Espainiak bere hitza bete zuen barruan harrapatzen zituzten guztiak urkatuz
Historiografia espainiarzaleak behin eta berriz esan du hango herritarren borondatez batu zirela Itsas Nafarroako lurrak Gaztelarekin, eta argudio horrek duen tranpa begibistakoa iruditzen zaio Patxi Zabaleta idazle leitzarrari: «Bai, hitzarmena izan zen, Amaiur errenditu zenean bezalaxekoa. Amaiurren hitzartu zuten han zeudenei bizitza errespetatuko zitzaiela. Eta Espainiak bere hitza bete zuen barruan harrapatzen zituzten guztiak urkatuz, eta gaztelua harriz harri deseginez. Baina hitzarmena izan zen, bai. Gauza bera izan zen Gasteizen, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian: konkista gogor bat, hemendik hilabete batzuetara Grozni izanen den bezalaxe, Grozni baina denbora gehiago inguratuta egonda gainera».
Zabaletaren iritziz, Nafarroaren historian bi gertakari garrantzitsu aukeratzekotan, Antso III. Handia eta Antso VII. Indartsuaren aroak hautatu behar lirateke beharbada: «Antso III.aren garaietan Nafarroako erresuma Gaztelatik hasi eta Atlantikorainokoa zen, baina ez konkista bidez, eta ez zen mantentzen indarrez. Beste nolabait desegin zen erresuma. 1200 urtean Antso VII.ak ez zuen jakin defenditzen bere lurraldea behar bezala, eta saiatu arren, galdu egin zuen. Horregatik, 1232tik aurrera, Tuterako bere gazteluan ezkutatu zenean, hil aurretik, bere grina eta desesperazioa izaten zen ez zuela lortzen berriro ere bere lurraldetasuna. Eta grina eta desesperazio horretan hil zen jatorriz hemengo leinuko azkeneko errege zena».
Haren irudikoz, historiaren papera garrantzitsua da, baina ez funtsezkoa. Funtsezkoa herri baten borondatea da, bere etorkizuna erabakitzerako orduan: «Historia kontuan hartu behar da beti, baina ezin da sublimatu. Historiak ez du diktatzen ezer. Nire iritziz, eskubide historikoak argudioak besterik ez dira, ez dira eskubideak. Zergatik? Eskubideak ez direlako oinordeko etortzen, ez dira heredatzen, ez dira patrimonioa, duintasunetik sortzen diren zerbait dira. Egia esan, denboran zehar irauten du herriak, eta pertsonaren aurretik eta ondoren dago, eta herriaren izate horretan gure aintzinakoekin eta ondorengoekin lotura eduki badaukagu. Baina herri horrek gaurkoan eta orainean garatzen ditu bere eskubideak, eta eskubideak ez dira oraingo herriak dauzkanak besterik, berri berritik sortutako herri batek eduki lituzkeen bezala».
Iñaki Petxarroman
Nafarroa: iragana eta geroa, Txalaparta, 2000

