Boxeoko enziklopedia desordenatua
Muhammad Ali eta Sonny Listonen txapelketa Miami Beachen, Floridan, 1964ko otsailaren 25ean. Floridako Liburutegi eta Artxiboa
Pygme: ukabila (grekeraz): ukabilkako borroka.
(to) Box: ukabilez muturrean kolpea jo (ingelesez).
Boxeo: ez box, ez bozeo; boxing (ingelesez); bi gizonen (?) arteko borroka kirola (?), arau eta lege ezagun batzuri lotua.
Boxeolari: boxeo kirolaria; boxer (ingelesez); esate baterako: André Drille, René Weissmann, Paulino Uzkudun. Paco Bueno, Isidoro Gaztañaga, Bixente Etxeberria, Joxe Manuel lbar, Luis Pinedo, Agustin Mendikute, Mariano Etxebarria, Benito Canal, Constantino Suso edo Kid Chocolate.
Figg, James: Ingalaterrako lehen boxeo txapelduna, 1719tik 1730 bitartean; esku hutsik jotzen zen garaikoa, noski.
Broughton: Ingalaterrako 4. txapelduna (1734), boxeoko eskularruak asmatu omen zituena (baina erabili?).
Queensberry-ko markesa: boxeo araudien egile aitzindaria: 1865ean eman zituen lehen arau eta legeak.
Knocked down: ukabilkadaz (bultzadak eta burukadak ez dira ontzat ematen) ring-ean belaunikatu edo etzan arazia.
K.O: knockout hitzaren laburdura; 10 segunduz edo gehiagoz knocked down geratzea; ez nahastu O.K. laburdurarekin.
Ring: lurraren gainean eraikitako laukia, gehienez 6 x 6 metrokoa eta 4,9 x 4,9 metrokoa gutxienez; lau aldeak hiru sokez inguratuak (altuena zorutik 1,3 metrora kokatua).
The Ring: New Yorken argitaratutako boxeo aldizkari ospetsua; aldizkariko zuzendari mitikoa: Nat Fleischer.
Round: 3 minutuko borroka zatia (erne gong entzun orduko); borroka saioak 2 round, 6, 8, 10 edo 15ekoak izan daitezke.
Punch: oso jende gutxik daukan zera… badakizu!
Punch mota zenbait: crochet, hook, swing, uppercut, direktoa, jab, bat-bikoa (eta ahal izanez gero, bat-bi-hirukoa).
Eskularruak: boxeolariak eskuetan eraman ohi dituen estalki bereziak; 12 ontzakoak entrenamentuetan, 10ekoak pisu astunekoek, 8koak amateurrek eta 6koak profesionalek.
Muturreko: muturrean eman edo hartzen den ukaldia; Hauta-Lanerako Euskal Hiztegiko adibideetarik bat: «mutur-jokalari bizkorra»; beste bat: «muturreko galanta».
Hortzetako: (geratzen zaizkienei) hortzak babesteko gailua.
Gibel: behazuna jariatzen duen erraia, odoleko zenbait gaietan aldakuntza garrantzizkoak eragiten dituena; gogoan har: «halako gibel-handirik ez dut sekula ikusi» eta antzeko esamoldeak; ikus badaezpada Koldo Izagirrek argitaratutako Euskal Lokuzioak: gibelondo, gibelzabal, gibel jale, gibel beldurti.
Baselina: harroliotik ateratzen den gaia, koloregabea eta gantzatsua, hainbat sendagai prestatzeko erabiltzen dena.
Kategoria: boxeolarien pisuaren araberako sailkaketa: astunenetik arinenera: heavy, mid-heavy, middle, welter, light, feather, bantam eta fly (tarteko zenbait kontuan hartu gabe).
Amateur: profesionala ez den hura: gutxi gorabehera denok dakigu zergatik den astunagoa fly amateurra (51 kilo gehienez) fly profesionala (50,802 kilo gehienez) baino, welter amateurra (67 kilo) welter profesionala (66,679 kilo) baino.
Izen bereziak: Sullivan, Corbett, Jeffries, Johnson, Shmeling, Carnera, Baer, Louis, Marciano, Patterson, Ali (Clay), Frazier, Stevenson, Foreman, Spinks, Holmes, Tyson, Holyfield.
Manager: boxeolariaren lepotik bizi den gerente edo gobernaria; ezaugarriak: dotore jantzia, zuria, azpijokoetan trebea.
Tongo: diru truk irabazia izaten uzteko egiten den iruzurra.
Xukadera: gorputz atalak lehortzeko erabili ohi den zapia; gehiago eutsi ezin eta, ring gainera botatzen den horietakoa.
Gimnasio: gorputza indartzea eta zailtzea helburu duten gorputz ariketak egiteko espreski prestaturiko lekua; adibidez: Biarritz Boxing Club edo Vitoria Boxing Club.
Boxing-bag: edo punching-bag: boxeo entrenamentuetarako hondarrezko zakua; punching-ball: ukabilez jotzen den bola.
Filmeak: The Set-Up (Robert Wise, 1949). The Harder They Fall (Mark Robson, 1956), Fat City (John Huston, 1972). Raging Bull (Martin Scorsese, 1980).
Gerriko: «Burdinazko katea zeukan gerrikotzat» (urrerik ez).
Telefonoa: adibidez, 444 86 64, Bizkaiko Boxeo Federaziokoa (Bilboko Iparragirre kaleko 46. peora).
Lubaki banda
«Boxeoko entziklopedia desordenatua», Susa aldizkaria, 32. zenbakia, 1994ko uztailean


