Txitean-pitean, garautxoa laga, eta izterrondotik uzkirainoko tartea milikatzen nion

Prostituzioa Philadelphian, Michael Wilhelmen irudia The Oregonianentzat

Bilatu inkontzienteki egiten dugu sarri askotan, memento hartan aldez aurretik aukeratua nuen iragarkietako batera ninderaman-eta begiradak: Teresa y Pepita, maduritas.

Gogoan nuen Nicaragua kaleko 1 zenbakian zeudela; banekien zein zen Nicaragua kalea, urrun samar zegoen, baina oinez abiatzea erabaki nuen, bidean hobeto pentsatzeko edo damutzeko denbora izango nuelakoan edo. Tripetako kirioak estututa neramatzan harako bidean; baina Nicaragua kalera hurreratu ahala, gero eta garbiago ikusten nuen ez nintzela damutuko, emakume heldu bat, ni baino zaharrago zen bat dastatu nahi nuela.

Heldu nintzen Nicaragua kalera, eta atarien zenbakiei jarraitu nien kalean behera. Lehenengo zenbakiak atari dotorea zeukan, atezain automatikora hurbildu nintzen, eta lehenengo solairuko txirrinetako bat gorriz pintatuta zegoen. Botoia sakatu nuen, eta handik segundo batzuetara, ezer galdetu gabe, atea ireki zidaten. Oinez igo nintzen, eta pauso bakoitzean dardara leun bat sentitzen nuen hanketan. Lehenengo solairura heltzeaz batera, eskumaldeko atea ireki egin zen, eta atso zahar dotore batek «arratsalde on» esan zidan. Nik ere «arratsalde on» erantzun, eta egongelara jarraitu nion; andrazko bi zeuden han, egongelako sofan eserita, berrogeita hamar urtetik gorakoak biak, eta begiak euretako batenganantz joan zitzaizkidan, ni baino hogeita bost urte inguru zaharragoa izan arren, polita eta erakargarria egin baitzitzaidan. «Teresa eta Pepita» esanez egin zuen aurkezpena atsoak, «zein duzu gustukoen?», «Pepita», erantzun nuen, harengan nituen begiak josita-eta. Pepita altxatu egin zen, eta bere atzetik abiatzeko keinua egin zidan.

Egongelako ate batetik harantz logelak eta bainugela zeuden. Logelara eraman ninduen lehenengo, eta ea zer zerbitzu mota nahi nuen galdetu zidan; lasai egon nahi nuela, eta ordu beteko zerbitzua eskatu nion, ez nuen nahi-eta arineketan atera aurreko egunean Maikarekin egin nuen lez. Zerbitzuaren prezioa esan zidan, eta ordaindu egin nion lehenengo eta behin. «Albornoz hau eta txankleta horiek har ditzakezu, hor aurrean duzu bainugela dutxa bat hartzeko, ni laster etorriko naiz». Biluzi egin nintzen, albornoza eta txankletak jantzi eta logelaren aurrean zegoen bainugelara abiatu nintzen. Ondo aztertu nuen, txukun zegoen eta horrek lasaitu egin ninduen; dutxa bat hartu eta logelara abiatu nintzen berriro. Txankletak eta albornoza erantzi eta ohe gainean etzan nintzen biluzik, Pepitaren zain.

Urduri nengoen, nire heziketa matxistak emakume baten aurrean itxura ona eman behar nuela esaten baitzidan, sexuan ere arra ar dela eta emea ase geratu behar dela, alegia; ez nuen irten nahi aurreko egunean bezala ni korritu eta Maika korritu ez zelako sentsazio okerraz, edo arinegi korritu nintzelako sentipenaz. Horrelako gogoetekin nenbilela, Pepita sartu zen.

Logelako ate ondotik begiratu zidan, eta niri bizkarra emanda, biluzten hasi zen: zapatak lehenengo; gero atorra erantzi, eta ondoan zuen kako batean eskegi zuen; gona erantzi zuen ondoren, eta aldean kuleroak eta sujetadorea baino ez zituela geratu zen; atzetik ikustean, adina nabarmentzen zitzaion azalean, haren hara- gia ez baitzen Maikarena bezain estua, baina gustura begiratu nion. Bularretakoa askatu, eta kuleroak erantzi zituen. Nireganantz biratu zenean, Pepitaren titi erorixeak ikusi nituen, zuritxoak, baina gustatu egin zitzaizkidan; urteak zituen, baina emakume erakargarria zen. Ohera etorri zen, eta nire alboan etzan zen begirada bihurriz. «Oso guapoa zara», esan zidan ezkerreko eskuaz bularra laztantzen zidala. «Zu ere emakume ederra zara», erantzun nion, eta benetan ederra iruditzen zitzaidan, bere begirada eta hizkera Maikarena bezain samur egiten ez zitzaizkidan arren. «Nongoa zara?», izan zen Pepitaren bigarren galdera, eskua bularretik sabelera eta izterrerantz zekarkidan bitartean; «Bilbokoa, eta zu bertakoa zara?». «Bai, Bartzelonakoa naiz, katalan peto-petoa», erantzun zidan, eskua nire zakilaren gainean pausatu zuelarik; eta aldi berean begiak nire begietan josi zituen, bere eskuaren ukitua zakilean igartzean zelako erreakzioa nuen ikusteko edo.

