Bentzutuak izan ziren, bainan ez heziak

Amaiurko monolitoaren idazkia

1521’garren urtean frantses armada errestauratzaillea ren lerrotan ikusten ditugu, eta lrunea’ko gaztelua erasotzen dute, Lugrunu’ko hesiketan eta erretiradan daude; halaber, Noain’go gudaldi galgarrian parte hartzen dute. Bentzutuak izan ziren, bainan ez heziak, eta horra nun ikusten ditugun, beste zaldun leial batzuekin baturik, Amaiur’ko gaztelua inguratzen eta erasotzen: haren omenaldi-torrean katedun bande­ra gorria aizetan dabil berriro. Hantxen jokatu behar dute gudaldi garaiena, handiena. Errege-ordeko egiten zuen Miranda’ko Dukea, espaiñiarren ohizko baretasun horrekin, harresia urratzeko behar duen artilleria izugarria aldi hartako posibletasunen neurrian bilduz dihoa.

Uztaillaren 11’an, bederatzi kañoi txipi eta hiru handi igarotzen dira Arraitz’eko bentetatik; hauetako bat bost idi-parek tiraturik, beste bat zaz­pik eta hirugarrena hamabik. Urriaren 18’an Berrueta’ra iristen dira ordu­raino ezagutzen ziren kalibrerik lodieneko sei kañoi, eta hamahiru txipi. Mikele’k atseden gabe Ian egiten du gaztelu barruan eta kanpoan, laguntza-gudaritaldeak eratuz, Saint-André mariskalarekin hots, Guiena’ko gobernadorearekin kartazko har-emanean, eta halaber Biar­no’n aterpetutako erreiñuzaleekin. Jaun Antso lgesako’k, bere man­datariak alegia, Escipion’ekin alderatzen du bere adore osotasunaga­tik. Hala ta guziz ere, katigu errendatze edo truke arlo kaxkar batek gaizki esanei ateak idekitzen dizkie. Mikele, arrazoi txit mingarriz arrenkuratzen zaio Saint-André’ri: «Ene zerbitzuen ordaingarri ondatu berri nautelako, nere bizkarrez zerbitzatuz, jende gaixo honekin, eta Berorren Mesedeak dakien peril eta nekeen artean arkitzen naizen bitartean, eurak, txosten faltsuei, doilloren salaketei belarriak idekiz, ordaingarri oro bezala nere ohorea desegiten dute».

1522’ko uztaillean, Miranda’ko Konde errege-ordekoak, gudaritalde ugarien eta ikusgarrien buru jarriz, beaumontes traidore nabarienez inguraturik, gaztelua erasotzen du. Harresiak txikiturik, jakiak akiturik, tiragaiak akabaturik, txillak egiten du gaztelu-gudari-taldeak. Gertaera honi buruz adi diezaiogun Garibai izkiriatzaille espainarzaleari, (Cronica de Navarra, lib. IV, cap. V): «Gure errege-ordeko Miranda’ko Kondeak Amaiur’ko gaztelua hesitu zuen, eta lehenago aipatutako zaldun haiek, hots, Jaime Belatz Medranoko’rekin bertan gelditu zirenak, erresistentzia arras gogorra egin baldin ba’zuten ere, errege ordekoa harritzeraino alegia, ematen egin behar izan zuten eta —biziak salbatu orde— gerla katigutzat beren buruak errendatu… Katigu kapareok Irunea’ko gaztelura ekarriak izan ziren eta beren artean etorri zen Antxiko Xabie­rreko handiaren aita (huts egiten du hemen Garibai’ek; ezpaitzen aita, anaia baizik); hau, azken alabeharrera (heriotzera, alegia) galduko zuten bildurrez, itxuraldaturik eskapatu zen eta heriotzaz libratu; eta zinez, etzen tajugabea izan bere susmoa, zeren-eta hamalau eguneko presoaldiaren ondoren hil baitziren bertan Jaime Belatz Medranoko eta Luis beronen semea, pozoitu ote zituzten aieruz». Honeraiño Garibai.

 Errenditu eta lau hillabetez geroztik Xabierre’ko jaunak preso jarraitzen zuen Iruiñea’n, girgilluz zamaturik. Eta itzul egitea lortu zuenean etzen izan bere burua salbatzeko, gal-bide berritan murgiltzeko baizik, Joane bere anaiarekin eta Balentin Jatsuko bere lehengusuarekin, askatasunaren azken gordelekua izan zen Ondarribia’ko hirian. Ez ahal da egia, jaunak, zaldun leial, oldartsu, iraukor, zintzo eta bentzutu horiek, bidegabeki traidoretzat salatuak, merezi dutela Amaiur egiten ari zaien mulumentua?

Arturo Campion

«Jaun Done Antxiko Xabierrekoren Maiñada: Gayarre Antzokian irakurritako mintzaldia, 1922’garren apirillaren 30ean», Egan, 1/6 zenbakian, 1976ko urtarrila-abenduan, Jon Etxaidek euskaratua

Arturo Campion, Gerardo Zaragüetak 1930eko hamarkadan ateratako argazkian