Hura, ordea, libertatearen ihortziria zen, Nafarroa hartzen zuena eta Nafarroatik harat zihoana
Hil zen, bada, aitona Nikolas urte hartako eguberri bezperan, eta, handik aitzina, aitari burua berotzen hasi zitzaion eta gero eta gehiago berotu zitzaion ehundabatgarrenaren kontu harekin.
Zeren eta aitona Nikolasek ez bezala, aitak ez zuen azeptatzen eta ontzat hartzen gure arbasoek Noainen eta Amaiurren izan zuten jokabidea; izan ere, aita garaile izaiteko jaio zen eta segur zegoen ezen Nafarroa galdu zèn gerla eta gudualdi haietan ere garaileetarikoa zatekeela, eta errege katolikoaren jarraitzaileetarik bat, ondorez, baldin berari han egoitea egokitu izan balitzaio. Eta ideia haiek, aitona Nikolas bizi izan zen artean, hain klar adierazi ez bazituen ere, argi eta garbi mintzatzen hasi zen aitona hilez gero, kasik segidan, mementu haren goait balego bezala.
Eta urte berria heldu zen eta aita hala eleztatu zitzaigun, bazkaltzen hasi baino lehen:
Urte berria da eta etorkizun berri jori baten aitzinean gaude, baina ez genuke ahantzi behar ezen ez dagoela etorkizun onik zimendu sendorik gabe, eta gaur zimendu horietaz mintzatu nahi nizueke: gure arbasoek galdu zituzten gerla haiei buruz, alegia —eta, mahaiaren alde baterat eta bertzerat so egiten zigula eta barrendik hats hartzen, gaineratu zuen—: Aitzina egin nahi duenak aitzina egin behar du eta ez gibela beha bizi, lezioneren bat ateratzeko ez bada… Eta hauxe duzue, bi hitzetan, gerla haietarik nik ateratzen dudan lezionea: «Nafarroa galdu zen, baina Nafarroak irabazi zuen». Eta probetxuzko nafar batentzat hori da inportantena: Nafarroak irabazi egin zuela. Eta, baldin Nafarroak irabazi bazuen, irabazleengatik irabazi zuen, jakina. Eta, gauzak hala badira ondorea garbia da: gure arbasoek ez zuten asmatu eta ez ziren egon beharreko tokian egon…Eta bere tokian ez dagoenak faltatzen du, eta ere lohitzen du bere burua, eta lohitzen ditu ondokoak ere. Eta hori ere aitortu beharra dago eta bertze guztia gure burua engainatu nahi izaitea da, nola engainatu nahi izaiten baitzuen gure aita hil berriak, Jainkoak zeruan izan dezala. Eta Gaztela handi da eta Gaztelak handi egin gaitu; ez ote da, bada, Villagrandeko dukearekin egin tratua handitasun horren seinale eta aieru ere? Eta beharturik eta obligaturik gaude, halatan, Gaztelari leial izaiterat eta esker oneko —eta bere ukabila goratzen zuela, baita boza ere, akabatu zuen—: Ehundabatgarrena da leialtasun horren froga eta ehundabatgarrena da gure ohorea, eta hargatik ipini behar dugu ehundabatgarrena gure iragan beltzari beha!
Eta kanoi hura buru-buruan sartu zitzaion eta, nola aita baitzen, izaitez, aseezina, hala gogoratu zitzaion ez ote zen luzeegia kanoien tratuan sinaturikako bi urteko epe hura, zeren ehungarrenaren ondotik baitzetorren ehundabatgarrena… harik eta berant baino lehen argi bat piztu zitzaion arte, aterabidean jarri zuena: Patientia vincit omnia, baina gure aita ez zen pazientzia handiko gizona, eta, handik astebete eskasera, errege egunean, erran zuen:
—Bai, lehenbailehen nahi nuke kanoia etxe aitzinean… apirilaren azken eguna baino lehen, zeren orduan akabatzen baita lehen bortz kanoien emaiteko epea… Eta uste dut badakidala nola laxa korapiloa, dukea mindu gabe: lehenengo kanoitik hasi beharrean, ehundabatgarrenetik hasiko gara… Horixe eginen dugu, ehundabatgarrenetik hasi!
