Denok gaituk boxeatzaile bakartiak farola bakartien pean!

Julio Cortaazar bere amarekin Austrian 963an. Aurora Bernárdezen Funtsa

Cirque d´Hiver-en boxeo konbatea zen ospatzekoa. Han ahitu genuen arratsa. Cirque d´Hiverren zen aitaren lagun bizarduna ere, Julio, aitaren hitzetan ia-ia arkitektoa zen hura. Luxenburgoko parkea ederragotzearen ideia berarekin konpartitzen ei zuen, Luxenburgokoa lorategi sobera serioa zela-eta, ados ziren biak tangoaren pausoak zoruan dibujatu eta jendea dantzan jarri behar zen kontu harekin.

¡Mirá que compañía tan rebuena! ¡El argentino tímido!

Aitak esaten zuenez, ezagutzen zuen argentinar lotsati bakarra zen Julio. Otu zitzaidan ni ere izan nintekeela argentinar lotsatia. Tamalez, ez nintzen argentinarra.

Julio bizardun hark patrikako erloju deigarri bat zeukan. Aldian behin hari begiratu eta erlojuaren estalkia ixtearekin batera bere begiak ere erlojuan gordetzen zituela zirudien. Garaia zen benetan: buru oso baten koska ateratzen zion aitari. Juliok ordaindu zituen trago guztiak, baina erdiak baino gutxiago edan zituen berak, egia osoa esan behar bada. Niretzat gaztaina sorta bat ere erosi zion kale saltzaile bati. Juliok ez zidan gupidaz begiratzen, ezta errukiz ere, haren begietan ez zen so egiten zidanero umezurztegirik irudikatzen. Nire aurpegiak zerbait alaia adieraziko balio bezala begiratzen zidan. Le chien qui fume bistroan agurtu genuen. Beste garagardo pare bat hartu zituen aitak arratsalde hartako konbatearen iruzkina bakarka kalakatzen zuen bitartean.

Boxeatzaile bat nauk, farola baten pean! Ikusten duk, Andre? Denok gaituk boxeatzaile bakartiak farola bakartien pean! Sartzak hori kaskezurrean!

Balantzaka zihoan harrezkero.

Bere lagun hura, Julio zelako hura, ia-ia arkitektoa zena, idazlea zela errepikatu zidan, idazle handia zela oso. Egunen batean irakurriko nituela bere liburuak.

Harkaitz Cano

«Argentinar lotsatia», Neguko zirkua, Susa, 2005

Luis Firpo boxeolari argentinarrak Jack Dempsey mhnduko txapelduna lehen asaltoan ringetik bota zuen unea, New York, 1923.