Ahotik lurruna zeridalako agian, aitak, besapean zeraman jaka hartu eta bota egin zidan
Ezer ez ulertu izanaren aurpegia jarri nuelako agian, edo ahotik lurruna zeridalako agian, aitak, besapean zeraman jaka hartu eta bota egin zidan, ezustean. Ia erori zitzaidan aitaren jaka lurrera; doi-doi hartu nuen eskuetan tabako kiratsa zerion jaka pisu hura. Harrituta begiratu nion.
—Zer sentitu duk? Jaka bat, ezta? Jaka bat eta haren usaina? Baina ez duk besarkada bat, ezta? Ez duk gauza bera. Ez duk izan hire aita besarkatzea bezala… Jaka hutsik zagok, ala? Bada horixe sentitzen diat nik hire ama besarkatzen dudanean.
Harkaitz Cano
«Argentinar lotsatia», Neguko zirkua, Susa, 2004

