Gure Amaiurko hondakinetan ke artean
mendeku bakardade
23 ordu 9 egun 10 hilabete 3 urte
maitasun ahantzarazia
asetasun galarazia
zigor-bideko gabezia
etengabeko absentzia
izotzezko ainube
mendeku bakardade
23 urte 9 hamarkada 10 mende 3 milurteko
azkenekoz gure gorputz biluziak elkartu zirenetik
gorde ote dute gure azalek bizi lurrina?
oroituko gure ezpainek maitasunaren zaporea?
sumendia urtzen sumendian
ezpainak sugar ezti
elur malutak begi
belarrietan gerezi
esku ahul ahurretan
su-malkoak euri
edan didan bat (zaindariaren joan-)
edan dinat beste bat (-etorrian)
ferekatu dinat bular bat (zaindariaren joan-)
ferekatu didan bestea (-etorrian)
lepoan haginkatu haut baldar atsegalez gosez
zaindariak ustekabeko etorrian
beiran giltzarekin joz: arrêtez!
légalité egalité fraternité
aske ginateke bagenu browning bana gerrian
aske gara ez izan arren browning bana gerrian
hitzez inguratuta bizirauten dugu
maitasuna gorrotoa hitz hutsak
asmatu dugu hots bat isiltasunarentzat ere
arnasarentzat ere musikarentzat ere
hurkoarekin harremanik ez izateko hitzak
ferekak musuak kolpeak behazuna begietan
ez al dira argiak hitzik gabe txoriak zuhaitzak zerua
ez al dira denak berdinak beti berdinak
hitzen kartzelaren erdian itxita
malkoak negarrak saminak
hitzen labirintoan galtzen dira denak
odolustuta bezala mamiz hustuta
mozkortuta ezdeus deslai alderrai
gu bezala hitzik gabe zurtz
ez baikara nehor ez izenik ez izanik
gorputz gorpu hurren
haragi zelula kirio errai ile azal hezur
desira isuri gose amets
izu-laborri beldur ikara dardara
ezpainak hozka begiak hets ahoa lehor gorrotoz
gure Amaiur honetako hondakinetan
laino artean
misil isilek goldatutako lur eremuan
sentimenduen aintzira ertzean
babes-sotorik gabeko etxola txikian
bizirauten dugu
aldiro barren-ustelek deseginarazten diguten
arnas taupada maitasun tristuren bizilekuan
aldiro labirintoko pasabideetan barrena
egokitu zaigun beste ziega
hotz huts hits arrotzetik arrotzera
iragarritako desegiteari jaramon egin gabe
jarduten dugu etxola sendotzen:
oroiminezko zorua paperezko hormak hitzezko teilak
noizbait begiradazko adreiluak zementuzko besarkadak
egunero zorua hormak eta teilak
egunero oroimina papera eta hitza
egunero semea
gure Amaiurko hondakinetan
ke artean
zauritu itsu eta maingu
misil isilek goldatutako lur eremuan
sentimenduen aintzira ertzean
negar malko (ikusezinen) ostean babestuta
itolarriaren mugetan
bizirauten dugu
ez dizuegu haboro hitz egiten
ez odoletan ari den zauriaz
ez esperantza agorrezinaz
ez dizuegu haboro hitz egiten
zigor egunerokoaz
min oihurik eginarazten ez digun
eta dagoeneko harritzen ez gaituen
baina ezari-ezarian ezerezean
murgiltzen gaituen honetaz
dena isil dago orain
gau beltz hondogabeko amildegi
honetatik harago
halabeharraren atzaparretan
ez intziri ez negar
burua odoletan
zut zorigaitzaren kolpeen pean
kolera eta lantuzko eremu
Izuen Gordeleku
zigor-urteen mehatxu
ez naiz beldurtuko ez naiz beldur
ez zait ardura ataka nola den estu
ez zenbat epaia astun
etorkizuna nire esku
nire arimaren lemazain neu
suntsitu dut denbora
ez minutu ez segundo ez ordu
ez egun ez aste ez urte ez milurteko
ez txarrantxa ez hesi ez beldur ez gezi
banoa Arbailara
Bereterretxeren oroitarriaren parean
lotura-burkidearekin dudan hitzordura
independentzia aldarria daraman
usb giltza kodetua ematera noa
Gamereko Lamien Putzuko uretan
zuekin negu hotzean
biluzik murgildu aurretik
Mikel Antza
«Carcer», pasartea, Ametsak ere zain, Susa, 2015

