Telesforo Monzon erbestean New Yorken
Jon Mirandek Telesforo Monzoni 1948 eta 1957 urte bitartean idatzitako bost gutun
Jon Mirandek Telesforo Monzoni 1948 eta 1957 urte bitartean idatzitako bost gutun
Telesforo Monzoni gutuna 1. gutuna, 1948/01/30
Paris, 1948’ko ilbeltzaren 30gna
Jaun aberkide maitea,
«Urrundik» zure olerki-liburua irakurri berria naiz, eta lerro zenbait biali nai nizkizuke esateko nolako atsegiña artu detan ura irakurtzean.
Euskerazko irakurgai onak ain xuur izan-ezkero eta gañera, Euzkadi’ko jaurlaritzean gogo-lantzako burukidea zeralako, zure ezaguera egin nai nuke; zuri idatziz baizik ez bai-dezaket egin, barkatu otoi ene lautasuna.
Barkatu zaidazu, alaber, ez detalako euskera obeto erabiltzen. Jatorriz Zuberotarra naiz, bañan ogei urteak arte euskerarik ez nakièn. Ikastolan arrotz-izkuntzak ikasiarren, ene abendarena ez jakitea zer damua zala oartu nintzan orduan, eta ba ditu bi urte euskera ikasten alegintzen ari naizela.
Atsegin nuke euskal-jakintzako gaietaz zurekin itz-egitea idazki bidez, naiz ez naizen oraindik trebeenetarik giputzeran.
Ene gutun au ulertuko dezulakotan alare, egoiten naiz,
zure zerbitzari
J. Mirande
Mr Jean MIRANDE
106 Brd Davout
Paris XX
Telesforo Monzoni 2. gutuna, 1948/02/18
Monzon-Olaso’neko T. jaunari
Paris’tik
1948ko otsailak 18
Adiskide maitea,
Astebete ba du gaur iritxi zaitala zurea. Bai poztu nauala ene letrari ain laster erantzuna izaiteak!
Diozu nai zendukela jakin zer ikasten ta egiten ari naizen, eta zer asmoetan nabillen: emengo Dirutza-Burukidetzean ari naiz lanean, azken lau urte ontan. Ez dezaket esan lan atsegin bat dala, ba ordean aspergarri… Denbora ez galtzeko jarraitzen diot ikasteari, bereziki izkuntz-ikasteari, ingelesa, españera, eta orain, guzien gañetik, euskera.
Gure izkuntza ikasten ibiltzen naiz Paris’ko Euzko-Ordezkaritzean; Lapurdi’ko izkelgia digute irakasten, eta ikasten detan pixka ontzen ta geitzen det lagun «manex» batzuekin ibilliz (orrela zuberotarrak derizaiotegu Lapurtar ta Be.Nabarrei)
Gurasoak Euskaldun garbiak ditut, bañan Euskadi’ko aita-ama geiegi bezela, ez zidaten euskera irakasi. Orain alare, aiekin zuberoera ikasten asia naiz.
Bañan ene iritziz, onura aundia litzake Euzkotar guziok euskera bat bakarra erabiltzea ta uste det egokiena giputzera litzakela, beste euskalkiai artutako itz ta esakera zenbait arri josita. Ongi ikasi nai nuke, zail zait ordea Gipuzkoar gutxi ezagutzen ditudalako, eta liburuetan baizik ez bai dezaket estudiatu. Laguntza aundia demadate Lopez-Mendizabal’en iztiak ta ikasbideak gai ontan.
Bai, iñoiz Paris’era etortzen ba zera, dei egin zaidazu edo ene etxera zatoz: zure ezaguera atseginekin egin nezake, mintzaldi luze bat zurekin izateko Euzkadiz ta euskerataz.
Ni ere zure iritzekoa naiz, osoki: euskera gabeko abertzaletasuna zorokeri utsa dala, ta ezer ez besterik! Zoritxarrez, zenbat Euzkotarrak, naiz beren buruak abertzaleak deitzen, beti erderaz mintzo dira, batzuetan euskera ondo jakin arren. Orrelako makiña bat ezagutu ditut emen Paris’en.
Alare ez det itxaropena galtzen, eta ziur naiz azkatasuna ta berjabetza lortu ezkero, euskal-ikastolen bidez, geure ele zarra gaizkatua izango dala.
Naiz muga alde ontakoa, abertzale sutsua naiz ni ere, eta ez det arrotzen uztarria begi onez ikusten geure aberri laztanean. Zerbait nai nuke egin Euzkadi’ren alde, bañan ez dakit nola…
Orain berean etorri zait Jean Loustau’k bialitako letra bat. Pozik irakurri det, eta ziurki, bereala erantzungo diot. Eskerrik asko, jauna, ene zuzenbidea igorri diozulako!
