Gerrarekin desagertu zineten

Gernika sutan 1937ko apirilaren 26ko gauean

Xabier Agirre —Lizardi—
Estepan Urkiaga —Lauaxeta—
Gerrarekin desagertu zineten
poeta lirikook:
Altzairuzko hiria eraiki dute,
                            Burdineta:
Tristuradi ilunezko oihana
—laino kehetsuek lotuta
presentea eta iragandako pasatua
grisak dira, eta uherrak;
are grisago eta uherragoa
                          futuroa—
izuek habitatutako kaleetan
labirintoak eratzen dituzte
                            afficheek
titiburu borobilak amesten ditudalarik
zuek esan bako berbek
errepikatzen dituzte jela poliedrikoek
oreinik gabeko basoetan
latorrizko hainbeste ordu more
                          —never more—
ihartu dira komunetako ateetan
gernua daragien garagardo horiz
gainezka idatzi ditudan hitzak
                        madarikatuak:
ene betseinek profanatzeke datzan
eme beilegiaren alua
alkoholezko kloroformoz lokarturiko klitoria
orgasmosteko txiza
zuen izkribuetan dagoeneko horitu den
esperma isuri duen zakila
—kautxozko andrakila—
atzazal urduritsuetan musu estrainioen
                        fereka
eta haruntzago erreka:
Burdineta zauritzen duen zain zoldua 

Ez ote da nire bihotza
            —bera ere—
erloju automatikodun hilotza
lehertzear
eta musika sinkopatua
beste horrenbeste gorpu hautsiren
eztanda hotsa? 

Zelako trintxerak bekokietan
zenbat hesi ilun
—rimmelezko arima—
begien inguruetan
zenbat muga gorri
—karminezko gorputza—
ahoetako ez
                  bai
                        netan
Burdineta    Burdineta
likenak eta goroldioak
dardararazten ez dituzten ahausiak
entelegatzen dituzte zubien arteko
hots desebakien zubiek
Izerdizko haborokinez
erakusleihoak panpina aluzinatuz
                              —eldarnioa—
bete dituzten hiria
Etsipenezko salda goria
irentsi dut torturaren eraztunetan barrena
Iratzadi primigenioetako sustraietan
urratu den lur arruntaz
buztinezko aiztoak ainitza osa
Estepan
itzalbako zaldi zurietan mendekualde
hurrinetan dostatzeko
Amaiur gaztelu guztiak Ginebraz bustiz
Ez ote da hotzagoa
Lizardi
izotzondoko eguzkia baino
orratz eztenkada zuria 

Burdineta minaren hiriburua
ebatondo sukartua
asturuen hautsa ehota erpuruek
tristura iluna darit
orain ari naizelarik
zuokin berbetan:
Estepan Urkiaga —Lauaxeta—
Xabier Agirre —Lizardi—
Gerrarekin desagertu zineten
                      poeta lirikook.

 

Omar Nabarro

«Gerrarekin desagertu zineten», Gaua zulatzen duten ahausietan, Susa, 1989

Donostiko Eusko Gaztediko txangoa Amaiurrera 1931ko uztailean monumentua zartatua izan aurretik. Bernardo Estornes Lasa funtsa