Nire etxean amona zen boxeoa gustatzen zitzaion pertsona bakarra

Jack Dempsey boxeolariak Jesse Owens agertzen zen eskubide zibilen aldeko A Strong America kartelarekin 1940 urte inguruan. Library of Congress

Boxeoa ere agertzen da ipuin honetan eta zure literaturan beste une batzuetan. Nondik datorkizu zaletasun literarioa, Cortazarrengandik?

Leku guztietatik datorkit… boxeotik izan ezik. Batetik, Toro Salvaje, Más dura será la caída eta pelikula guzti horietatik Hortik asko. Eta gero dago nire amona. Boxeo zale amorratua zen. Nire etxean amona zen boxeoa gustatzen zitzaion pertsona bakarra, amaren eta izebaren eskandalurako. Saiatzen ziren aldatzen telebista boxeoa zegoenean eta ez. Batzuetan galdetzen zidaten «gustatzen zaizu boxeoa?» eta erantzuten nuen «ez, baina asko gustatzen zait nire amonari gustatzea». Amonari buruz asko hitz egiten dut, oso kontalari ona zelako. Akordatzen naiz zer-nolako komentarioak egiten zituen boxeoa ikusterakoan. «Beltz horrek hortza ederrak zauzkanen, motel!». Beltz bat ikusten zuenean, boxeolaria edo kantaria, hortzak ziren beti komentarioa. Eta bi gauza esaten zituen: «hortz ederrak zauzkan horrek, motel!» eta «ez dituk bereak izango!». Postizoak izango dira esan nahi zuen. Denak ziren horrelako komentarioak. «Zeinek irabaziko duela uste duzu?». Nik «honek» eta berak «ba, nik ez dut uste». 

 

Harkaitz Cano

Irati Jimenezen elkarrizketa, 2021eko urtarrilean

 

Paulino Uzcudun eta Paul Journeeren arteko borroka Atotxan, 1924ko maiatzean. Ricardo Martinen argazkia, Fotocar bilduma, Kutxa-Fototeka