Ar itzazu biotzetik bialtzen dizkizudan zorionak.
J. Mirande
Telesforo Monzoni 3. gutuna, 1948/04/12
Paris, 1948, Lorillak 12
Jon Mirande Jna
106 Brd Davout Paris XX (PRANTZIA)
MONZON-OLASO’neko Telespor jaunari,
Donibane-Lohitzun (EUZKADI)
Jaun aberkide maitea,
Barkatu otoi zerbait zuri galdetzeko zuzentzen ba’natzaizu gaur:
Ezagut-erazi didazun adizkide berriak, Jean Loustau’k azken gutun batean aipatzen zidan zure bigarren olerki-liburua, «Gudarien egiñak».
Ez nakien ba zanik ere eta asmatu dezakezu beraz ene atsegiña ori jakitearekin. Paris’ko eusko ordezkaritzean eskatu nuen bereala, bañan, ondikotz! an ez zuten salgai…
Esker aundia nizuke beraz esan ba zinezat nun arkitu dezaketan zure bigarren idazti au, zein liburu-saltokitan; len-bai-len eskuratu nezake eta ziur nago «Urrundik» irakurtzean artu nuen poz bera emango ditala onek ere, bereziki euskotar gudari bikañen egintz aintzagarriak bai’dakarzki.
Aberkide ospetsua, berriz ere gure azkespena eskatuz amaituko det ene gutuna.
Artu itzazu neure euskal agurrik onenak, J.E.L. baitan.
J. Mirande
Orain duela denbora gutxi artu nuen eskutitz bat, P. Oihanburu «Gernika» bazkunekoarena. Ene izena zuk emana duela dio, eta erantzun egin diot luzatu gabe.
Telesforo Monzoni 4. gutuna, 1948/12/17
Paris 17/12/48
Jaun adizkide maitea,
Zure gutuna artu nuen ta pozik irakurri ene bertsoak maitatu zenituela. Eskerrak dizkizut zure iritzia ain garbiki emateaz. Esan gabe dijoa baimena ematen dizudala nai dituzun olerkiak ager-erazteko irudi ba’zaizu balio zerbait badutela.
Geroxeago idatzirik ditudan beste batzuek bidaliko dizkizut: lehengoak baño alaiago dira, maitasuna ta Izadia aitatzen dituzte-ta.
Esan zinidan olerki-idazti berri bat argitaltzekotan ziñala. Itxaropenez nago laster gertua izango dala, zure bertsoak oso ederrak bai’zaizkit. Maiz irakurtzen ditut jadanik ditudan zure bi liburuak «Urrundik» ta «Gudarien egiñak» eta beti poz berarekin. Egia diozu: euskal idaztankera berri bat sortu dezu zure bi lan oriekin eta nai nizuke jarraitu aladiña.
Emen Paris’en gauden euskaltzale gazte batzuek euskerazko aldizkargi elatun [?] bat ager-arazteko asmotan gara, naikoa dirua bilatzen ba’degu bederen. Baño ori oso zala da, ta alare irudi zait artan dala gure ele aberkoia berpizteko bide bakarra: euskal elerti bat eratu, beste edozein erritakoaren mailara elduko litzakena.
Jauna, uzten zaitut aldi ontako.
Zure adizkide leial dan
Mirande’tar Jon
Mirande’tar Jon Jna
Davout Zun. [?] 106ean
Paris XXgarrena
Telesforo Monzoni 5. gutuna, 1957/4/2
J. MIRANDE
106, bld DAVOUT
PARIS XX
1957-4-2
Adiskide maitea,
Zure olerki-lana «lau kantari eta xori bat», Zurgin Zaharra antzerkitik hartua, hartu berri dut, eta eskerrak dauzkizut igorri dautazulakotz. Atseginekin irakurri dut; zoritxarrez, iduri guztien arabera, ezin jinen naiz Donibanerat delako antzerkiaren ikhustera, baiñan, behar bada, behin Parisen emanen dute hemengo euskaltzaleek?
Ikhusten dut orai naphar-laphurtarrez izkiriatzen dituzula zure lanak. Nik ere «gipuzkera osotua» utzixea dut, eta Villasante Aitaren ideiek hartaraturik, azken urthe hauetan «laphurtar klasikoz» egin ditut ene idazlanik gehienak. Dena dela, aspaldi hontan ez dut deusik ondu: ama eri izan dut, eta bertzalde, zailtasun bereziak izan ditut –eta ditut oraino– ene langintzan; ez dut beraz kultura lanerako asti ez eta gogo handirik. Hala ere, lan labur zenbait idatzi nahi nituke Euzko Gogoa-rako eta Egan-erako.
