Betaurrekoak behin eta berriro lurruntzen zaizkio Sotori
Zeberiok gaiztakeria txikia egin die: «Horra, hori duk gailurra», esan die.
Azken indar erreserbak eta geratzen zitzaien ur apurra ahitu dituzte beste biek.
Gailurrera iritsitakoan, ordea, Sotok eta Lazkanok motxilak erantzi bezain laster, aurrera segitu du Zeberiok, txistuka.
—Hor atzean da: beste muino bat falta zaiguk.
—Beste muino bat dago?
Beste muino bat, eta beste bat. Zeberiok adarra jo die behin eta berriro. Eta ez dio esateari uzten: «Hor, eta hor»; edo: «Hor ezta okurritu ere»; edo: «Hor hezeegi».
Agian hori da lezioa: beti dago beste muino bat.
Lanbroa sartu da oharkabean. Goroldio puntua nagusitzen hasi da berriro. Logikaren kontra zerutik datorren goroldio lurruna.
«Maite ditut maite, gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkidanean», abestu du Zeberiok.
Lazkanok txistuka lagundu dio, konpartsa hutsa da bera, bigarren ahots urruna, beti izan da hori beste bien ondoan —«uh, uh; wah, wah»—.
—Euririk ez ahal dik botako…
—Ez, ateri eutsiko ziok.
Baina ez dio eutsi.
Zeruak eta lurrak urratuko dituela dirudien trumoia lehertu da. Durundiak tinpanoak zulatu orduko, erabateko soilgunean harrapatu ditu zaparradak, babesteko zuhaitz triste bat ere gabe. Oinetakoak blai, udako arropa mela-mela, kopetako ile tantakaria etengabe apartatzen duen arren, betaurrekoak behin eta berriro lurruntzen zaizkio Sotori, lekutan da bere tupea. Praka motzak ekarri dituzte, Zeberio da artilezko galtzerdi luzeak daramatzan bakarra. Sotok eta Lazkanok ebaki txiki sorta ederra dute orkatiletan, sasi eta sastraken erruz. Birritan erori da Soto, lokatzetan laprast eginda. Sotok, ez eramateagatik, botarik ere ez baitarama, sekula eranzten ez dituen zapatilak baizik. Zeberiok eta Lazkanok lagundu behar izan diote altxatzen. Erortzen den aldiro, maldizio pare bat jaulki eta bere motxila haztatzen du, beste biei deus esan gabe hartu duen ardo botila puskatu ez dela ziurtatzeko. Ez du Lazkanok Soto sekula horren haserre ikusi.
—Ateri eutsiko ziola? Putetxeko madreak eutsi ziok ateri.
Zeberiok ezin die aitortu, baina ongi ezagutzen ez duen saihesbide bat harrarazi die, lehenago iritsiko zirelakoan. Galduta dago orain.
Harkaitz Cano
«Hiru lagunak», Twist, Susa, 2011

