1954eko irailaren 9an Cornuallesko Castle Doren egindako Gorshed zeremonia, berton, Jon Mirande bardo izendatu zuten. Charles Woolf Slide Collection

Eusko testigantza

Eusko testigantza

Maiz pentsatzen dut zugan, druida zahar horrengan… Bere bizitzaren bukaera aldera soilik nuen ezagutu Abred-en Artonovios, nire lagun Glémarec eta Goulven Pennaod-i esker. Baina gure harremanek iraun zuten urte-mordoskan barrena, berriki zendu den arte, balioztatu ahal izan dut gizon honen nortasuna gizon gizatiarra, gizatiarregia inondik ere hainbat ikuspuntutatik zeinen ohikoaz gaindikoa zen. Egia baldin bada, Pennaodek Ar Vron idatzi duen bezala, gaur egungo bretoi emskiantek batentzat ez-ezaguna izan daitekeela Breiz Ataoren fundatzailea, gaixo urrikalgarri Bretainia bera. Ez baitut uste eskergabezia inola ere bertute bat denik, ezta nazio bati buruz ari bagara ere.

Niri dagokidanez, bretoi ez izan arren, ezta zelta ere, Morvan Marchal-ekiko tratu-sarritasunak eragin handia izan zuen nire hezkuntzan. Hark, «Iberiar»tzat baininduen (puntu honetan, iragan mendeko hizkuntzalari eta etnologoen pentsaerei atxikia zen), druidena berena baino antzinagokoa zen tradizio mendebaldar baten ordezkari bat aintzatesten zuen nigan. Nolanahi ere, elkarrekin izan genituen elkarrizketa luzeei zor diet, neurri batean, hidro-ezti godaletakadak ausarki edanez eta huntaz eta hartaz mintzo ginelarik Jainko zeltiarrengandik hasi eta gure landa-herrietako sorginenganaino, nik neuk euskal mito zahar aurre-kristauen zentzua berrulertu eta berauetatik ondorioztatu ahal izana, erlijio baten lehengaia ez bada ere, motibo berriak bai bederen gure literaturgintzarako, eta, are, baita motibo pertsonalak ere neure bizitza eta ekintzarako.

Ez nekien Marchalek, bere azken urteetako idazlan neo-paganoez landa, beste poema batzuk ere idatziak zituenik. Glémareci esker, ordea, nerabezarotik beretik atertu gabe landuak zituen bertsoen berri jakin nuenean, ez nintzaion berorien balio literarioari lotu bere bizitzarengatik izan baitzen, berez, Marchal benetako poeta, baizik eta bertsook bere egilearen izpiritu-bizitzari buruz dakarten testigantzari, zeinak, bestalde, gure arteko beste hainbatenaren antzeko bilakaera bat adierazten baitu, katolizismo tradizionalista chouan nahiz karlistatik hasi eta, nazionalismo etnikoan barrena, «neo-paganismo»raino. Dena den, bilakaera ote? Izan ere, jarrera espiritual berdin eta bera da, Mendebalde-Muturreko gure paganiek zuten berbera, beren arerio komunaren aurka zuzendurikoa beti ere, hots, demokratismo berdinzalearen aurka, zeina bere nahikeria unibertsalistekin benetako tradizio ororen etsai bai baita (nahiz eta Marchalek berak ere berorren ukituren bat edo beste izan, bere burua proud’honzale eta masoitzat baitzuen). Demokratismo hori ageri da, helas, gaur egun garaile, baita gure etnien hainbat ordezkarirengan ere, vernaculaire deitu ohi zaien herri-hizkuntzetan ere adierazten baita.

Baina diosala hiri!, Druida Maisua, aspirazio zeltiar bat frantsesez adierazi huena. Zure anaonak beude atsedenean eta elika bitez betiereko jakinduriaz Gwenva horretan, non gu ere, zure dizipuluok, Sukellos-en, Odinen, Ortziren eta are Apoloren leialok, aurkituko baikara beti, denbora eta espazioaren ilusioaren despit.

