzera.

Bigarren aukeraren aldaera izan zitekeen hirugarren aukera bat zegoen, eta erlojugileak bide hori hartu zuen. Etxerakoa. Ezin zuen beste norbaitekin bere emagaldua engainatu; eta ezin jasan ahalko zuen, tragoa hartu bitartean, horren gertu, sei mukizuk bere emagaldua nola izorratzen zuten ezinbestean irudikatzea.

Ezpain moreek musu emateari utzi zioten, emakume izena zeukan zubi berritik erlojugilea igarotzen ikustean.

 

Asier Serrano

Erlojugilea, Txalaparta, 2009

Brassaï ezizenarekin ezagunago izan zen Gyula Halász Paris eta paristarrak erretratatu zituen hamarkadetan