San Franciscoko jazz kontzertuetako flashak, epifaniak eta satori aldiak

Jack Kerouacen motxila. Sur la route deJack Kerouac/ L’épopée, de l’écrit à l’écran erakusketan, 2012. Musée des lettres et manuscrits de Paris

Hiriak kontinentearen amaiera sinbolizatzen zuen, eta Kerouac marinel lehorreratu berria bailitzan sentitu zen. Honela, triste eta itxaropentsu ikusi zuen Market kalea, hiria zeharkatzen duen kale handi hori. «Denek ziruditen film merke bateko extrak» idatzi zuen On the Roaden. Market kaleak gogora zekarkion New Yorkeko 42. kalea, biek itsasora egiten dutelako.

Bestalde, gogoan zituen San Franciscoko janari moeta esanguratsuenak, hotel merke bateko leihotik usainduta. Itsaskiak, roast beef, oilasko errea oliotan basitua, Chinatowngo chow mein, North Beacheko espageti saltsa, Fisherman’s Wharfkai ondoko abakandoa, Fillmore kaleko saiheski erreak, Market Streeteko indabak eta txile pikanteak, Embarcaderoko patata frijitu merkeak eta, amaitzeko, Sausalitoko txirla egosiak.

Bigarren aldi honetan, Kerouac eta Cassady jazz emanaldi batera joan ziren, Slim Gaillard musikaria ikustera. Gero, Kerouac bakarrik itzuli zen New Yorkera. Itzuli ere, autobusez itzuli zen, Nealen jokaera axolagabeaz etsituta. Ordurako, gogoan zeuzkan Nealekin egindako auto bidaiak eta autobus zein auto-stopez bere kabuz egindakoak, eleberri bat idazteko. New Yorken, Jackek On the Road idazteari ekin zion. Hala ere, laster ohartu zenez zuela behar beste kontagairik eleberria osatzeko.

Besterik ezean, Jack San Franciscora itzuli zen. Eskutitzen bidez sendatuak zituen Nealekiko zauriak, eta zuzenean joan zitzaion ikustera, Russian Hill muinoaren gainean zeukan etxera. Neal ezkonduta zegoen Carolyn Cassadyrekin, eta ume bat zeukaten. Nealek beso zabalik jaso zuen laguna, baina Carolyn ozpinduta zegoen. Dean eta Jackek ez zioten bakerik ematen, beti ere gauez parrandan zebiltzala. Bestalde, «tea» erretzeko ohitura zuten, hau da, marijuana edota Mary Jane andereñoa, euren berbetan.

Laster, bi lagunek San Franciscotik alde egin eta Denver-Chicago-New York bidaia egin zuten, inoren autoak gidatuz. Amaitzeko, Mexikoraino jaitsiko ziren. Bidaia horietan bildu zuen Kerouacek On the Roaden azken atala osatzen duten kontagaiak. Eleberriaren atal horretan San Franciscon ikusitako jazz kontzertuetako flashak, epifaniak, satori aldiak ageri dira. Jackek Holy Goof —lelo saindua— izendatu zuen Neal, saintutasunaren ereduak bilatu nahian.

Javi Cillero, «San Francisco – Jack Kerouac.
Jack Kerouaci kili-kili egiten dio Friscoren lanbroak»,
Euskaldunon Egunkaria, 2001eko abuztuaren 16an