Berriz ere ene eskerrona zuri agertuz, egoiten naiz
zure zerbitzuko
Jean Mirande
Mikel Soto
Adiskide maitea
Gutun hauen garrantziaz
Patri Urkizuk apailatu zuen Jon Miranderen gutunak: 1948-1972 (Susa, Zarautz, 1995) libururako Txomin Peillenek idatzi zuen «Eskutitz aurrea»n dioen bezala, «Jonen eskuko idazki guztiak ez dira berdin garrantzitsuak», baina Olaso Dorrea Fundazioak Miranderen beste izkribu ineditoekin batera argitaratzeko utzi dizkigunak ezbairik gabe garrantzitsuak dira; azalduko dut zergatik.
Lehenik eta behin, Urkizuren bildumako zaharrena, Saint-Nazairen bizi zen Jon Loustau-Daudine euskaltzale eta abertzaleari zuzenduta dagoena, urte bereko otsailekoa da eta Miranderen bigarren gutun honek iradokitzen digunez, Monzon izan zen Loustau eta Mirande lotu zituenak: «Orain berean etorri zait Jean Loustau’k bialitako letra bat. Pozik irakurri det, eta ziurki, bereala erantzungo diot. Eskerrik asko, jauna, ene zuzenbidea igorri diozulako!».
Bestetik, 1948 eta 1953 urte bitartean Miranderengan gertatzen den pentsamendu aldaketa erradikalaren aurrekoak direlako eta, beraz, berehalako gerraostearen Jon Mirande abertzale kristau eta demokratarenak direlako.
Hala, bada, bere kezka abertzaleak agertzen zaizkigu, hizkuntzari zeharo batuak eta Miranderen euskalduntze prozesuaz –eta bere lehen euskaraz– informazioa ere ematen digutenak, besteak beste, lehen gutun horrek behin-betiko finkatzen du Miranderen euskalduntzearen hasiera, 1946. urtea; «ogei urteak arte euskerarik ez nakièn (…) ba ditu bi urte euskera ikasten alegintzen ari naizela».
Horrez gain, orain argitaratzen ditugun gutun hauek, bere literaturaren eraginak, hastapenak eta planak ere azaltzen dizkigute, beraz, ezin esker onekoago gaude Telesforo Monzonen ondare miresgarria zaindu duten lagunekiko eta Olaso Dorrea Fundazioarekiko.
Euskera gabeko abertzaletasuna zorokeri utsa
Esan dugu aurretik ere, Jon Mirande euskaldunberria zela, Txillardegi, Aresti eta garai hartako hainbeste euskal idazle bezala. Gaztaroan, ikastetxeko lagun bretoi baten bidez jabetuko da gurasoak euskaldunak izanagatik ez diotela beren hizkuntza irakatsi nahi izan, Txomin Peillenek kontatzen digun bezala, «horregatik Jon Mirandek lehenik bretoina ikasiko du, Gerla Orokorraren urteetan, eta geroago euskara».
Peillenek ongi azaldu izan du mirandetarren etxeko egoera diglosikoa: «Elkar bizitza diru egoera hertsi batekin elkar ezin ulertuz joan zen: gurasoak beren artean beti euskaraz eta gizartean hobeki integra zitezen frantsesez haurrekin. Joni, beti frantsesez baina Simonekin itzuli berrian euskaraz ere. 1931. urtean zuberotar euskara zelarik arrebaren eta askazien hizkuntza Jon bakarra zen ez zekiana. Hizketak frantsesez kantuak euskaraz: aita euskal kanta zale handia zen. Hogei urteak inguruan Jon euskara ikasten hasi zen; Piarres Charritonen ustez haren lehen irakasle Saint-Ferdinand des Ternesko Mendiola gipuzkoar apez bat espainolen gerra zibilarekin ihes etorria». (Txomin Peillen Karrikaburu, Jon Mirande, olerkaria. Jon Mirande poète parisien, Euskaltzaindia, Bilbo, 2012. 19 or.). Eta Mirandek Monzoni hauxe bera azaltzen dio: «Gurasoak Euskaldun garbiak ditut, bañan Euskadi’ko aita-ama geiegi bezela, ez zidaten euskera irakasi. Orain alare, aiekin zuberoera ikasten asia naiz».
Peillenek argitaratzen ditugun Monzoni zuzendutako lehen lau gutunen ondoren ezagutu zuen Mirande euskara ikaslea: «Urte berean 1949an Jon Mirande zuberotar jatorrizko idazle berria ezagutarazi zidan. Haren bizpahiru euskal klase jarraitu nituen; ba omen nekien aski, bakarrik hobetzeko eta Andimak gipuzkeraren ikasteko Bera eta Mendizabalen metodoa eman zidan» (Txomin Peillen, «Jon Mirande 1950-1960 urtetako hamarkadan», Egan, 2001, 3-4 zenbakiak. 65. or.).