Jon Mirande
«Témoignage vascon», 1965eko otsailaren 25ean,
Morvan Marchal; Chants du porhoet: Poèmes Gallos argitalpenean.
Joxe Austin Arrietak frantsesetik itzulia

Mikel Soto

Euskal literaturgintzarako motibo berriak hidro-ezti godaletetatik

Morvan Marchal

«Eusko testigantza» da Jon Miranderen idazlan ezezagunen sorta honetan itzulitako lehena, idazleak bretoieraz idatzitako artikuluen xerka ari nintzela aurkitu bainuen Sarean idazkiaren berri eta, beste idazkien kasuan ez bezala, digitalizatutako alerik aurkitzen ez nuenez, Bretainiako Alain Cano liburu saltzaileari 60 euroren truke erosi nion mundu zabalean aurkitu nuen ale bakarra, 2021eko maiatzean, pandemia betean oraindik. Aldizkaria jaso eta Mirandek berton frantsesez argitaratutako «Témoignage vascon» artikulua euskaratzeko laguntza eskatu nion Joxe Austin Arrietari, berak beti bezain eskuzabal egin zuena urte hartako udazkenean.

Nor da Miranderen artikuluaren eta hura argitaratutako aldizkari osoaren leit-motiva den Morvan Marchal? Morvan Marchal, Maurice Marchal bataiatua, 1900eko uztailaren 31n jaio zen Bretainiako Vitré herrian. Ikasketaz arkitektoa, funtsezkoa da bere ekarpena Bretainiako abertzaletasunari, besteak beste Gwenn-ha-Du-ren sortzailea delako, hau da, Bretainiako bandera diseinatu zuelako. 

«Eusko testigantza» artikuluan, Mirandek abertzale bretoiaren ibilbidea laburbildu zuen, bere esanetan, Marchalen ibilbidea, pertsonala izanik badu kolektibotik eta, kontutan hartuta Marchal aurreko belaunaldi batekoa dela, ulertu behar dugu harentzat aurrekari bat dela bide horretan: «gure arteko beste hainbatenaren antzeko bilakaera bat adierazten baitu, katolizismo tradizionalista chouan nahiz karlistatik hasi eta, nazionalismo etnikoan barrena, neo-paganismo”-raino. Dena den, bilakaera ote? Izan ere, jarrera espiritual berdin eta bera da, Mendebalde-Muturreko gure paganiek zuten berbera, beren arerio komunaren aurka zuzendurikoa beti ere, hots, demokratismo berdinzalearen aurka, zeina bere nahikeria unibertsalistekin benetako tradizio ororen etsai bai baita (nahiz eta Marchalek berak ere berorren ukituren bat edo beste izan, bere burua proud’honzale eta masoitzat baitzuen)».

Bere ohiko argitasun eta graziaz laburbiltzen du Mirandek Morvan Marchalen bizitza, batere erraza ez dena, konplexua eta betea baita humanoan zein politikoan. Saiatuko naiz artikulu honetan bretoiaren bizitzaren hala-nolako ibilbidea egiten, batez ere Jon Miranderen ezagutza eta ulermenarentzat interesgarriak diren gertakizunak nabarmenduz. 

1918an, Morvan Marchalek, hainbat lagunekin batera, Talde Erregionalista Bretoia sortu zuen, bere helbudura, estatutuen arabera, «aberri bretoiaren altxatzea» zuela. Urtebete geroago, 1919ko urtarrilean, Breiz Atao hilabetekaria martxan jarri zuen, hasiera batean «erregionalismoa eta autonomia administratiboaren» aldekoa zena. Aldizkaria berehala Eliza katolikoaren jopuntu bihurtu zen, bere ustezko neutraltasun erlijiosoagatik. Hala, erakunde erlijioso horrrekin tentsio betean, 1924an, Marchalek berak katolikoek egiten zuten mugimendu bretoiaren «monopolizazio saiakeraren» kontra idatzi zuen.

Aurretik, 1923an, Gwenn-ha-Du deiturikoa diseinatuko du, Bretainiako abertzaleen ikurra, Estatu Batuetan eta Grezian inspiratua, bi herrialde hauek askatasunaren sinbolotzat baitzituen Marchalek. 

1920ko hamarkada amaieran, Alderdi Autonomista Bretoiko joera federalista eta ezkertiarreko kide zen eta, zentzu horretan, 1934an ezkerraren batasunaren alde idatziko zuen, «autodefentsa antifaxista komiteak» osatzeko deia eginez. 1938an, gainean zegoen mundu gerraren kontrako Bretoi Federalisten Manifestua sinatu zuen beste hainbat lagunekin. Manifestuak bere helburuen artean argi nabarmentzen zuen «Bretainia eta Eliza, Bretainia eta erreakzioa, Bretainia eta Frantziaren aurkako ume-jaidura, Bretainia eta kapitala, eta are gutxiago Bretainia eta arrazakeria nahastu nahi ez dituzten gure herrikideak elkartzeko behar ezinbestekoa».

