Lurrundu egin da, desagertu…

Hatz-markak identifikatzen ikasteko irudia

Hurrengo ilunabarrean Nora andrearen deia errepikatu zen. Bata zuria besterik soinean ez zuela hartu zuen oraingoan ere. Ohatilaratu ondoren zigarro bat piztu zuen, Bob Ieregiri beste bat eskainiz. Ez zen Gauloises, baina tira, eskertuko zioten ke pixka bat bere garuneko tabako landaketek ideiak argitzeko. Nora eta bere arteko ke gortina batek aurrez aurre elkarri begiratzea galarazten zien unea baliatu zuen Ieregik hitz egiten hasteko.

—Zer pentsatuko luke Doktoreak honetaz?

 —Doktoreak… —lur axedrezatura begira zegoen, kosta egiten zitzaion hitzak kateatzea, buruko makinaria goroldioak hartu balio bezala—. Doktorea… lurrundu egin da, desagertu… Ez didazu esango ezer ez zenekienik, ezta Bob? Ziur zuk eta errusiarrak ere eduki duzuela zerikusirik. Mafiako taldeen arteko kontu garbiketa bat, hori diote batzuek, baina auskalo. Ez dut uste bere gorpua sekula agertuko denik. Baina hilik dago, ziur dakit hori.

Harkaitz Cano

«Zelata», Beluna Jazz, Susa, 1999