Mirandek gutunotan baieztatzen egiten ditu Peillenek hainbat argitalpenetan euskarari buruz kontatu dituenak epe, fase, euskalki eta abarrei buruz. Eta, beharbada, niretzat harrigarriena Mirande euskaldunberriak duen hizkuntzetarako gaitasuna da, aldez aurretik ezagutzen genuena, baina beti harritzen nauena (berriro ere, oroitu beharra dago bazekiela hitz egiten eta irakurtzen euskaraz, bretoieraz, frantseseraz, espainieraz, alemaneraz, gaelikoaz, italieraz, ingeleraz, baita latin eta grekera klasikoaz ere, eta beste hainbat hizkuntza ezagutzen zituela).
Monzoni zuzendutako lehen gutunean, «Barkatu zaidazu, alaber, ez detalako euskera obeto erabiltzen» esaten dio, baina harrigarria da ze neurrian gutun hauek ulertu egiten diren, garai bereko beste euskaldunenak ez bezala. Hori konpartitzen zuen Telesforo Monzonekin: «Monzonena [euskara] harrigarri egungoa eta modernoa egiten zaigu. Bergararra izaki, ez zen erabat gipuzkoar, ez guztiz bizkaitar, bazuen bietatik. Donibandarra izaki, lapurtarra zen mintzoz; liburuzalea izaki, klasikoa zen irakurtzez. Hangoa bezala hemengoa izate honek halako euskara berezi, aberats eta pre-batua lez post-batua ere bataia genezakeen eredua sortarazi zion euskalkien ñabardurak maisuki profitatuz. Hogeita hamar urte geroago, batua finkaturik zegoela, hartara egokitzeak ez zion batere gatzik kendu bere-berea zuen hizkera literario benetan zoragarriari» (Koldo Izagirre, Bidegileak: Telesforo Monzon [1904-1981], Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen zerbitzu Nagusia, Gasteiz, 1999. 11. or.).
Gabriel Arestirekin gertatzen den bezala, Mirande irakurtzerakoan gure sentsazioa da batuaren aurreko euskara batu batean idazten duela eta, horren arrazoia bilatu behar izatekotan, gutun hauetan agertzen den euskara batuarekiko hasieratiko jarrera argia eta irmoa: «Bañan ene iritziz, onura aundia litzake Euzkotar guziok euskera bat bakarra erabiltzea ta uste det egokiena giputzera litzakela, beste euskalkiai artutako itz ta esakera zenbait arri josita».
Mirandek eta Monzonek konpartitzen duten beste gauza bat da –beharbada erarik sakonenean konpartitzen dutena– Euskal Herriaren eta euskararen munduan gertatzen zen edozerekiko begi-belarriak, adimena eta bihotza zabalik edukitzea.
Belaunaldien, lurraldeen, ideologien, estiloen, generoen eta euskaren arteko zubigile handi bat izan zen Telesforo Monzon, Pako Sudupek eder dioen moduan: «Zubigile izan dugu Monzon, Ipar eta Hegoaren arteko zubigintza kultural eta politikoan ahalegindu dena. Bere parabola eta sinboloez, nahiz ekintza zehatzen bidez, zazpi euskal herrien batasuna eraiki beharra aldarrikatuz, eta Nafarroaren garrantzia gain-gainetik nabarmenduz. Gerra aurreko eta ondoko abertzaleen arteko zubigile. Erabili duen euskara ere ahozkoa nahiz idatzizkoa, ildo berekoa, Ipar eta Hegoko euskalkietarik edanez baturako bide nabarmenean abiatua» (Pako Sudupe, «Ipar-Hegoko idazleen harremanez», Egan, 2001, 3-4 zenbakiak. 43. or.).
Horregatik jo zuen Jon Mirande gazteak Telesforo Monzonengana.
«Zerbait nai nuke egin Euzkadi’ren alde, bañan ez dakit nola…»
Joxe Azurmendik aspaldi «abertzale absolutu» gisa definitu zuen Jon Mirande eta gutun hauetan agertzen zaigun abertzalea, oraindino kristaua eta demokrata da, ikusten denez, jeltzaletasunetik gertukoa. Telesforo Monzoni lehen gutuna idatzi eta bi hilabetera gutun luze bat idazten dio Jon Loustau donapaldarrari «Jainkoak zaiñt dezala Euzkadi» batekin ixten duena:
«Ni ere kristotarra naiz –bai eta demokrata ere. Bainan izena baino nahiago dut izana (erraiten ohi den bezala) eta ezin ahantz dezaket gehiegi aldiz arrotzek atzipetuak izan garela iragan denboran, Eliza edo Demokratagoa zaintzeko aitzakian– 1789’ko erkaldarrak demokratak othe ziren geure lege-zaharra kendu zaukutenean? “demokratak” ordutik hunat, ikusi ditugun frantses jaurlaritzak, nahiz beren buruan hola deitzen?