Birikak airez bete nituen Pepitaren eskua zakil gainean igartzean; bera bularra musukatzen hasi zitzaidan, eta ezkerreko eskuarekin mugimendu leun-leunak egiten jarraitu zuen zakil inguruan. Eskua bizkarrean jarri nion, eta goitik behera laztandu nuen; azal gozoa zeukan, esan dudan bezala haragia hogeita hamar urteko batena baino bigunagoa, baina, hala ere, gozo. Bizkarretik behera egin nuen eskuarekin, Pepitaren ipurdiraino, eta esku ahurra ipurmatrailetako haragiz beteta nabaritu nuenean, estualditxo bat egin nion, eta gehiago berotu nintzen.

Benetako gizon baten moduan geratu nahi nuen, eta Pepita beso artean hartuta, biratu egin nintzen eta neure gorputz azpira ekarri nuen. Begira geratu zitzaidan, zer egingo ote nuen zain. Nik ere begietara behatu nion zuzen, eta urduritasun moduko bat igarri nion. Ezpainak lepora hurreratu nizkion, eta belarri ondotik sorbaldarainoko bitartea miazkatu; handik bere bular aldera egin nuen. Titiak biguntxoak zituen, baina leun-leunak; eta titiburuak benetan ederrak, txikitxoak eta tenteak. Tontortxo haiekin jostatu nintzen, zapore fresko hura mihi puntarekin dastatuz, hozkada biguntxoekin ahoa betez. Pepita geldi geratu zen, otzan, nire gogoa bere gorputzak eskaintzen zizkidan zapore eta usain guztiez zentzumenak asetzea zela ondo ulertuz. Izterrak banandu nizkion, eta eskuak bere ipurmamien azpian jarrita, ahoa hankartean sartu nion. Alu inguruak jan nizkion lehenengo, Pepitak bere erraien atea zabal ziezadan egiten nion deia baino ez zen; eta berak nire deiari erantzunez, urrumatxo bat egin zuen eta gerriarekin nire alderanzko mugimendutxo xume bat, atea zabalik nuela adierazi nahi balit bezala. Mihi punta aluko ezpainetara joan zitzaidan, eta ezpainak musukatutakoan, ezker-eskuin mugituta, barreneko tontortxoaren bila abiatu zen. Gustura jostatu nintzen Pepitaren hankarteko garautxoarekin. Txitean-pitean, garautxoa laga, eta izterrondotik uzkirainoko tartea milikatzen nion; pare bat miazkada eta Pepitaren klitorisaren bila egiten nuen berriro. «Hau abisatu egiten da, e!», esan zidan, baina ez nion erantzunik eman, gustura ari nintzen bere alua jaten eta xurgatzen, eta horrela segitu nuen, esku ahurrak bere ipurmamiz beteta, arnasa sakondu eta gerri astinaldiak etorri zitzaizkion arte. «Korritu egin zara?», galdetu nion; «Bai». «Ez da izango!», zalantza egin nuen-eta ez ote zebilen plantetan. «Zer uste duzu, bada, titiak eta alua jaten dizkidazunean ez dudala ezer sentitzen, ala?».

Pare bat hasperen egin zuen, eta nire gainera etorri zen, nire zakilaren gainera, hobeto esan. Zakiletik oratu, ezer esan barik, begirada maltzur bat baino ez, eta ahoratu egin zuen. Nire kirten gorian gora eta behera igurtzi zuen mingain epela; zakila ahoan sartu eta atera erabili zuen, ezer esan gabe. Nik irakiten neukan han- kartea, eta Pepitak xurgatzeari ekin eta ekin. Agerian zegoen ez zeukala gelditzeko asmorik, ez baitzuen ahoa nire zakiletik aldentzen; eta egin zuen mugimendu bakarra ezkerreko eskuarekin izan zen nire barrabilei heltzeko. Jarrera horretan ekin zion lanari, ezkerrarekin barrabil jolasa, eta ahoarekin zakil-jana. Txundituta nengoen Pepitaren ekinarekin, adoretsu ari baitzen nire orgasmoaren bila. Ni itzel ari nintzen gozatzen jasotzen ari nintzen felazioarekin; baita Pepitaren irudiarekin ere, nire zakilburua edoskitzen: eder zegoen.

Errealdi moduko bat hasi nintzen sentitzen barrabiletatik zakilbururaino, nire orgasmoaren aurrekari nabarmena. «Korritu egingo naiz», esan nion, ahoa aldendu nahi bazuen-edo; baina Pepitak lanari, edo janari, ekin zion. Azkenean, gerri astinaldiez lagunduta, hazia isurarazi zidan bulkada hurrenkera bat etorri zitzaidan, eta Pepitak nire zakilaren iturritik edan zuen. Berriro begiratu zidan begietara zuzen, ea gustura geratu nintzen baieztatzeko-edo, eta nire alboan etzan zen.

Ez genuen berba askorik egin, gogoan dut gazterik alargundua zela esan zidala, eta nire bularreko ileekin jostatu zela, eta halako batean, disimuluan, erlojuari begiratu ziola eta eskua zakil gainera ekarri zidala, atzera; orduan ulertu nuen bigarren narrutaldiaren ordua zela. 

 

Rafa Ugalde

«Inoizkorik samurrena», Relax, Txalaparta, 2007

Pussycaten kanpoko irudia 1985. urtean. Matt Weberren irudia

Bi prostituta New Yorken 1989 urte inguruan. Matt Weberren argazkia