Gernikako garaitza
Susa aldizkariako 1987ko Gernikari buruzko ale berezia, detailea
Gernika 37-87-Programa-Euskal teatroaren eguna-24 ordu musika-Porrusalda musikala-Itoiz-Hertzainak-Kortatu-Potato-Benito Lertxundi-Mikel Laboa-Egin–Punto y Hora–Caja Laboral Euskadiko Kutxa
Gernika. Bizkaiko herri ttipi bat da, Euskal Herriaren tradiziozko hiriburua. Han zegoen haritza, euskaldunen askatasun eta ohitura zaharren sinboloa. Gernikaren garrantzia historikoa eta sentimentala besterik ez da.
1937ko apirilaren 26a, merkatu eguna, bazkalostean Francoren manupean zeuden alemanen abioi eskuadrilek txandakatuz hiru ordu t’erdiz bonbardeatu zuten Gernika.
Herria sutan eta xehetua utzi zuten. Bi mila hildako gertatu zen, herritarrak guztiak. Bonbaketa horren helburu azkena bonba esplosibo eta erretzaileek populazio zibilarengan zuten eragina esperimentatzea izan zen.
Aurpegi surtarako on aurpegi hotzerako on
Errefusarako gauarako irainetarako kolpetarako
Aurpegi orotarako on
Hutsa dago zuei so
Aurpegi sakrifikatu gaisoak
Zuen heriotza exenplu izanen da
Heriotz bihotz ikara
Ordainerazi dizuete ogia
Zuen biziaz pagatuz
Ordainerazi dizuete ortzea lurra ura loa
Eta bai eta zuen bizitzen
Miseria beltza ere
Antzezle aratzak antzezle hain triste baina hain leunak
Antzezle amairik gabeko drama batetan
Ez duzue heriotzean pentsatu
Bizi eta hiltzearen beldur eta ausardia
Heriotz hain zail eta errata
Gernikako jendea jende xehea da. Duela asko bizi dira herrian. Beren bizitza aberastasun pittinaz eta miseria handiaz osatua dago. Beren haurrak maite dituzte gernikarrek. Beren bizitza osatzen dute zorion ttipiek eta ardura handi batek: biharamuna. Biharamunean jan beharra dago eta biharamunean bizi beharra dago. Gaur, esperoa. Gaur lana.
Kafe bana dastatuz irakurri dugu gertatutakoa; Europako zoko batetan hiltzaileen saldo batek gizadi zanpatu du. Zail egiten da haur sarraskitu bat, emazte burugabetu bat, kolpe batez barneko odol guztia okaztatzen duen gizon bat irudikatzea. Urrun da Espainia, eta gure mugetan dago. Kafea amaitu eta, lanera joan beharra dago. Ez dugu astirik beste nonbait zerbait gerta daitekeela irudikatzeko. Eta norberak bere arrenkurak isiltzen ditu.
Bihar, mina eta beldurra eta heriotza jasateko garaia izanen da. Baina berantegi izanen da krimena gaitzesteko.
Metraileten balek hilzorikoak akabatzen dituzte
Metraileten balek haizeak baino hobeki jolasten dute haurrekin
Burni eta suaz
Gizakia mehatze bat bezala hustu
Itsasontzirik gabeko portua bezain hutsa
Surik gabeko sukaldea bezain hutsa
Emazte haurrak altxor beraren jabe
Bedatseko hostro berde eta esne garbia
Eta iraupena
Beren begi gardenena
Emazte haurrak altxor bera
Begietan
Gizonek ahal bezala defendatzen dutena
Emazte haurrek lanosa gorri bana
Begietan
Beren odolaren ikur
Gutako hainbat ekaitzaren beldur izan dela pentsatze hutsak. Gaur egun erabakirik dago ekaitza bizia dela. Gutako hainbat tximista eta trumoiaren beldur zela pentsatze hutsak. Bai ginela xaloak; trumoia aingerua da, tximistak bere hegalak, eta gu ez ginen sekula sotora jeitsi suak hartutako naturaren izugarria ez ikustearren. Gaur, gure munduaren amaiera da, norberak bere odola erakusten du.