Masoia zen Marchal, baita druida ere, eta jarduera hauetarako Maen Nevez edo Artonovios izena erabiltzen zuen. 1942an, gerra betean, Nemeton aldizkari neodruidikoaren editorea izan zen. Berton, druidismoari buruzko ikerketatik haratago, erlijio katolikoak Bretainian izandako eragin negatiboa salatzen zuen eta, arrazatik eratorritako anaitasun baten bidez, Alemaniaren inguruan bortxaz sortzen ari zen «Europa berria»rekin batzea proposatzen zuen. Posizio ideologiko hauetatik,  Bigarren Mundu Gerran armada alemanaren garaipenaz publikoki poztu zen Nemeton aldizkarian, baita Frantziaren porrotaz ere. 

Horren ondorioz, Aliatuek Frantzia askatu ondoren epaitua izan zen indignité nationale delitua egiteaz akusatuta. 1944ko abenduaren 26an emandako aginduaren arabera, indignité delitua zen «1940ko ekainaren 16a baino geroago, Frantzian zein atzerrian Alemaniari edo haren aliatuei jakinaren gainean laguntza zuzena edo zeharkakoa ematea, edo nazioaren batasunaren edo herri frantsesaren askatasunaren edo arteko berdintasunaren aurka egitea».

Marchali Alemania naziarekin hartu-emanak izandako Olier Mordrel abertzale bretoiarekin harremanak izatea eta Renneseko SSetako inteligentzia zerbitzura joatea leporatu zioten eta auziperatu. Bere epaiketan, hainbatek Marchalen jokabidea Erresistentziari lotu zuten, beste hainbatek Gestapoko SR 779 54 agente gisa identifikatu zuten bitartean. Prozesuan salaketa larrienetatik absolbitu zuten, baina Renneseko Ganbera Zibikoak 15 urteko duintasun-gabezia nazionalera kondenatu zuen, 1951ko urtarrilean amnistia eman zioten arren.

Horren ostean, Pariseko aldirietara bizitzera joan zen eta gas konpainian lanean hasi zen. Une horretan ezagutu zuen Jon Mirande.

Morvan Marchal; Chants du porhoet: Poèmes Gallos, La Bretagne Réllee, 1965, ale berezia

Morvan Marchal gaztea

«Ba gineza gazte horien kharra!»

Jon Mirande 1942an, hau da, gerra betean hasi zen Kêr-Vreizh edo Bretainiaren etxera joaten; berton, jende ugari biltzen zen zen larunbat gauetan hitzaldiak entzuteko, eztabaidatzeko edo liburuak maileguan hartzeko. 

Jon sortzez bretoia izan ez arren, haiekin elkartzen da: «Hemen Paris’en bretoin abertzale gazteekin ibiltzen naiz. Ezagutzen ahal dituzu, izenez bederen, “Breizh atao” (Bretaña bethi) eta P-N-B’a (Bretoina abertzale alderdia)? Nahi nuke ikhus ba gineza gazte horien kharra!» (Loustau’tar Jon Jaunari gutuna, 1948/03/09, Jon Miranderen gutunak: 1948-1972, Patri Urkizuren edizioa, Susa, Zarautz, 1995. 23-24 orr.). 

Eroso sentitzen zen berton eta haren bretoiaren ezagutza eta jakintza ez ziren oharkabean pasatzen. 1947an, Goulven Pennaod ezagutu zuen Librairie Celtiquen eta, hau, Mirande harengana bretoieraz zuzentzeagatik harrituta geratu zela aitortuko du. Hala, 1948. urtetik aurrera, Parisen Miranderentzat guztiz garrantzitsua izango den lagunarte bat osatuko da, Morvan Marchalek berak, Roger Hervék eta Goulven Pennaodek osatua. Azken honek laguntasun eta elkar eragin horren berri eman zuen Txomin Peillenek 1976an apailatu zuen Jon Mirande: Idazlan hautatuak liburuan (Gero, Bilbo, 1976, 272 or.).

