Etxe aberatsetako seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua
Prostituzioa Parisko Pigalle auzoan, Jane Evelyn Atwooden argazkia
Eloisa Sanchezi Joan Colomek Bartzelonako Ravalen ateratako argazkia. Argazkiagatik salaketa jaso zuen Colomek
Tolerantzi-etxe Bateko atarian, Bilboko Cortes karrikan. Emagaldu batzuk ikusten dira, pareten kontrako aulki luze tapizeria oneko batean. Batzuek fumatu egiten dute. Oro daude jantzirik haien ofizioak eskatzen duen uniforme desberdinarekin. Alde batean, ezkerretara, edari-lekua; ostean barman bat, haren jake zuriarekin eta txori-gorbata beltzarekin. Jente asko. Musika lekua hutsik dago orain.
(Gizon bi sartzen dira; bat da haltua eta mehea; bestea bajua eta lodia.)
HALTUA: Bai.
BAJUA: Ez.
HALTUA: Zergatik ez?
BAJUA: Halako gauzarik eztelako mundu honetan gertatzen.
HALTUA: Eta zergatik ezta gertatzen?
BAJUA: Mundu hau onelakoa delako. Zikina eta itsusia.
HALTUA: Loreak badaude mundo honetan.
BAJUA: Bai. Baratzetan. Ez zimaurtegietan.
HALTUA: Zimaurtegi honetan arrosa bat seinalatzen badizut, bestela pentsatuko zenuke?
BAJUA: Bai, alegia.
HALTUA: Eztuzu Matilde ezagutzen?
BAJUA: Nor da Matilde?
HALTUA: Hemengo andre bat.
BAJUA: Andre prestua izango da zure iritzian, duda gaberik.
HALTUA: Nik eztut inoiz andre prestuagorik ezagutu.
BAJUA: Orduan zergatik sartu zen puta? Betiko ipuia kontatuko didazu? Bai; badakit zer esanen didazun. Zerbitzuko neskamea zen, Gaztelako baserri batetik Bilbora etorri zena, bai lan-bila eta senar-bila. Hemen gizon lotsa-gabe bat ezagutu zuen, haurdun utzi zuena, eta gero gure gizarte gogorraren konpresio-faltaren aurrean, haurrari edukazioa ta elikatura emateagatik, hau beste ofiziorik edo manten-biderik etzuen aurkitu. Bai, ipui polita, Andersen batek asmaturikakoa.
HALTUA: Asmazio hobea merezi ukan du. Zurea. Ederra da eta askotan gertaturikakoa. Baina gure Matilderekin ezta inoiz horrelakorik pasatu.
BAJUA: Ez? Orduan, nola sartu zen ofizio likits eta prestu-ez honetan?
HALTUA: Etzen sartu. Bertan jaio zen.
BAJUA: Bai?
HALTUA: Ahardiaren humea zer izanen da? Ahardia. Aberatsaren semea, aberatsa izanen da, ahuntzaren kumea, ordotsa, akerra. Biziak emanikako legea da.
BAJUA: Orduan, ezta lore bat izanen. Ezta andre prestu bat izanen. Ezta inola ere.
HALTUA: Kondenatu baino lehen, judikatu egin bear duzu, laguna. Bestela etzara juez arteza izanen.
BAJUA: Presenta zaidazu, bada.
HALTUA: Bai.
(Edari lekura joaten dira gizon biak.)
BARMANA: Jaunak?
HALTUA: Kafe-esne bat.
BAJUA: Cuba libre bat, baina bizarrik gabe.
(Barmana kafeterara joaten da, eskaturikakoa preparatzera. Bien bitartean emagaldu bat hurbiltzen zaie bi gizoneri.)
HALTUA: Egun on, Marta.
MARTA: Hala zueri ere, maiteak. Emaidazu zigarro bat.
HALTUA: Badakizu tabakorri gorririk eztudala fumatzen.
MARTA: Ekar kanario bat. Baina filtrorik gabe.
HALTUA: (Zigarro-pakete bat ateratzen du faltrikaratik.) Filtrodunak dira.
MARTA: Kenduko diogu. (Filtroa kentzen dio zigarroari. Gizon haltuak sua ematen dio.) Mila esker, laztana. Zer hartuko dut nik?
HALTUA: Erabaki bat.
MARTA: Eztidazu huiski bat pagatuko?
HALTUA: Huiskia edateko ohitura edo bizioa bazenduke, bai.
MARTA: Hamar urte honetan hartu dut bizioa.
HALTUA: Bai, gezurra esateko bizioa, baina ez azken egun honetan, ezpada zure aurren hamar urte ahaztu haretan.
MARTA: Komita nezazu, bada, arno zuri batera.
(Barmana. dator kafe-esne eta koka-kolarekin.)
HALTUA: Adizu, barman, atera zaiozu zuri bat andreari.
MARTA: Eta? Nola bizi zara aspaldi honetan?
HALTUA: Badakizu andrearekin konpondu nintzela? Badakizu: semeak. Edukazio txarra hartuko zutela gurasoak separaturik ikustean, eta gainerako guztia. Betiko lelo samur eta aspergarria.
