Eskunarruetan tona banako pisuaren sentsazioaz beherantz laxatu zituen besoak

Boxeo saioa Bilbon 1944ko ekainaren 18an. Kutxa, Fototeka

Txapeldunaren ezpainetan ikusi uste izan zuen irribarrea iraingarria egin zitzaion Joseluri. Oldartsu ekin zion laburretik ezker-eskuma. Kolpe guztiak lar azkar eta arinak ziren. Bestearen beso gotorretan egin zuten. Minbera zeuzkan atzamar-kozkorrak, eta kaskezurraren kontra jotako kolpe batek ezin disimulatuzko oinazea eragin zion. Ukabilik sartu barik aritu zen Zarandona lehen minutuan, baina handik aurrera, asaltoa amaitu arte, zartako zaparrada jasan behar izan zuen Joseluk. Soka ingurutik alde egiteko kontseiluak entzun zituen azpialdetik baina nondik irten ez zuen aurkitzen. Hots metalikoak adierazi zuen norbere izkinarako bidea. Entrenatzailearenak ez ziren animozko orroak entzun zituen, ipini berria zegoen aulkian jesartzen zen bitartean.

Bigarren eta hirugarren asaltoak ere berdintsu joan ziren. Lurrera bota zuen behin, zeharkako matraileko-andana batetik babestu guran ari zelarik gantxoz sartutako kolpe siku baten ostean. Epaileak lau esan arte Joseluk lurrean itxaron zuen nahita. Burua oihaletik gertu zuenean aurpegi ezezagun bat ikusi zuen altura bertsuan, minutu eskas falta zela esan ziona. Laugarrena hasi aurretik, handituta zeukan ezkerreko bekaina eta haragi ponpatuak bekokia desitxuratzen zion zantarki. Jendarteko orroak eta eskuzartak ez zituen lehen bezain garbi aditzen. Burmuineko pantailan, entrenamenduetan behin eta birritan errepikatutako guardi jarkerak eta beso-buruak ikusten saiatzen zen. Hasteko gong-a aditu zuelarik eskunarruak altxatu zituen indar faltak agindu baino gorago. Ezin zuen bestearen errukirik espero, eta biribileko dantza baten zorabioan kolpe baten itzela sentitu zuen ezkerreko matrailezurrean. Zentzumenak lausotuta egon zen segundo batzuetan baina, harrigarriki, zutik segitzen zuen konortea erabat berreskuratu zuenean. Publikoak ere ez zuen Zarandona asko xaxatzen eta bere onenak eman barik ari zen nabarmen.

Desesperoko iraunarazi guretan babestuta iragan zuen bosgarren eta azken asaltoa. Duintasunezko hiru eraso egingo zituela erabakita zeukan, bana minutuko, azken indar hondarrak hartara xahutzeko. Bi besterik ez zituen egin. Saihetsetara zuzendutako kolpe guztiek bestearen ukondoa jotzen zuten, eta Zarandonaren burua hasieran baino urrutiago zegoela begitantzen zitzaion. Eskunarruetan tona banako pisuaren sentsazioaz beherantz laxatu zituen besoak borrokaren azkena entzun bezain laster. Giltzarrapo baten moldean besarkatu zuen txapeldunak Joseluren gorputz unatua eta besoa burutik gora jaso zion une labur batez. Ondoren, bere kasa aritu zen Zarandona, laukiari itzulika garaipen jauziak eginez.

Urdinez jantzitako hiru gizon garaikurren banaketarako behar ziren kaxoiak, mahaia eta enparauak igotzen hasi ziren, trajez zegoen gizon batek, besteen lana erraztearren, hutsartea zabaltzen zien goiko soka bien artean.

Josu Landa

Odolbildua, Susa, 2002

Boxeo saioa, litekeena da Tolosako plazan izatea, 1926ko ekainean. Ricardo Martinen argazkia, Fotocar Funtsa. Kutxa Fototeka