Jendea boxeolariei xaxaka, amorruak jotako txakurrak balira bezala

Perico Fernandez Jonathan Dele kolpatzen Bartzelonan 1975ean

Zortzi-hamar urte izango nituen,
baina hala ere ondo gogoratzen ditut
zapatu goizetan izaten ziren
La Casillako boxeo borrokaldiak,
ring haren inguruko egurrezko aulkiak,
kanpaiaren zarata agudoa,
eta jendea boxeolariei xaxaka,
amorruak jotako txakurrak balira bezala,
munduko bazter guztietatik etorritako
boxeolariei xaxaka,
kontrakoa akabatzeko eske.
Kolore guztietako boxeolariak,
gazteak zein zaharrak,
gihartsuak zein koipe-zakuak,
elkarri ostiaka, zeharo amorratuta.

Ondo gogoratzen dut Perico Fernandez hura,
zilar koloreko bataz jantzita,
ringera bidean topatzen zituen umeekin olgetan:
¡Chaval, pega, pega, chaval!
guante potolo eta distiratsu bi haiek
eskaintzen zizkigula.
Eta nik
poza agertu nahi zuten begietan
tristura itzela igartzen nion,
tristura itzela,
itzela,
bertan hil nahi duenaren antzekoa.

Paddy Rekalde

«Boxeolaria», Bilbo dub kronikak, Susa, 2004

Perico Fernandez, welter pisuko Espainiako txapelketa irabazi berri 1983an. Manuel de Leonen argazkia