Izugarri atzeratzen dituk baforak errioaren sarreran berandu arribatuko dituk
J. Ugartek Agiriak Agiriak: Euskal poetak eta artistak G. Aresti-ren omenez libururako egindako marrazkia
Izugarri atzeratzen dituk baforak errioaren sarreran
berandu arribatuko dituk
portura burdin herdoildu eta kristal
lausotuak deskargatzera.
Artean Zorrozako eskolan hire poemak klasean (klasikoak
edo, klasekoak behintzat) irakasten dizkitek.
Modaz pasaturiko eskritorea haizela esaten dik lehenagoko
iraultzaile irakasle bihurtuak,
hire kemen antzua laudatzen dik, tituloz eta zitaz karga
karga eginda,
gomazko zapatakin harbelpean paseatuz, zapaltzen duen guzia
gomazkoa bailitzen.
Ume aspertuak eskola-leihotik errioruntz soegiten dik
eta errio bazterreko fabriketatik mendiruntz.
Eta han mendian larre magalean umeak harri bat
erreparatu dik, eserleku bat.
Harrira inguratuko duk eta. letrak irakurriz, harginen
berba sekretua dezifratzen saiatuko duk.
Harria? Poesia? Esanahiez kargaturiko mututasuna?
Poeta Hilen Errepublikaren
fundazio akta? Haur aspertuaren ikasgelaz lekoreko
bestetaratzea?
Oraindik, Gabriel, indartsuena duk legea eta
altza ezineko lausa ezarri ditek hire hilobi gainean.
Oraindik, hire hilarrian, ibiltariek estropozu egiten ditek,
ume bat baino ez duk jakin minez inguratu.
Eta aurrerantzean ere heu bezalakoak izanen gaituk
euskal poetak,
halako ekibokazio bat, behin behineko hezurraragia,
harria, harea, aidea,
ezer sostengatzen ez duen arbola adarra.
Joseba Sarrionandia
«Gabriel Aresti», Hnuy illa nyha majah yahoo, Elkar, 1995