Bertzalde, orhoit naiz Nabarra’ko bakalderri eskualdunarekin nola jokatu ziren lehenago Erroma eta Kastilla’ko errege katolikoak –eta naiz Girixtinoa izan, bihotza samintzen zait. Egiari zor bai zaion ezin ukha oraiko egunetan (eta bereziki Hego-Euzkadi’n) aphez hainitz direla abertzaletasunaren adixkideak, bai eta geure mintzaien zaintzallerik sutsuenak.
Ororen gaiñetik maite dut azkatasuna. Sekulan emaitze eder hori jin ba lekio geure aberriari, oi nere poza! Bañan gogoa ilhun ta aphal daukat dakuskidanean gure herritarren zabarkeri ta nagikeriak.
Hemen Paris’en bretoin abertzale gazteekin ibiltzen naiz. Ezagutzen ahal dituzu, izenez bederen, “Breizh atao” (Bretaña bethi) eta P-N-B’a (Bretoina abertzale alderdia)? Nahi nuke ikhus ba gineza gazte horien kharra! Askok ez zakiten haurretik beren abendako hizkuntza, berriz ikasi dute, eta beren artean, bretoineraz ari dira bethi. Guk, aldiz, ez ditugula maizegi ahanzten Arana-Goiri’tar Sabin’en hitz horiek: Euzkadi da Euzkotarren aberria eta EUSKERA EUZKOTARREN HIZKUNTZA?». (Jon Loustauri gutuna, 1948/03/09, Jon Miranderen… op. cit., 23-24 orr.).
Gutun sorta honetako hirugarrenean ere, «Artu itzazu neure euskal agurrik onenak, J.E.L. baitan» batekin agurtzen du Telesforo Monzon. Loustauri gutunean zein Monzoni zuzendutako gutunetan Miranderengan aldatuko ez diren bi elementu argi daude: abertzaletasuna eta horren oinarri izan behar duen euskara eta euskaltzaletasuna:
«Euskera gabeko abertzaletasuna zorokeri utsa dala, ta ezer ez besterik! Zoritxarrez, zenbat Euzkotarrak, naiz beren buruak abertzaleak deitzen, beti erderaz mintzo dira, batzuetan euskera ondo jakin arren. Orrelako makiña bat ezagutu ditut emen Paris’en.
Alare ez det itxaropena galtzen, eta ziur naiz azkatasuna ta berjabetza lortu ezkero, euskal-ikastolen bidez, geure ele zarra gaizkatua izango dala.
Naiz muga alde ontakoa, abertzale sutsua naiz ni ere, eta ez det arrotzen uztarria begi onez ikusten geure aberri laztanean».
Telesforo Monzon gaztea mitin bat ematen
Gabriel Aresti poeta bilbotarra
Telesforo Monzonen Euskadiko Gobernuko pasaportea
Urrundik, euskal erbestean argitaratu zen lehen liburua (Mexiko, 1945)
Garai hartako abertzale eta euskaltzale zaharren artean euskararen zentraltasuna ez zen hedatuena, horri buruz ezagutzen ditugun makina bat anekdotek erakusten dutenez; Euskaltzaindiak bileraz gazteleraz egiten zituen, Txillardegi eta Jone Forcadak eri zegoen Orixe bisitatzera joan eta haiek euskaraz hitz egin arren, Orixek behin eta berriz gazteleraz zuzentzen zitzaien, eta abar.
Euskararekiko maitasuna, euskararen zentraltasuna eta euskaltzaletasun koherente hori izango da Monzonek eta Mirandek konpartituko duten gauzetako bat, Miranderen inguruko hainbat lagunekin partekatuko dutena, hala nola, Txomin Peillen eta Andima Ibiñagabeitia: «Bretoien bidez Pariseko euskaldunak ezagutu behar nituen. Orduan Eusko-Jaurlaritzak Pariseko Avenue Marceaun bazuen etxe eder bat. Han biltzen ziren kantari, dantzari eta euskal Ikasleak. (Etxe hori Mitterrand orduko Barne Ministroak Francori eman zion denbora berean Euskadi Irratia debekatzen zuelarik) Lehen aldian Andima Ibiñagabeitia ezagutu nuen. Esan nion euskal nazionalismoarekin interesatua nengoela. Hark erantzun euskara lehenik ikas ezazu, eta gero ikusiko duzu abertzaletuko zaren ala ez, baina ez bilaka nazionalista gaztelaniaz baizik hitz egiten duten horien modukoa» (Peillen, «Jon Mirande 1950-1960…», op. cit., 64. or.).