Eta, hala, apiril erdiko egun haietarik batean izan genuen kanoia jauregiaren aitzinean, bere numeroa grabaturik zuela: 101. Erran beharrik ez dizut ezen, egun haren ospatzeko, bertze festa bat prestatu zuela aitak —dukearen ohorez ospatu genuena baino xumeagoa eta apalagoa, jakina—, inguruko jauntxoak gonbidatzen zituela hartarakotz.
Baina, egun haren prestakuntzan, osaba Joanikotek, ohi ez bezala, bere parte hartzea eskatu zuen:
—Martin, batzuetan pentsatzen diat ez nauala aintzakotzat hartzen, baina jakin beharko huke ezen, zientzi gizona naizen neurrian, parabolaren sekeretu guztien berri dakidala eta, ondorez, kanoi-tiroarena, zeren eta, dakian bezala, arkabuzez, fusilez edo kanoiez jaurtiki balaren edo, berdinzki, eskuz egotzi harriaren trajektoria parabola bat duk. Eta, bide batez, neure ikerketak egin zitzakeat eta egiten ari naizen liburuan txerta… Zeren eta hik ez baituk kanoia etxe aitzinean nahi izanen, jakin gabe hura nola erabil, alferrik herdoiltzen…
Irri zabala egin zion aitak.
—Berri ona duk hori, anaia! Izan ere, probetxuko zerbait egin behar duk, azkenean, jauregiaren alde, urtxintxen gibeletik edo oiloak eta ahateak nahasten ibili gabe… edo galtzen lasaitzeko tokiak asmatzen, sugegorriek habiatzat hartzen dituztenak —ordea, itzal batek betartea bar-batean ilundu balio bezala, erantsi zuen—: Baina, aizak: Espainiako armadarekin sinatuaren arabera, armadaren erresponsabilitatea duk kanoien frogatzea, nahiz eta… —eta zalantzazko itzalak ezpainetarik ihes egiten ziola eta boza goratzen zuela, akabatu zuen—: Baina egia duk, halaber, ezen ehundabatgarrena gure etxeko kontua dela, eta, beraz…
Erran behar ote dizut, jaun André, nola ibili zen osaba Joanikot hurrengo egunetan, mapa bat hartu hemendik, bertze bat handik, erregela eta angelu-neurtzailea eskuan, sukarrak hartua bezala bere kalkuluak egiten, ni haren aldamenean…? Eta erraiten zidan:
—Nafarroako auzian ehunda bat kanoi zeudek jokoan, eta bazekiagu ehun zein aldetarat dauden. Baina ehundabatgarrena gure eskuetan zegok, edo gure eskuan egon daitekek, Joanes… Eta ez diagu Amaiurri beha ipiniko, baina hogei gradu haratago, Madrili beha! Eta halatan izanen dituk hogei gradu horiek ehunda larogei balira bezala, zeren eta batzuak eta bertzeak kontrako bidean baikaude, zinez.
Eta egun handia heldu zen, eta osabak, hiru morroik lagundurik, Madrilerat beha ipini zuen kanoia.
Eta gure aitak erran zion:
—Uste nian nik ezen apur bat haratago zegoela Amaiur…
Eta osaba Joanikotek ihardetsi zion:
—Mapak hor dituk, Martin, ene kalkuluak frogatu nahi badituk…
—Ez, ez… Hi haiz etxeko zientzilaria, eta fidatzen nauk…
Eta osabak tiro egiteko manua eman zuen, morroietarik batek metxari su eman… eta ihortziri bat lehertu zen orduan.
lhortziriaren tamainak sor eta gor utzi ninduen, baina, aldi berean, zer zoriontsu sentitu nintzen!
—Biba Nafarroa eta biba Espainiako errege Felipe IV.a! Eta biba Eliza Katolikoa eta aita saindu Alexandro! —oihu egin zuen aitak gibeletik.
Hura, ordea, libertatearen ihortziria zen, Nafarroa hartzen zuena eta Nafarroatik harat zihoana, Espainia hartzen zuena eta Espainiatik harat zihoana eta muga orotarik harat… eta mugaz bertzaldean toki bat zegoen, zeinak izen bat baitzuen, osaba eta bion mintzaira sekeretuan: Ararat. Eta, hala, irakurtzen nuelarik osabaren irri erdi inozent erdi maltzurrean ezen nik sentitzen nuena sentitzen zuela hark ere, halaxe erran nion, hark bakarrik aditzeko moduan:
—Ararat, osaba, Ararat.
—Ararat!
Joan Mari Irigoien
Lur bat haratago, Elkar, 2000


