Gaztelu baten gezileihoetatik sutsuki dardar egin zuen Nafarroako Erresumaren azken oihua
Nafar independentziaren azken defendatzaileen omenezko monolitoaren ezartzea 1922ko ekainaren 27an. Julio Altadillek ateratako argazkiaren plaka
Amaiurko abertzaleak ohoratzeko ideia Elkarte Euskaroaren baitan sortu zen. Juan de lturralde y Suit jaunak zuzentzen zuen elkarte horren aldizkariak (1879-1883 aurreneko proposamena plazaratu zuen zentzu horretan; eta oker ez banago, La Euskalerría aldizkariak proposamenaren berri eman zuen. Garrantzia handiagokoa izan zen Gamazada eta Amaiurko monumentuaren arreta Foruen monumenturantz desbideratu zuen. Mende honen hasieran, Iturralde jaunak El Castillo de Maya bere monografia osagabea idatzi zuenean, Nafarroako independentziaren eta askatasunaren azken defendatzaile heroikoei oroigarri bat eskaintzeko gogoa berpizten ikusi genuen berriz. 1911n, Altadill jaunak Geografía General de Navarra idatzi zuenean, II. liburukian (243. orrialdean), ohar bat agertu zen, pentsamendu abertzale hori berriro piztuz. 1920an berriz oroitarazi zuen gogapen hura eta, bidezkoa iritziz, Monumentuen Batzordera honako mozio hau aurkeztu zuen:
Herri kultu guztiek jaso dituzte beren kroniketan beren bizitza historikoko gertaera gorenak, eta mihisera eraman dituzte beren pasarterik bikainenak; harriz sinbolizatu dituzte beren iraganeko oroitzapen gailenak. Hilarriak, estatuak, talde-eskultorikoak nonahi aurkitzen ditugu gertaera arranditsuen oroitzapenak gogora ekarriz: Euskal-Nafar herritik irten gabe, Moraza, Okendo, Elkano, Sarasate, Iparragirre, Gayarre, Villoslada, harrian dute beren bizitza, Bibliak gure katedralen tinpano eta kapiteletan duen bezala. Gasteizko bataila, Donostiako setioa, marmol eta brontzeeetan marraztuta daude. Aienatutako Nafarroako Erresumaz oroitarri batek ere ez digu hitz egiten!…
Han, Pirinioetako Erresuma izan zenaren iparraldeko ertzetan, Mayako (Amaiur euskaraz) hiribildu baztandar bitxiaren muino batean, garaitua izan aurretik eraitsia izan zen gaztelu baten gezileihoetatik sutsuki dardar egin zuen Nafarroako Erresumaren azken oihua, bere azken hatsa; han, jasotarrek, velaz de medranotarrek duintasunez bizitza eman zuten beren aberriaren fideltasunaren mesedetan.
Zorretan gaude haiekin, zor sakratu bat dugu; itxaropena dut Batzorde honek hura erreparatzera jo behar duela eta joko duela bere gain hartuz —burutze zoriontsu eta ohoretsua izan dezan— Amaiurko herrian edo bertako muinoan monumentu soil bat egiteko lana, apala izan arren esanguratsua izango dena: harrizko obelisko bat, Gurutzearen azpian sei Merindadeen armarriak izango dituena, aski da horrekin; basamentuan, bi hizkuntzetan, eskaintza: Nafarroako independentziaren azken defendatzaileei.
Batzorde honetako hiru kidek proposamen hau aztertu dezakete, nire kide ohoragarri eta errespetagarriek egokia eta zentzuzkoa dela baderitzote. Ulertzen dut ez dagoela ezer proiektu honen aurka; era berean, ez dut uste nire proposamen honi inongo eragozpenik dagoenik, ekimen honen helburua bidezkoa den ordain bat egitea baita, Madrilek 1908ko Maiatzaren 2an Aberriaren independentziaren alde inmolatu ziren bere semeen alde egin zuena bezalakoa.
Iruñea, 1920ko maiatzaren 15ean, Julio Altadill.
Ezbairik gabe, mozioa aho batez onartu zen.
Miguel de Orreaga
Pedro Navascues de Alarconen ezizena, harekin argitaratu zuen Amayur: Los últimos nabarros, T. Bescansaren alargunaren inprimategia, 1923, Mikel Sotok euskaratua

