Nere zortzi deiturak ez dira euskaldunak. Nere euskara ez da garbia
Gabriel Aresti haurra Albiako Berastegui eskoletan. Aresti-Esteban sendiaren funtsa, Jon Kortazarren El poeta Gabriel Aresti liburutik hartua
Nere zortzi deiturak ez dira euskaldunak.
Nere euskara ez da garbia.
Nere hitzak ez dira txukunak.
Nere sinesmenak ez dira heurenak
ala ere
Euskal Herria sortzen ari gara.
Nik hasiera eman nion,
zuk bukaera eman zenion Zerbaiti.
Zulo zuri luze bat,
auto borobil beltz bat.
Haiek ez dute gure hitza ulertu.
Behin eta berriro,
lur galduaren bila mugitzen gara.
Itsasoko ur sakonetatik
arrai handi bat irten da,
arraiarekin kaiuaren habiara noa.
Jan,
egunero jaten dut,
edan, beti,
arnasa
egunero ukatzen didate.
Inork ez du itsasoaren hondoa jo,
ez eta poetaren fantasia ito;
baina ez dugu poemarik,
ez dugu fantasiarik.
Poetaren fantasia zapaldu
poetaren fantasia beztu dute.
Kaiuaren habiara heldu naiz,
ez naiz gehiago hemendik mugituko,
amets horretan murgilduko naiz.
Inork ez du
Anbotoko Damiaren fantasia indartsua isilduko,
Damiaren hegada luzeak
Saforen begirada larritua lasaituko du.
Zuk hasera eman zenion,
nik bukaera eman diot Zerbaiti.
Amaia Lasa
«Hitz nahastuak», Hitz nahastuak, Leopoldo Zugaza, 1977.
Hurrengo urtean argitaratu zuen Agiriak: Euskal poetak eta artistak G. Aresti-ren omenez (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1978) liburuan.