«Hogei urte genituen garaian, txintik ere gabe, bizia eder zitzaigun. Ikastean bezala, neskaketan lagun izan ginen. Bekatuaren zentzurik gabe genbiltzen. Jurdaneko profeta eta haren paulotar ikasleak antzara ferratzera bidaliak genituen aspaldian. Saint Germain des Prés eta Bretainako nere neska lagunak ezagutarazi nizkion; harek neri euskalduntsak, eta, gehienik, Alemantsak eta Nederlandeko neskak… 

Les Sociétés Savantes hotel zikin zaharra lurrera botatzen ari dira; laister up to date etxeek lekua hartuko dute. Denbora batean Druiden Eliza paganoak hor izan zuen bere egoitza; lehen burua Morvan Marchal zen, ni Bard-handi laguntzaile eta Jon Mirande Gutuatra zintzoa zen; Jef le Penven-ek, berriz, abertzale bezala presondegi frantsesetan egonik, gure harmoniuna jotzen zuen diru egiteko. Ostirale guzioz han biltzen ginen keltiku egiak sakonki sarrerazteko. Gure biltokia Pio V-garrenaren mezaren ihakina zen, asmatutako keltiku zahar, kymreg (“gales”), brezoneg (“bretoin”) hizkuntza zatiekin. Rober Mercier “Brennos” kazetaria zen gure ovata; harekin beti adiskidantza galernatsua izan dugu. Ez zitzaion druida soinekoa jaunztea gogoko; gure elizkizunen gibelean sakrilegiu bat bezala sentitzen zuen, eta ez zebilen guztiz erraturik, Marchal, Jon eta nik asmatu azken benedikzioneak keltiku zahar makarronikuan honela erraten baitzuen: «Forti estos etic forton suou matron, meion ueketen more». Gure iniziatu adiskideei aitortzen genien esan nahia: “aluak zarete eta zuen amaren alua itsasoa baino sakonagoa da”.

Klerikal enpresa guztietan bezala ohi den diru-bilketaz kanpo, bigarren bilketa “hauzoko txiroentzat” egiten genuen, eta Marchal “Artonouios”-ek: “Anaiok, txindiari hots atera iozue” (“Mes frères, faites résonner le bronze”) ziola, denak druidesa pollit bati beren kadirak ordaintzera behartuak ziren. 1901-eko legearen arauera, zuzenki deklaraturiko taldea ginen eta talde joria, zeren Brennos-ek 450 liberatan Saint Oueneko merkatuan erosi ezti-ardo pittarra bat, liturgia sainduan sakratu hidromel bezala 900 liberatan saltzen genien gure sinesleei. Hala, burutzen genuen esanaz: “Zoazte Lugus-en irakastera erresuma guziei”; gero druida artzain guziak ikusten ziren auzoko ostatuan asetzen, sineskorren osasunean. Ez ote Voltaire horren idazlea: “Lehen artzaina, lehen zozoak lehen maltzurra topatu duenean sortu da”. Halere sinesle asko genuen, beti gehiago eskatzen» (Goulvenn Pennaod, «De Viris Illustribus: Mirande’tar Jon», La Bretagne Réelle aldizkaria, Txomin Peillenek apailatutako Jon Mirande-ren idazlan hautatuak liburuan jasoa. Mensajero, Bilbo, 1981, 275-276 orr.). 

Testuan argi ikusten da lagunarte estua egin zutela adinez nagusiagoak ziren Hervé eta Marchal Mirande eta Pennaod gazteekin: «Garai hartan bi abertzale bretoin handien ezagutza egin genuen: Roger Hervé, ezizenez Herr Professor Glemarec, Spengler filosofua ezagutarazi diguna; Morvan Marchal, abertzale bezala nire gisan presondegiratua, aintzinean arkitektu handi izana, Breizh Atao bretoin abertzale alderdiaren eraikizale eta orduna delineante marrazkigile. Biek, bi gazteoi beharrezko genuen politika irakaskintza eman ziguten; geroztik bi zahar eta bi gazteen adiskidantza ez du Mirande eta Marchalen heriotzak baizik bakandu» (Jon Mirande: Idazlan hautatuak, op. cit., 272 or.).