MARTA: Eta, hemen, laguna?
HALTUA: Eztuzu ezagutzen?
MARTA: Ez.
HALTUA: Hau Marta da.
(Honek eskua luzatzen dio gizon bajuari. )
BAJUA: Poztutzen naiz.
MARTA: Urte askotarako. Zu, maitea, badakizu lagun majuak daduzkazula? Honelako galai bat behar ukan nuen nik nire dontzella-denporan. Lastima da gorbata itsusia daramala. Eztakizu zuk jake arrearekin ezin eraman ditekeela gorbata morerik? Txarki ematen du bistara. Min egiten du begietan.
HALTUA: Hemen, gure laguna, soltero dago.
MARTA: Zergatik izanen da andre gabeko gizona beti dagoela desdotoreki jantzirik? Gizonak arlote batzuk zarate. Gaizki konpontzen zarate andre gabe. Lastima da elizarako merkatuan eznagoela. Bestela…
HALTUA: Beti esan dizut emazte komenienta izanen zinakeela.
MARTA: Eztakizu ongi. Nola doan ene gizona! Lastima da elizatik pasatu ezkarela. Lastima da bera eztela inoiz fabrika edo bulego batetik pasatu.
HALTUA: Marta, nun dago Matilde?
MARTA: Lanean dago.
HALTUA: Gau guztirako?
MARTA: Ez, laster libratuko da. Ordu erdia darama goian soldado. batekin.
HALTUA: Igurikiko diogu.
MARTA: Biak joanen zarate harekin, ala?
HALTUA: Ez, badakizu ni zure bezeroa naizela.
MARTA: Goazen orain, bada.
HALTUA: Ez, esan dut Matilderekin egon nai dudala.
MARTA: Baina zertarako?
HALTUA: Nire lagunak ezagut dezan. Nahi nuke.
MARTA: Baina gure moduko bat ezagutzeko ezta presentaziorik behar. Prezioa eskatu beste beharrik eztago.
HALTUA: Baina nire laguna oso bildurtia eta lotsatia da. Nirekin etorri ezpalitz, etzuen inoiz hemendik mosurik erakutsiko. Gurekin ezpalego, horko andre guztien herabearren eta ahalkearren hemendik ihes eginen luke, deabruak daraman arima bezala, espantuz eta larri.
MARTA: Moraleko problemaren bat ekarriko duzue. Beti gertatzen da hori Matilderekin. Moralista guztiak etortzen zaizkio. Matilde ona da, oso ona. Gorputz eta arima bateko andre bat, errege batentzakoa, Madrileko eta Pariseko gorteetan presentatzekoa. Gu ez. Badakizue gu zer garen. Eta eztugu ukatzen. Gure izaera da, gure biziera. Hemen gaude, gutzaz baliatu nahi denarentzat, gorputzean eta ariman. Batez ere gorputzean.
BAJUA: Baina Matilde hori zuekin baldin badago, zuen bizimodua eta ofizioa badaduka, eztut nik diferentzia haundirik ikusten.
MARTA: Ez?
BAJUA: Ez inola ere. Zergatik eztu ofizioa uzten?
MARTA: Beste gauzarik ezagutzen eztuelako. Eta gainera guk behar dugulako. Gure aingerua da, goardako aingeru maitagarria, bide gabe guztietan, desgrazia eta neke guztietan gordetzen gaituena. Zer eginen genuke hura gabe? Etxe hau nardagarria izanen litzake, eta bizitze triste honetan ez-legoke kontsolamenturik.
HALTUA: Zer deritzazu? Eta oraindik eztakizu egiaren erdia.
BAJUA: Badirudi ezetz.
HALTUA: Matilde, Matilde. Badakizue gauza bat? Hamazortzi urte eduki nuenetik, eznaiz ni inoiz enamoratu. Orduan ni poeta liriko bat nintzen. Udaberriko arrosari, andrearen aurpegi garbiari eta Jainkoaren karitateari kantatzen nion. Eta lirikotasun guztiak neska bategan hartu zuen gorputza. Neska liraina, begi beltz, bilo oria. Eta tontoa. Aingeruxka serafin bat zirudien haren tontotasun mistiko eta benedikatuan. Olibak saltzen zituen karrika-kantoi batean. Gauak itzarrik pasatzen nituen nik hari erdal soneto barregarri eta txarki moldatuak zuzenduz eta eskribituz. Eta enamoratuen nengoenean, eguerdiko hamahi ordu argietan haren bila joan nintzen behin batean, aire libreko denda haretara. Nire amoratua ezagun batekin mintzatzen zen, nire anaia nagusiaren adiskide batekin. Honek ipurdia ukitzen zion neskari, eta neskak hasarratu beharrean, barre egiten zuen, kontentuz. Bertan desamoratu nintzen, beneditano botilla batekin, alegia. Eta mozkorra kendu zitzaidanean, nire aurreneko bertso onak eskribitu nituen, Arjentinan dagoen euskaltzale apaiz bat eskandalizatu zutenak.
MARTA: Ipui ederrak dakizu asmatzen.
