Elkarrizketa poetikoa Gabriel Arestiren «Egia bat esateagatik» poemarekin
Madarikatu ospeak
akaso hortik zetozen
baliatzeaz lumaren
mailutasuna hain zuzen.
Andoni Egaña, Gabrielen lekua
1
Edertasunak ez du zerikusirik gauza politekin,
egiarekin baizik.
Eta edertasuna, iluna izanik ere,
arma bat da.
Norbera mugitu,
eta ondoren asaldura konpartitu.
Pertsonak hunkitzea
haiek nolabait mugitzea delako.
Artifizioa gezurra da,
eta teatroa den fikzio hori
egia plazaratzeko modu bat.
Egiak maskarak behar dituelako;
zapatisten moduan,
bisaia estali edonork ikus dezan.
Aresti bere egiaren zehaztasunagatik izanen da epaitua,
modako korrontekerietatik at egotzia,
efemerideetan ezkutatua bere
mailutasuna.
Baina egiarekin zuen konpromisoak
–jarrera horrek–
egiten zuen egiazko haren hitza,
batez ere.
Hitza bera da lehenengo maskara,
Arestiren kasuan:
«hau maskara bat da» dioena.
Edo Bertolt Brecht.
Gezurrez, fikzioz, maskaraz eraikia
hunkipena.
Egia.
Jarrera bera da egia,
ez egiak dioena.
Egia biluzia, gardena, agerikoa,
ez da mailua,
ezen mailua hartu duen eskua,
ezen eskua mugitu duen ahoa.
Mailutasuna
idaztetik harago doan
jarrera bat da.
Hitzen zaratak itotzen du
mailutasuna.
2.
Sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
justiziaren kontra,
altxatuko du
mailutasuna,
mundua hiltzeko modu bat bezala,
gizaki izateko era bat bezala,
emeki.
Egia bat esateagatik,
zalantzak ahurrean itotzeko prest egongo naiz,
ukabilak loratzeko ahotsean
zirtoak bilduz hilotz;
Egia bat esateagatik,
nire izena kenduko badute
euskal komunikabideetako
kultura orrietatik,
literatur kritiketan
ideologikoki epaituko banaute,
nire bizarraz mintzatuko bazaizkit
eta ez nire ahotsaz;
Egia bat esateagatik,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
justiziaren kontra;
Egia bat esateagatik,
lagunak etsaitu behar bazaizkit,
etsaiak hurreratu,
burkideak oldartu,
biografia
ukatu behar bazait,
manifestuak zulatu,
abizenen erdarazko grafia
nabarmendu;
Egia bat esateagatik,
diru-laguntzak kenduko
badizkidate,
bekak ukatuko bazaizkit,
oholtzak itxi edo hustu;
Egia bat esateagatik
isildu behar badidate
mintzo
dudan
ahotsa,
kantatzen dudan
mihia,
agertzen dudan
gorputza,
eztul egiten dudan
biloa,
airearen kontra astintzen ditudan
azazkalak,
umorearen alde urratzen ditudan
loreak,
nire zakila burusoiltasuneraino
biluzten badut,
ipurdi zuria
astindu,
aluen herdoil librea
goraipatu;
Egia bat esateagatik,
edertasun hau iluna dela
aurpegiratzen bazait,
isiltasuna okatzen badidate,
etsaien lagun edo
agunen etsai naizela
esaten bazait,
Gabriel Aresti bera haserretuko bazait,
hala ere,
inoiz,
inola,
inon,
ez naiz isilduko.
(Edo igual bai).
Oier Guillan
«Elkarrizketa poetikoa Gabriel Arestiren “Egia bat esateagatik” poemarekin», Zauri Bolodia, Txalaparta, 2018

