Euskal sortzaileak hondakinetan dagoen Gernikaren kale suntsituetan sortzen saiatzen ari gara

1972. urteko Durangoko VII. Euskal Liburu ta Disku Azokaren kartela «Liburuaren Nazioarteko Urtea» iragartzen duena, Gerediaga Elkarteak egina eta Caja de Ahorros Vizcainaren babesarekin

Suntsiketa txikitzaile batetik gatoz. Erraza da bonbardaketa fisiko bat bisualizatzea. Denek ezagutzen dugu Gernika bonbardatua, Elgeta xehatua, Durango birrindua, eta herriak eta etxeak berreraikitzea lortu dugu, baina munduari irekia bezain bere lurrean errotua zegoen euskal identitate aberats hori hamarkada luzetan iraunkorki eta etenik gabe bonbardatua izan da. Euskal kultura Gernika da. Gernika ez baita soilik herri bonbardatu bat eta 3.000 hildako. Gernika euskal identitatea da. Diktadura militar faxista baten pean iraun dugun identitate bat gara, baina zer berreraikitze fasetan dago gure kultura, gure Gernika bonbardatua? Fisikoki bai, garapen suntsitzaile bateraino berreraiki ditugu paisaiak, etxeak, errepideak, baina kultura? Identitatea? Nola zenbatu daitezke biktima kulturalak? Non dago euskararen normalizazioa? Zenbat jende gutxiagok erosten ditu euskal liburu eta diskoak Francoren garai amaigabe hartan euskaldunek izandako desprestigio, jazarpen, errepresio eta zigor fisikoaren erruz? Ez al dagokigu estatus erreferentzial bat gure lurrean? Gu ez ginen gutxituak jaio, gutxitu egin gaituzte. Hortik abiatu behar dira aro berri honi lotutako gure politika berriak. Herri batek ezinbestekoa duen azpiegitura bakarra identitatea da, eta hori berreraiki gabe dago. Guk ez ditugu erabakitze eskubidea bezalako giza eskubide eta eskubide politikoak nahi Palentzia askatu bat izateko. Azken mendeko ibilera gatazkatsu hau antzua litzateke erabakitze eskubidea lortu eta Euskal Herria ez bagina. Horregatik, Euskal Herria egitetik Euskal Herria izatera pasatzeko garaia da. Aro berria ez da helburua, helburua izatea da, eta ez dezagun ahaztu oraingoz euskal sortzaileak hondakinetan dagoen Gernikaren kale suntsituetan sortzen saiatzen ari garela.

Jon Maia
Sustrai Colinaren elkarrizketa Argian 2011ko abenduaren 4an