Francis Picabiak munduko boxeo txapelketa Barcelonan jokatu zueneko

Francis Picabia estudioan

Francis Picabiak munduko boxeo txapelketa
Barcelonan jokatu zueneko,
Gauza guztiak esanak zeuden jadanik agian
Adibidez: Bidaia luzetan bihotza zartatzen zaie
Kargako tren ilunei
edo
Makinista guztiek nigar egiten dute Akratik pasatzean
Badakigu bederen, trés normal, trés normal,
ez dela posible lehen pertsonan mintzatzea;
Eta egunero irakurtzen dugu etxebarneko pozaren
Hainbat oinarriren izena: Zorionak
Yogurth fantastikoekin aurreratuko dugun diruagatik,
Zorionak zimurrik gabeko arropa horregatik,
Zorionak gure esku dauzkagun mila eltzeko misterios
Horiengatik, zorionak, zorion beroenak;
Zorionak for me, zorionak for you, zorionak denontzat
Eta esan zuen Ezra zaharrak aspaldi, klitxeak beti klitxeak
Edo txikleak zapore guztitan, orange, citron,
Dragon hau baino hoberik ez ziagon;
Edo hark esan zuen bezala, bera da politena, asko maite
dut;
O-nou O-nou erantzun zigun Malonek,
Zerbait egin behar zela eta muturra sartuz
Baionako barraraino;
Eta nik ere berresan ditzaket zenbait hitz:
Etxetik irteterakoan
Bide berri edo sekretuen bila ipurdia galtzen zuen
gizonaren kasoa,
Oso gai ona filme batetarako;
Edo hutsala fita doratuko zigarroaren fantasia
Nueva Yorken, eta toki guztietan Nueva York, o-nou
O-nou, zer moduz, comantalevu, eta abar, eta abar.

Bernardo Atxaga

Etiopia, hirugarren argitalpena, Erein, 1988

 

Francis Picabia eta F.M. Mansfield bi emakumerekin terraza batean Gassisen 1915 eta 1920 urte bitartean. Library of Congress

Arthur Cravan poeta eta Jack Johnson boxeolariak Bartzelonako Monumentalean 1916ko apirilaren 23an izandako borrokan. Bernardo Atxagak Poemas&Híbridos (Visor, 1990) liburuan «Barkatu, Cravan» izenburua jarri zion 1977ko poema honi.