Gaueko izarrek digute begiratzen

Aritz Eigurenek Bränskint liburuko «Gaueko izarrek digute begiratzen» ipuinarentzat egindako irudia. Detailea

Bular arteko bidezidorrera jausi den elur malutak hozkirria eman dio. Hotza. Autorik apenas. Bezero gutxi gaur.

Azkenaren haginkada makilatu beharko du.

Kitto laneguna.

Etxera bidean, errebuelta eman eta parkeko irteeran ikusi ditu lau mutilak.

Senak: buelta eman ezan!

Mutiletako baten aldarria ozenagoa izan da.

 

Puta!

 

Eskuetatik oratuz marasmatu dute. Jesukristo gurutziltzatua eme baten soinean. 

Labanaz arropa urratu diote. Azalean, desaroa. Odola kandeloi bilakatua.

Ez, ez, ez eta ez; buruak oinari ostikoa agindu dio, baina honek ezin du arerioarekin.

Etsaiaren itsasgorak inbaditu du.

Lehenengoaren bultzadek animoen erritmoa dute.

Ahotsak. Arnasatsa. Identifikagaitza zaion usaina. Bestearen baba-adurra ezpainetan. Esku elkorra, bularrean lizpaper laztanak. Mina. Arroila ariman.

Bere gorputzetik kanpo da jada. Gorputza gorpu.

Begirada metro batzuk aitzin dagoen zurezko jesarlekuan iltzatu du.

«Atzetik egingo dizut nik, putatxo!».

Begiak ixterakoan, malko soil eta zital batek traizionatu du emakumea.

 

Goizalde Landabaso

«Gaueko izarrek digute begiratzen», Bränskint, Txalaparta, 2011

Albertine polizia-etxeko medikuaren itxaron gelan, Christian Krog idazle eta marrazkilariaren Albertine liburuaren eszenarik ezagunena