Sastrakak, larreak eta huntzostoak Nafarroako gertakaririk entzutetsuenetako bat estali dute
Bost egun igaro ziren, zein baino zein ederrago. Estutasun bat bakarra zuen Bidartek: loditzen ari zela ikustea. Ejerzizio asko egin arren, barruko bakea haragitu egiten zitzaion, nonbait.
Eguraldi iluna zen goiz hartan. Baina gosaria bukatu eta larrainera atera zenean, eguzkia laino tartetik kirika hasi zitzaion jostalari. Aldartetsu zegoen giroa, noski.
Etxekoen aurpegiak, ordea, betikoak aurkitu zituen Bidartek, serio eta baketsu. Asko ikas zitekeen lurraren eta zuhaitzen irauntasuna odoletan itsatsita zekarten baserritar haiengandik.
Makila eskuan hartu eta Amaiurko gazteluaren hondakinak ikustera joan zen. Gaztelu horretan Frantzisko Xabierren ahaideek beren azken borroka egin zuten Karlos V.aren aurka, zeharo zanpatuak izan baino lehen.
Aldi batez gaztelu ederra izan zena, orain munoizka bat besterik ez da, sasiz eta belarrez betea. Sastrakak, larreak eta huntzostoak Nafarroako gertakaririk entzutetsuenetako bat estali dute Amaiurko gaztelu zaharrean.
Hamabiak aldean etxerantz etorri zenean, Amaiurko bidegurutzean dagoen «Bentako» tabernan sartu zen. Bi baserritar zeuden baso bana ardo edaten; haiekin hasi zen hizketan.
Behingoan, auto baten durrunbara entzun zen eta motorraren soinua isildu ondoren, gazte luze bat hurbildu zitzaien, igeltsero, noski, jantzi zuriak baitzeuzkan, karez eta gisuz zipriztinduak.
«Egun on» esanez, zuzenean mostradorera joan zen eta «Bitter» bat eskatu orduko urduri samar eta ozenki Bidarten solaskideei begira esan zuen:
—Harrigarria Errazun gertatu berri dena. Entzun al duzue?
Besteen begitarte zozoak ikusi eta «Errazuko kapitaina hil dutela», blast bota zuen, guztiei bizi bizirik begira.
Izoztuta gelditu zen Bidart, elurtegian sartu izan balute bezala.
—Zer? —galdetu zion etxeko andreak harrituta—, Kapitaina hil?
—Bai, hil egin dutela. Oraintxe berton Errazutik nator eta han jendea asaldatuta dago; beste hizketarik ez da entzuten herri osoan.
—Nola hil da? —mintzo zen Bidart tartetik.
—Tiroz hil omen dute. Baina inork ez omen daki xehetasunik. Menditik ekarri omen dute hila,
—Usain txarra hartzen diot nik horri —gaineratu zuen beste solaskideak—. Hil berria dugu Elizondoko alkatea eta orain kapitaina. Bi gauza horiek badute elkarrekin zerikusirik.
—Eta noiz hil dute? —galdetu zuen berriz ere Bidartek.
—Oso goiz izan omen da. Kapitainak eta, batzuetan gau osoa muga zaintzen ematen baitute —erantzun zuen, horren berri ongi zekienak bezala.
Beste iritzirik ere azaldu zuten bai gizonezkoek baita etxeko andreak ere. Baina Bidartek ez zuen iritziren beharrik, argitasuna baizik.
Guztiei agur eginez edanetxetik irten, ahalik lasterren bordara iritsi, antomobila hartu eta inori deus esan gabe istant batean Errazuratu zen.
Mugazain etxera joan baino lehenago kapitainaren heriotzaz ziurtasun osoa eduki nahi zuen. Beraz, «Arbelena» tabernara sartu zen, berri eske.
Mahai batean lau mutil gazte musean ari ziren. Mostradore atzean zegoen gizonari pattar kopa bat eskatu eta larri antzean hasi zitzaion:
—Zer, mugazain bat hil dela edo esan didate arestian.
—Kapitaina bera, jauna —erantzun, zion bartzaleak zatar ziztrin batez ardo-baso bat garbitzeari utzi gabe.
—Eta hobeki esanda, hil dela ez, hil dutela —gaineratu zion Bidarti ahopean bezala
—Eta nork hil duela edo diote, bada? —galdetu zion Bidartek ahal zuen aurpegirik xaloena jarriz.
—Inork ez daki —erantzun zion solaskideak eztarriko lakarra leundu eta gero. Susmo txar pixka bat edo hartzen ari zitzaion bezero berri hari.
—Zu ez zara hemengoa, ez da? —galdetu zion itxoin aldi baten ondoren.
—Ez, donostiarra naiz. Amaiurren oporretan nago.
Gotzon Garate
Elizondoko eskutitza, Mensajero, 1977