Azkenerako
Haurrek galdu itxura dute
Eta gu izatearen zantzu ttipienera
Murriztuak izanen gara
Ez dirudi inoiz plazerezko malkorik isuri izan denik
Ez eta gizonak emazte amorosari besoak zabaltzen zizkionik
Eta haur kontsolatuen zorionezko zotinik izan denik
Hildakoen begiek izuaren lodiera dute
Hildakoen begiek harearen arina dute
Biktimek beren malkoak edan dituzte
Pozoina bailitzan
Kaskodunak, botadunak, zuzen eta mutil sendoak, abiadoreek beren bonbak soltatu dituzte. Kontu haundiz. Lurrean hondamendia da. Filosofiarik nagusiena kontuz ibiltzen da, eta bitan konprobatzen du sistema bat ondoriotu aurretik. Zeren, orain honekin, iragana eta etorkizuna dira barreiatzen direnak, segida oso bat eteten dena, errausten dena, kratere zulo batetan. Biziaren memorioa da itzaltzen dena, kandelargia bailitzan.
Odolezko gizonen odolezko animalien gainean
Bendaia nazkagarri eta usaintsuago bat
Borreroak berak baino, hain garbi eta txukunak
Begi guztiak hustuak bihotz guztiak itzalirik
Lurra hotz dago hildakoen gorpuak bezala
Zoazte bada herioa usmatu duen animalia eustera. Zoazte bada amagana bere haurraren heriotzaren berri ematera. Zoazte bada su lamaden artean konfidantza eskeintzera. Nola adieraz mundu honetako nagusiek etsai dituztela haurrak eta seaska bati erasotzen diotela guda-tresna bati bezala? Ez dago gau bakar bat baino, gerraren gaua, miseriaren senitartekoa, eta heriotz nardagarri eta erogarriaren oinordekoa.
Gizon horientzako altxor kantatua
Gizon horientzako altxor lapurtua
Amets egizue zuen amen agoniarekin, zuen anaienekin, zuen haurrerenekin, amets egizue bizia akabatzen duen borroka horrekin, zuen amodioen agoniekin. Babes zaitezte asesinoez. Bizia beragatik lutoz dagoen biziaren izugarriak estekatzen du haur baten sabela, zahar baten sabela. Bapatean sentitzen dute bizi nahiaren absurdoa. Errauts bihurtzen da oro. Eguzkia iluntzen da.
Zorigaitzaren monumentoak
Etxolen mehatzen
Eta soroen mundu ederra
Hara ene anaiok gorpu hezurdura hautsi bilakaturik
Begizuloetan itzulika ludia
Basamortu ustel zarete
Eta heriok betiereko oreka hautsi du
Arren eta beleen bazka zarete
Eta hala ere zuek zineten gure esperantza dardaratsua
Gernikako haritzaren egur gilaren azpian, Gernikako hondakinen gainean, Gernikako ortze gardenaren pean, gizon bat itzuli da, antxume bat beeka besotan, eta, bere bihotzean, usoa. Berak kantatzen du beste gizaki guztientzat matxinadaren kantu gardena, amodioari eskerra demaiona, zapalkuntzari ezetz derasona. Agindu xaloak dira gorenenak. Berak dio Gernika Oradour eta Hiroshima bezala bizien bakearen hiriburu dela. Beren ezetzak izuak berak baino protesta ozenagoa sortzen du.
Gizon bat kantari, gizon baten esperantza. Eta bere minaren eztenak ortze irmoan urruntzen dira. Eta bere kantuen erleek eztia egin dute gizakien bihotzean.
Gernika!, inozentziak krimenaren gainetik izanen du arrazoin.
Gernika!…
Paul Eluard
«Gernikako garaitza», Susa, 20. zenbakian, Gernika, 1987ko apirilean, Mikel Antzak euskaratua,



