Hatsa eman eta lurrunduz

Urrun geunden ordea salbu egotetik, kontrako norantzan eta abiadura handia baitzetorren beste trena. Eta bi trenen kabinak elkarrengandik aski hurbil egon zirenean, aurrez-aurre zetorren trenaren kabinan argi eta garbi bereizi nuen argi keinada berdexken pean nor zetorren gidari: trauma txiki baten jabe diren begiak, trenentzako tunel bat bezalakoak, Mario capuccinoen aparrean marrazkiak egiten zituen kamareroa. Bere begietako tunelen barruan zihoan oraingoan, irribarrez, ziztu bizian, norabidegailuei ezertarako erreparatu gabe, gidabagoiaren kabinako kristala zapi zuri batez garbitzen, zirkulu biribiletan igurtzika, kristalari hatsa eman eta lurrunduz, hatsa eman eta lurrunduz.

Harkaitz Cano

«Istanbul zigarrokin baten barruan», Telefono kaiolatua, Alberdania, 1997 

Musua geltokian. Pavel Kassineren argazkia