Lurrundu egiten zaio lotsa, edo lurruntzen zaiola sentitu nahi luke behintzat

Bakean sentitu da Gregorio, bakarrik geratu denean. Bigarren freskeratik geratzen diren sardina apurrak atera eta haiek erretzen hasi da, nahiz eta badakien gehiegi direla berarentzat, ez daukala goserik, ez duela bakar bat ere jango. Pattal samar sentitzen da, hori bai. Apenas edan duen ezer —urik ere ez—, eta itzala da gorputzak eskatzen dion elikadura bakarra. Eguzkiaren zigorkadak merezi dituela iruditzen zaio, bestetik. Eguzkipean, argia eta takigrafoak, bere lotsa urtu egiten dela sentitzen du; auzo-lotsa, seme-lotsa, alderantziz heredatutako lotsa sakon eta lingirdatsua gainetik ken dezakeela, izerditzearen izerditzez. Gaurdaino inoiz ez zuen pentsatu lotsa eta eromena txanpon beraren bi aldeak izan daitezkeenik. Ondoezik sentitu arren, lurrundu egiten zaio lotsa, edo lurruntzen zaiola sentitu nahi luke behintzat. 

Harkaitz Cano

«Ospakizuna», Beti oporretan, Susa, 2015