Bizitzarengatik poetak

Pennaodenaren antzeko kontakizuna egiten du «Eusko testigantza» artikuluan Mirandek garai haiei buruz, baina ezagutzaz eta eragin politikoaz edo kulturalaz harago, Jonek bere lumaren indarra jartzen du Marchalekin izandako laguntasuna ohoratzean: «Bere bizitzaren bukaera aldera soilik nuen ezagutu Abred-en Artonovios, nire lagun Glémarec eta Goulven Pennaod-i esker. Baina gure harremanek iraun zuten urte-mordoskan barrena, berriki zendu den arte, balioztatu ahal izan dut gizon honen nortasuna gizon gizatiarra, gizatiarregia inondik ere hainbat ikuspuntutatik zeinen ohikoaz gaindikoa zen».

«Bere bizitzarengatik izan baitzen, berez, Marchal benetako poeta», idazten du poesia bere gorputz eta arimaren kemen guztiarekin maite zuen poetak, baina olerkiak hutsalak zaizkio kidearen laguntasunaren epelean. Izan ere, Mirandek izan zituen pasio guztietan sakonena humanoa izan zen, eta bere izaerari, pentsamenduari edo obrari buruz hausnartzen dugunean ez litzaiguke ahaztu behar Bretainiako lagun eskuinzaleen artean aurkitu zuela Jonek Euskal Herrian kausitu ez zituen hainbat laguntza, konplizidadea, ulermena, kuriositatea, miresmena eta samurtasuna. Haren baitan zegoen haur besoetakoa etxean sentitzen zen lagun bretoien artean, eta askotan bortxatua eta ez maitatua euskaldun askoren artean. Hainbeste sentitzen zuen hau, ze, une batean idazteari utzi zion, Jon ere bizitzarengatik baitzen benetako poeta.

Txomin Peillenek kontatua da, «Abeozenn Bretaniako psikiatrak galdetu zionean zer zen bere bizitzan garrantzitsuena, erantzun zuen: “Idaztea”. Eta esan zion sendagileak: “Idatz ezazu”. Eta erantzun zion: “Ezin dut, ez du balio bizitzeak”» (Txomin Peillen, «Jon Miranderen ordeinua bere lekuan», Jakin, 1998. urtea, maiatza-ekaina, 106. zenbakia. 11-30 orr.)

Horregatik guztiagatik, sakona da Marchalek Miranderengan utzitako arrastoa eta idazki honetan oso gainetik eta hutsune nabariekin bada ere, azaldu dudan biografiari erreparatuta, ezinezkoa da eragin honen sakonerari buruz ez hausnartzea: esate baterako, Marchalek Breiz Ataon Eliza katolikoarekin izandako hika-mikek ze influentzia izan zuten Miranderengan? Gerraren umiliaziotik beti bezain jakobino, baina bereziki demokrata altxatu zen Frantziak bretoiarekin izandako jokabideak ze mailaraino markatu zuten euskalduna? 

Eragin hauek Miranderi buruz egiten ditugun analisietako radarrean finkatzea ezinbestekoa iruditzen zaidan arren, ukaezina da jada Miranderen bidez Marchalek euskal kultura garaikidean utzitako arrastoa, zuberotarrak argi aipatzen baitu artikuluan harengandik jaso zituela «motibo berriak bai bederen gure literaturgintzarako», gure imaginario modernoaren eraberritzerako ezinbestekoak izan direnak. Honela hitz egiten digu zuberotarrak bretoiak bere baitan piztutako suaz: «Nolanahi ere, elkarrekin izan genituen elkarrizketa luzeei zor diet, neurri batean, hidro-ezti godaletakadak ausarki edanez eta huntaz eta hartaz mintzo ginelarik –Jainko zeltiarrengandik hasi eta gure landa-herrietako sorginenganaino–, nik neuk euskal mito zahar aurre-kristauen zentzua berrulertu eta berauetatik ondorioztatu ahal izana, erlijio baten lehengaia ez bada ere, motibo berriak bai bederen gure literaturgintzarako, eta, are, baita motibo pertsonalak ere neure bizitza eta ekintzarako».

