Nire arestiar lauburuak
Gogora datorkit Violette Leducen pasarte bat: «Ez daude behin betiko hitzak baizik. Ez dago beste hitzik. Urre-bilatzailearen sukarra daukat hitz hori bilatzeko: hitz hori, obrera baten diamantea».
Gogora datorkit Tomas Meaberen kexua: «Latigoa bihurtzen zait luma».
Gogora datorkit Gabriel Arestiren zalantza: «Askotan ez dakit zer den nire poesia: mailu bat ala viola bat».
Autopistan, euritzan, orduan, zer da nire poesia? Ez dut erantzunik taxutuko peajera orduko, hori seguru.
Ez da ahotik belarrira eta belarritik ahora doan egiaren txoria.
Ez da sumendia, ez Jainkoaren sumin izugarria.
Ez da esku zailduentzako harribitxia.
Ez da latigo bizia, ez da viola zolia.
Ai, balitz kode kristalezkoa! Balioa jasoa, baina merke askoa!
Miren Agur Meabe
«Nire arestiar lauburuak», Poesia egunetan, Ean, 2015eko uztailaren 19an