HALTUA: Ez, hau egia da. Benetako egia, aitzakia gabekoa. Eta ordurik aurrerantzean, eznaiz egundo enamoratu, nire konorte eta zentzu onean nagoenean, behintzat. Baina arnoaren eta haren gusu guztien besartean etzaten naizenean, beti dago maitasunezko zirrada ezkutatu eta aurpegi gabeko bat, nire barnean bihotz kantsatu eta triste hau moldegaizki eta legunkiro astintzen duena. Eta da Matildeganako amodioa. (Kantatzen du:)
Beti penetan, beti penetan
bizi naiz mundu honetan.
Egunez zerbait alegratzen naiz,
gauez naiz beti penetan.
Zureganako amodioak
eznau utzitzen baketan.
Herriko kanta da hau, Arratian ikasia, baserritar gazte baten ezpainetatik. Baina orain zentzatu naiz. Zer irabazten dut Matilde maitatzearekin? Ezer ez. Eta horregatik, horditzeko puntuan aurkitzen naizenean, uko egiten diot alkoholari, eta Martarekin (eta besterik eztagoenean nire andrearekin) joaten naiz ohera. Nik eztut andre bat maitatu nahi. Nik andre guztiak maitatzen ditut, nirea ez-ezik. Hor dator Matilde. Barman, atera beneditano kopa bat.
(Matilde agertzen da. Berrogei urteko andrea da, baina badirudi bakarrik hogetamar dituela. Bere ofizioaren ezagugarria darama beztimentan, baina ez aurpegian. Edarilekutik hurrunxko dabila, gure lagunak ikusi gabe.)
HALTUA: Marta. Zoaz Matilderen bila, mesedez.
MARTA: Mesedes etxean dago.
HALTUA: Zoaz mesede gabe, orduan. (Badoa Marta.) Orain ezagutuko duzu, mutila, mundu honetako andrerik andreena. (Txurrut edaten du kopatik.) Etzara damutuko, ez. Ikusiko duzu nola den posible emagaldu bat andre prestu bat izan dadin. Matildek gizartearen estimazioa daduka galdurik, nik ez nuke nire etxean, nire amaren aurrean, presentatuko, inola ere. Baina mundu honetan baldin eta inork merezi badu zeruetako gloria irabaztea, hori da Matilde. Santua da, altare gabeko santu bat, gure denporako Maria Madalena bat. Hemen dator. (Emakumeak gizoneri hurbiltzen zaizkie.) Laster etorri zarate.
MARTA: Mutilak, hemen dadukazue zuen Matilde zorionekoa.
HALTUA: Arratsalde on, maitea. (Mosu pare bat ematen dio maxeletan.)
MATILDE: Hala dizula.
HALTUA: Badakizu geroago eta ederragoa zarela, Matilde?
MATILDE: Utz koplari.
HALTUA: Bai. Ikusten zaitudan bakoitzean kopla bat datorkit burura:
Xarmangarria zara
eder eta gazte,
nire bihotzak eztu
zu besterik maite.
Beste zenbait bezala
banengoke libre
zurekin ezkontzeko
dudarik eznuke.
Munduko gora berak
direla medio
bihotzean sortzen da
zeinbat amodio
MATILDE: Utz koplari; berriz ez, gizona. Badirudi burutik egin zaitzula. Gezurra dirudi zu bezalako gizon ezkondu eta guraso bat holako txantzakerietan eta haurkerietan ibiltzea. Noiz etorriko zaitzu zentzua? Noiz zentzatuko zara? Egun batean eskarmentu galanta hartuko duzu, kanore gabe horrek.
HALTUA: Ikusten duzu, laguna, nolako jenioa dadukan gure usoak? Baina permiti zaidazu, Matilde, hemen nire lagun bat presenta dezaizudan. Hau Matilde da.
MATILDE: Urte askotarako.
BAJUA: Asko poztutzen nau zu ezagutzeak.
MATILDE: Poztu etzara egiten, baina, tira zure gizalegea estimatzen dizut.
BAJUA: Ezta gizonaren legea nire pozkarioa, Matilde, bihotzaren legea baizik. Bihotza eskuan dadukadalarik diotsut asko alegratu naizela. Badakizu nor izan zen Diojenes? Greko jakintsu hura?
MATILDE: Eskuan linterna bat zedukalarik gizonaren bila zebilena? Orain arte eztiot inori entzun arkitu zuen ala ez.
BAJUA: Gaurko Diojenes berri baten modukoa naiz ni, Matilde. Eskuan bihotz bat daramadalarik, andre baten bila nabilena. Orain arte eztut aurkitu. Beraz, puta-etxe batera etorri naiz, hea hemen aurkitzen dudan, etxe prestuetan aurkitu ez-nuena. Eta barka hitzagatik, baina oso gogorra naiz nire mintzaeran.
MATILDE: Gauzak beren izenez aipatzean eztago bekaturik.
BAJUA: Oso desegokia naiz ni.
MATILDE: Etzaitezi horregatik ardura, gizona. Ohiturik gaude horretara, eta hori baino mila bider gauza latzagoetara.
Gabriel Aresti
«Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme santua drama laburra» antzerki lana, Egan, 4/6 zenbakiak, 1962. urtea