Aipatuez gain, argia da Mirande Monzonengana hurbiltzen duen beste elementu bat: «Euzkadi’ko jaurlaritzean gogo-lantzako burukidea zeralako, zure ezaguera egin nai nuke» esaten dio lehen gutunean, «Atsegin nuke euskal-jakintzako gaietaz zurekin itz-egitea idazki bidez». Baina are argiago azaltzen dio bigarren gutunean Monzoni nahi duena, herabe –ia nerabe– bezain maitagarri: «Zerbait nai nuke egin Euzkadi’ren alde, bañan ez dakit nola…».
Diodan bezala, herabe agertzen da Mirande Monzonengana; aberriaren alde zerbait egin nahi duen gazte bat da, ni neu Iruñeko Jarraiko egoitzara aurrenekoz joan nintzeneko aldia gogora ekartzen didana. Errespetuz eta miresmenez hurbiltzen da Telesforo Monzonengana, nik ikusi ditudan Miranderen idazki guztien arteko letrarik onenarekin. Aberriaren alde egiteko, ezinbestean, aurreko belaunaldiko abertzale batengana jotzen du, baina ez edozeinengana, nahita, Monzonengana jotzen du hainbat arrazoirengatik, nire ustez, esan bezala bata bere euskaltzaletasuna da, eta bestea bere alderdi literarioa, hots, idazlea delako.
Euskal elerti bat beste edozein erritakoaren mailara
Badaude beren gogoaren kontrara idazle direnak, Lauaxeta, kasu, eta badaude gazte-gaztetatik idazle izan nahi dutenak haien ingurua harritzen duen erabakimen batekin. Hiru kasu aipatzearren, Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga edo Harkaitz Canoren gaztetako anekdota literarioetan, behin baino gehiagotan nabarmendu dute kontagileek idazle izateko haien gogo eta erabakitasuna.
Miranderen kasuan ere, badirudi literaturarako eta idazteko grin hori oso gaztetatik datorrela eta, berriz diot, ez dirudi erbesteko abertzale guztien artean Monzonengana zuzentzeko egin zuen hautua hortik urrun dabilenik. Bila dabilenak aurkitu ohi du, eta Txomin Peillenek kontatzen du nola osatu zen Miranderen aurreneko lagunarte literarioa: «Laster [1949. urteaz ari da] hilabetero Ibiñagabeitia, Mirande, nire anaia eta lauak bildu ginen arratsaldeetan bataren edo bestearen etxean tertulian. Kafe eta kopa artean elkarri erakusten genizkion, kritikatzen eta zuzentzen gure idazkiak. Garai hartan Mirandek 50etik 53ra irakurri zizkigun Euzko-Gogoan eta Gernikan argitaratu ziren poema gehienak gipuzkera osatuan zeuden» (Peillen, «Jon Mirande 1950-1960…», op. cit., 65. or.).
Mirandek idazten hasi den poema horiek norbaitekin konpartitu nahi ditu eta, gutun hauek erakusten dutenez, Ibiñagabeitia eta peillendarren zirkuluarekin konpartitu aurretik, gutunen bidez ezagutu berri dituen Loustau («Ni ere nahi nintzateke bertsolari izan —bertze letra batean igorriko dauzkitzut menturaz euskeraz idatzi nituen bertso batzu», Jon Loustauri gutuna, 1948/02/19) eta Monzonekin konpartitzen ditu bere aurreneko lan horiek, 1948ko abenduaren 17an Monzonen iritzia jasotzen baitu: «Zure gutuna artu nuen ta pozik irakurri ene bertsoak maitatu zenituela. Eskerrak dizkizut zure iritzia ain garbiki emateaz. Esan gabe dijoa baimena ematen dizudala nai dituzun olerkiak ager-erazteko irudi ba’zaizu balio zerbait badutela.
Geroxeago idatzirik ditudan beste batzuek bidaliko dizkizut: lehengoak baño alaiago dira, maitasuna ta Izadia aitatzen dituzte-ta».
Zentzu horretan, bitxia da Txomin Peillenek bere literaturaren euskal eraginak zeintzuk diren aipatzeko hain zuzen ere Monzonen Urrundiken ezagutza berantiarra aipatzea, baina baliteke adibide hori jarraian euskal literaturan politikaren presentziaz esaten dituenak arrazoitzeko erabiltzea: «Telesforo Monzonen liburuak oso berandu arte ez nituen ezagutu Urrundik 1965.ean erosi eta irakurri nuen; bazuen hogei urte argitaratua zela. Ez zuen gure artean, Parisen, eraginik izan. Halere ezin onartu dezaket kritiko gazte batzuentzat euskal literatura duela hogei urte hasi balitz bezala idaztea Atxaga izan dela lehena politika euskal narratiban sartu duena. Nire aurretik eta nik gerra zibilaz Itzal Gorria 1972an argitaratu baino lehen, Martin Ugaldek, Telesforo Montzonek eta Toriblo Etxebarriak gai horietaz idatzi zuten» (Peillen, «Jon Mirande 1950-1960…», op. cit., 85. or.).