Miranderen literaturaren bidez heldu zaigu guri Marchali esker berrulertu eta era pertsonalean berrinterpretatu zuen «euskal mito zahar aurre-kristauen zentzua», eta horregatik sikiera esker oneko beharko genuke egon bretoiarekin. Baina, nire ustez, badugu euskaldunok motibo sakonago bat, ezagutu gabe ere, denbora eta espazioaren ilusioaren despit Marchalekiko eskertasun bizi bat sentitzeko; bizitzaren une zailetan, druida zaharrak Jon Miranderi bizitza eta ekintzarako hain urri zituen motiboak eman zizkiolako.

2022ko iraila

Témoignage vascon

ARTONOVIV RIGOVIX IEVRV

Souvent je songe à toi, vieux druide… Ce n’est qu’à la fin de sa vie en Abred que, grâce à mes amis Glémarec et Goulven Pennaod, j’ai connu Artonovios. Mais pendant les quelques années que durèrent nos relations, jusqu’à sa mort récente, j’ai pu apprécier ce que la personnalité de cet homme -humain, trop humain sans doute à bien des égards- avait d’exceptionnel. S’il est vrai, comme l’a écrit Pennaod dans Ar Vro, qu’un Breton «emskiantek» d’aujourd’hui peut ignorer le fondateur de Breiz Atao, tant pis pour la Bretagne. Je ne crois pas que l’ingratitude soit une vertu, même s’il s’agit d’une nation.

Quant à moi, bien que je ne fusse pas Breton, ni même Celte, la fréquentation de Morvan Marchal n’a pas laissé d’avoir une influence importante dans ma formation. Lui-même saluait dans l’Ibère» que j’étais pour lui (car il en était resté sur ce point aux conceptions des linguistes et ethnologues du siècle dernier) le représentant d’une tradition occidentale plus ancienne encore que celle des Druides. Quoi qu’il en soit, c’est sans doute en partie grâce aux longues conversation que nous eûmes ensemble, vidant des coupes d’hidromel et traitant de tous sujets, depuis les Dieux celtiques jusqu’à la sorcellerie de nos campagnes, que j’ai su redécouvrir de mon côte le sens des vieux mythes basques pré-chrétiens et en tirer, sinon la matière d’une nouvelle religion, du moins des motifs nouveaux dans notre littérature et mème des motifs personnels de vie et d’action.

J’ignorais que Marchal eut [eût?] écrit d’autres poèmes que les compositions néo-païennes de ses dernières annés. Quand, grâce à Glémarec, je pris connaissance des vers qu’il n’avait cessé de commettre depuis son adolescence, je ne m’attachai pas au problème de leur valeur littéraire -c’est avant tout par sa vie même que Marchal fut un vrai poète- mais bien au témoignage qu’ils portent sur la vie spirituelle de leur auteur, évolution d’ailleurs semblable à celle de bien des nôtres, depuis le catholicisme traditionaliste chouan ou carliste jusqu’au «néo-paganisme», en passant par le nationalisme ethnique. En fait, y a-t-il évolution? Bien plutôt, il s’agit d’une même attitude spirituelle s’exprimant en différent langages, celle de nos pagani d’Extrême-Occident, toujours dressés contre leur commun adversaire, le démocratisme égalitaire (malgré qu’en eût Marchal lui-même, qui se voulait proud’honien et maçon), aux prétentions universalistes, ennemi de toute tradition véritable. Démocratisme qui apparaît hélas! actuellement victorieux, et cela aussi bien chez les représentants de nos ethnies, lors même qu’il s’exprime dans des langues dites «vernaculaires». 

Mais, salut à toi! druide Maen-Nevez, qui exprimas en français une aspiration celtique. Que tes anaon reposent et se repaissent d’éternelle sagesse dans ce Gwenva où nous aussi, tes disciples, fidèles de Sukellos, d’Odhinn, d’Ortzi ou même d’Apollon, nous retrouverons toujours, malgré l’illusion du temps et de l’espace.

Jon Mirande
25/02/1965
Morvan Marchal; Chants du porhoet: Poèmes Gallos,
Avant-Propos de Katuvolkos (Stur), J. Mirande, Goulven Pennaod,
La Bretagne Rellée, 1965, zenbaki berezia

 

Monty Phytoneko Eric Idle judu naziaz mozorrotuta Life of Brian filmetik ezabatutako eszenan

1954eko irailaren 9an Cornuallesko Castle Doren egindako Gorshed zeremonia, berton, Jon Mirande bardo izendatu zuten. Charles Woolf Slide Collection