Fruitu arraroak
1958ko otsailan, Billie Holidayk 43 urte ditu eta 17 hilabeteko bizitza geratzen zaio. Lady in Satin, bere azken diskoak, kritika txarrak izan ditu oso: ahots lakarregia omen, hautsiegia, zikinegia. Gaur egun, ordea, beste mundu batetik iritsitako grabazioa begitantzen zaigu. Baina ez da hau bere disko eta kantu zirraragarri bakarra. Strange Fruit datorkit burura, berak ezagun egin zuen arrazakeriaren kontrako ereserkia. Judutar batek, Abel Meeropole eskola-maisu komunistak idatzi zuen 1939an, AEBetako hegoaldean gertatzen ziren lintxamenduak salatzeko. Garaitsu hartan ez baitira zuhaitzetan urkatutako beltzen argazki lazgarriak falta.
Lehen aldietan ez zuen itxuraz Billie Holidayk kantatzen ari zen letra haren benetako esanahia guztiz bereganatu; zenbaiten ustez, are, gustukoegi ere ez zuen izan… Jendea mutu geratzen zen, paralizatuta, arnasa hartzera ausartu gabe ia. Orduan hobeto erreparatu zien hitzei eta jabetu zen zer irudikatzen zuten hegoaldeko zuhaitzetan zintzilik zeuden «fruitu» haiek. Txalotu ezin zitekeen kantu horietako bat zen.
Denboraren poderioz, hain bere sentitzen hasi zen kantua ze, aurkezten zuen aldiro espreski beretzat idatzia izan zela esaten baitzuen. Areago, «berea» zela. Baina gezurra zen. Halakoa zen kantuarekiko sentitzen zuen atxikimendua, Billie Holiday tenperamentala ikaragarri haserretu baitzen Josh White kantariak ere lokal beretsuetan abesti hura kantatzen zuela jakin zuenean. Whiten emanaldi baten ondoren kamerinoetara sartu omen Billie Holiday, guztiz suminduta. Txoko batera baztertu eta lepotik heldu zion labana zintzurrean jarrita: «nirea duk kantu hori, Josh, ezta okurritu ere berriz abesterik!».
Bere errepertorioko azkena izaten zen beti. Abesti haren ondotik, inor ez zen beste bat eskatzera ausartzen. Kafetxera berandu eta ernegatuta iritsi zen batean, kontzertua Strange Fruitekin hasi ei zuen. Hasi eta bukatu. Kantu bakarreko kontzertua izan zen gau hartakoa.
Arraroa da fruitua, odolezko hosto abar.
Beltz bat dilindan hegoaizetan,
Fruitu bitxiak makaletan.
Hegoaldeko estanpa fina
Begi puztu, aho desegina
Magnolia lurrin, goxo, umel,
Gorputza nola den kixkaltzen!
Fruitu hau, beleek laztan,
euriak zupa haizeak bultza,
ekiak ustel arbolak bota…
Ez ote da mikatza uzta?
Harkaitz Cano, Maite Larburu,
«Fruitu arraroak» kontzertu-errezitaldi sorta