Izan ere, gutun hauek argi uzten dute Mirandek Monzonen obrak ezagutzen zituela, estimatzen zituela eta jarraitu beharreko eredutzat zituela: «Maiz irakurtzen ditut jadanik ditudan zure bi liburuak “Urrundik” ta “Gudarien egiñak” eta beti poz berarekin. Egia diozu: euskal idaztankera berri bat sortu dezu zure bi lan oriekin eta nai nizuke jarraitu aladiña».
Idazle batzuk besteen kontra –literarioki edo politikoki– jartzeko dugun ohitura negargarriak sarritan idazleen eragin naturalak –norberaren hizkuntzaren literaturakoak, bistan denez– oharkabean pasatzen uztera garamatza.
Zentzu horretan, Miranderen poesiari buruzko lehen monografiaren egile den Luis Mari Mujika bera ere, hainbeste alderditan poesia hori era sakon eta maitekorrean aztertu duena, ez da libratzen gure mania banderizo honetaz (Mujikaren kasua aipatzen dut, hain zuzen ere lehen monografiaren egilea delako, gerora beste askok alderdi honetan akats bera egin dute aurrenekoak izatearen aitzakiarik gabe). Hala, bada, Mirande-ren poesigintza liburuaren lehen alearen II. zatian, Miranderen poesia eta gerraurrekoa, erbestekoa, baita Gabriel Arestirena berarena ere kontrajarriak agertzen zaizkigu eta, haien arteko eraginak ukatuak, txikituak edo fokalizatuak (Luis Mari Mujika, Mirande-ren poesigintza: Bizitza, ideologia, eraginak, alde tematikoak I. alea, Haramburu, Donostia, 1984. 79-106. orrialdeak bereziki).
Hala ere, Mujika zintzoa da beti eta, testuari buruz sarri hitz egiten duenez, hori aztertzen jarrita, ezin du saihestu Miranderen poema batzuetan euskal kanta tradizional edo aberkoi batzuen eragin nabaria aipatzea («Jeiki jeiki», kasu). Zuzen dabil, Txomin Peillenek ere hori baieztatzen baitu: «Mirande ez zen mugatu olerki egitera bertso bakunak, abertzale himno batzuk erei idatzi zituen hala nola Jeiki Jelki, Lenago bizi zan Euskadi askatasunean, Ortziren zaldunen gudu kanta batzu aranista kutsuz» (Peillen, «Jon Mirande 1950-1960…», op. cit., 78. or.). Eta Peilleni esker dakigu ere Miranderen diskoen artean Guridi eta Olaizolaren Jaiki jaiki diskoa zegoela –besteak beste–, Eresoinka abesbatzak kantatua.
Monzonen trebetasuna kantak egiteko ia sobrenaturala da eta sakonki jorratua izan da eta, Urrundik liburuari buruz ari garela, ezin saihestu hitzaurrean bertan bergararrak Iparragirreri egiten dion lekua. Argitaratu berri dugun Jon Miranderen «SS haiek noiz itzuliko zain» poemaren «Guduka guztietara gerthu nago (gudukiderik non, ordea?)», musikak euskal poesian izandako garrantzia azpimarratu dut, Koldo Mitxelenaren esaldi hau gogora ekarriz: «Maiz entzun izan dugu euskal poesia, oraintsu arte eta are orain bertan, musikari lotua ibili dela». Eta Joseba Gabilondok ohartarazten digu euskal literaturaren konplexutasun historikoa ulertzeko ezin ditugula aurrez aurre jarri edo banaka aztertu literatura idatzia eta ahozkoa: «Gure literatura bere historikotasun konplexuan ulertuko badugu, ezin ditugu espektro beraren bi muturrak, idatzizkotasuna eta ahozkotasuna, kontrajarri eta sakabanatu» (Joseba Gabilondo, «Euskal poesiaren historia postmoderno baterantz: ahozkotasunaz eta performantzeaz. [Gerra karlistetako bertso paperetatik rock erradikalera eta K. Uriberen poesiara]», Egan, 2009. urtea, 3-4 zka.).
Teleforo Monzonen literaturarengan musikak izandako garrantzia handia dela ebidentea da, baina baita gure poesia modernoa abiatu zuten Gabriel Aresti eta Jon Miranderengan, besteak beste, euskal metrika eta lirika tradizionalaren arrastoa eztabaidaezina da biengan.
Mirande honela mintzo zitzaion bere poesiaz Andima Ibiñagabeitia lagunari honek 1953an Radio Euskadin egindako elkarrizketan: «Ondo dakizu hots kidegoaz gainera badela beste zerbait neurtitzak ozen eta durrunditsu bihurtzen dituena, ritmua alegia. Ritmua hitzen gaindi dabil eta hitzen aukerak olerki osoari ritmu hori erantsi diezaioke. Batzutan agiria da, besteetan ez hain nabaria.
