Antsigarturiko lora ezin da mintzo txit gora
Mikel Goikoetxea Txapela eta bere bikotea Izaskun Ugarte Valensolen, GALek Txapela hil baino lehenago.
Hea nork erregalatzen digun
marfilezko dorre bat
eztezagun ikus
hemen gertatzen dena
.
Gabriel Aresti
Antsigarturiko lora
ezin da mintzo txit gora
ez gara bizi gustora
ta goaz artez zulora.
Gauak ez dakar ilargi
baratzean ipurtargi
aurrerabidea nagi
mingotsa da gure ogi.
Lamiak daude errekan
bisuts zorrotza ordekan
euskal jendea atekan
ezin eutsirik orekan.
Aberatsa sutondoan
landerra, berriz, sotoan
urrikalgarri jitoan
marinela itsasoan.
Eper bizkorra ihesi
belea karrakan hasi
nekez da garia hazi
zaigu hirakaz nahasi.
Zeruan daude izarrak
ihartu dira lizarrak
euskaldunon kexa za’rrak
etengabeko negarrak.
Hodei-lanbroen langarrak
bustiak ditu sagarrak
urre gorrizko bizarrak
kiskali ditu sugarrak.
Itsasoaren goraintzi
enbatak dakar irrintzi
Kantauriaren altzoan
gudari hila ehortzi.
Ikazkinak txondorrean
egur bilduma erretzean
kaioak hegan dabiltza
Txapelaren ohorean.
Itsasoa laino dago
Baionako barraraino
erresumin etsitu hau
ez da itzali oraino.
Ondarea txit latza
maitasunaren oinatza
haren emazte ta umeak
deitorearen hondartza.
Goiztiriaren haiduru
gauean dager leinuru
haren gomuta sakonak
na’sten nau bihotz ta buru.
Euskaldunaren malura
presarik gabeko ura
halatsu esneak ere
jarion ohi dik gazura.
Anaia mintzo zait hola:
«horrek niri bost axola»
anaia ergel etoa,
non duk aitaren odola?
Igelak salto zingiran
armiarmak tirabiran
dirua izanez gero
anaia espainol jiran.
«Euskaldunon asturua
ez da gauza segurua»
Arestik zer esango ote
altxako balu burua?
Uhinen joan-etorria
Bidasoaren hesia
euskaldunon bihotzean
zornaturiko zauria.
Gu ez gara juduak
zanpatzen gaitu guduak
arrotz gara gur’Herrian
eta arrotzen jopuak.
Arrastian eguzkiak
esnatzen ditu piztiak
anaiaren hitz saminak
traizion-eden eztiak.
Gerla honen hobaria
heriotzaren habia
espainolak izatea
merezi dugu saria.
Euskaldunon zuhurtzia
da ohore-gabezia
hire hitzetan, anaia
ezagun duk gutizia.
Mingostasunaren alde
ez naiz mintzatu debalde
hire hitz lotsagarriak
arras beazun-ekarle.
Halere ez dut a’ntziko
arrats hura Txingudiko
anai’etoaren alde
Txapela ez dut erantziko.
Joxe Austin Arrieta
Bertso-paper printzatuak, Elkar, 1986

