Bere baitariko haizeak zeragion su azkarra zen
Bitoriano Gandiagari Ramon eta Anton Egigurenek Euskal idazleak, gaur libururako 1977an ateratako argazkia
«Nire aitaren etxea
defendituko dut», esan zuen
bat bateko suak.
Deihadarrak entzun ziren
suaren kontra
lekaioak suaren alde.
Urez heldu zitzaizkionak
indartu egin zuten;
adarrez eraso ziotenek
haserretu.
Bere baitariko haizeak zeragion su
azkarra zen.
Alferrik ginen urruti
ilinti zaharak gordetzen,
bat baterako argi beroak
jo ginduen ta itzul arazi.
Errausle ta sortzaile zetorren,
bihurri ta martzal;
zaharkinei atxikiz, aitareneko
ganbara ta ate-osteko
ezertarako ez zen oro
erre zuen
ta argia sartu etxean,
baliorik
eta etorbiderik zuena
harri ta herriren
begitan jarriki.
Erreturan
belar berria erne da,
garia, bideak,
ihardun-poza.
«Nire aitaren etxea
defendituko dut», dio
«HARRI ETA HERRItatik
abots gorenak.
»Nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik», darantzuio
«harrizko herri hau»
beteko
erantzunak.
Bitoriano Gandiaga
«Gabriel Arestiren Aitormenetan», Agiriak: Euskal poetak eta artistak G. Aresti-ren omenez, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978