Hitzen arimari eta itsatsita baitabil. Beraz ritmu nabaria eta ritmu izkutua bereziko nituzke nere olerkietan. Erbesteko poesi eskolak ageri zaizkigu azken aldi hauetan. Eta nik ere horrelako berri zerbait egin nahi nuke gure euskaraz. Ez dut bazterreratu, egia, hots-kidegoa zeharo nere poemetatik, eta poesia zenbait kontsonante bidetik adelatu ditut. Baina nerez maiteago dut hitzen barne-ritmuan eraiki poesia» (Peillen, Jon Mirande, olerkaria… op. cit., 36. or.).
Era berean, ezin argiago mintzo da gutunotan Mirande esaten duenean «Erbesteko poesi eskolak ageri zaizkigu azken aldi hauetan. Eta nik ere horrelako berri zerbait egin nahi nuke gure euskaraz». Orain, eragin horietariko bat ezagutzen dugu era esplizitoan: «Maiz irakurtzen ditut jadanik ditudan zure bi liburuak “Urrundik” ta “Gudarien egiñak” eta beti poz berarekin. Egia diozu: euskal idaztankera berri bat sortu dezu zure bi lan oriekin eta nai nizuke jarraitu aladiña».
Mirande eta Monzonen arteko gutun hauen tarte kronologikoaren erdi-erdian, 1950. urtean, idazle zuberotar-paristarrak idatzi zuen «Jauregi hotzean» poema azaltzen saiatzen ari naizen eragin hau erakusteko balio dezake:
Jauregi hotzean
aitoren-alhabak
nigar dagi.
Goizetik joana da
zalduna gudarat
—noiz dathorke?
Mendietan elhur,
haizeak urduri,
zeru goibel…
Egunen luzea
bakhar-bakharrikan
othoitzetan!…
Elhurte zurian
zeinbat odol-istil,
odol urdin…
Nasaiki jan dute
hilbeltzeko zakhur
gosetuek.
Nafar jauregian
andere gazte bat
beltzez jantzi.
Poemaren lehen bi ahapaldiak ezin zitezkeen Monzonenak izan? Nik baietz esango nuke, baina poetak kontatu nahi duen horren irudi poetikoetan sakontzen doan heinean, bere barne mundua agertzen da, bere lirika propioa: «Mendietan elhur, / haizeak urduri, / zeru goibel…». Eta, poemaren amaierara gehiago hurbildu ahala, hau da, poetak bere barne munduan sakonago arakatu ahala, guztiok irudi mirandetar gisa –barka esamoldearen zabarra– identifikatu ditzakegun irudiak aurkitzen ditugu: «odol-istil, / odol urdin…»; «hilbeltzeko zakhur / gosetuek»; «andere gazte bat / beltzez jantzi».
Hau da, eztabaidaezina da Jon Mirandek euskal literatura modernoaren hasieran duen papera eta argia da ere horretan zeintzuk izan ziren nazioarteko literaturatik izan zituen eraginak, baina bere ibilbide poetikoa eta bere garapena ulertzeko, ezinbestekoa dugu bere literaturan dauden euskal eraginak arakatu eta aztertzea.
Horrelako akatsak ez ohi ditugu egiten, nire uste apalean, gure poeten hainbat eragin gaizki identifikatzen ditugulako –nazioartekoak–, baizik eta euskal poesia belaunaldi ezberdinetan banatzeko eta belaunaldi horiek kontrajartzeko dugun ohitura espainiar noventayochistagatik. Geuk apurtzen digu kateak, geure begirada kateatuarekin, eta geuk kateatzen dugu euskal literaturaren ikuspegia, geuk murriztu, geuk estutu.
Alde horretatik, Monzonek eta Mirandek ibilitako eta arakatutako ibilbide lirikoak ezberdinak direla esan beharrik ez dago eta, zentzu horretan, benetan profetikoa da Mirandek euskara eta euskal literatura berpizteko Monzoni proposatzen dion soluzioa: «gure ele aberkoia berpizteko bide bakarra: euskal elerti bat eratu, beste edozein erritakoaren mailara elduko litzakena». Esan bezala, harrigarria da 1948. urteko hitz hauen profetikotasuna, eta zirrara sorrarazten du, hain zuzen ere, inork ez bezala euskal literaturaren modernizatzea haragitzen duen 23 urteko Jon Mirandek idatziak direlako.
Gutun hauek berriro frogatu dute Txomin Peillenek bere lagunaren gutunen bildumaren argitalpenerako prestatu zuen «Eskutitz aurrea»n idatzitakoa: «Jon Miranderen eskutitzek bere literatura obrarekin bat egiten dute». Beti.
2022ko abenduan