Jazzaren swingarekin idatzi edo uniformedun musika bandarekin

Hallelujah filmaren kartela, 1929

Denak, edo ia denak, dira unibertsitateko irakasle. Lehen, denak izango ziren, ausaz, iraultzaileak, poetak, Cortazarzaleak. Erraz esatearren, denak kronopio izandako famak dira. Denak dira literatura hil izanaren errudun. Salba dezadan Jitrik, begi-bistakoak baina aldi berean inportanteak diren kontzeptu batzuk eman zituelako, eta berrirakurketa pertsonal bat egiten ausartu zelako: “Rayuela ez da 1963koa. Testuak aldatzen dira. Rayuela da dena, gehi irakurketa askoren bidez jarri izan zaiona”. Horixe, prezeski. Nola ausartuko da Rayuela irakurtzen mintzaldi hauek entzun dituen hogei urteko gazte bat, demagun? Zer irakur lezake? Atera ahalko luke irakasle esklerotikoek bideratu irakurketa kanonikotik beste ezer? Kartzelara eramango dute delitu honengatik? Cortazarrek jazz musikaren swing buruan zuela idazten omen zuen, eta hauek denak uniformedun musika bandako instrumentistak dira. “Esto no hay quien lo aguante, che, yo me rajo a por un tequila”, zioen Lisardok noizean behin. Behin baino gehiagotan laguntzen genion, batez ere espezialistak norgehiagoka hasten zirenean, Cortazar nork ezagutu zuen eta nork ez, eta ezagutu zutenen artean, nor adiskideagoa izan zen.     

Ez da horrenbesterako, che, esaten zidan Lisardok, tekilak sakela berotuta, jazza ongi egon da, hitzaldietan batzuek ere ongi jardun dute. Tzotzilek eta Gabik ere hala uste dute. M. ere inoiz elkartu zitzaigun La fuente izeneko taberna ederrean. La fuente honek sabai altuak dauzka, zaharra da baina ez da zaharkitua, erdi aldean, bi zutaberen artean, oholtza txiki bat, pianoarekin, gauero ibiltzen da pianojolea bibolinjole ajetu bat lagun duela, korridoak eta rantxerak joaz, jendeak kantuan laguntzen die batzuetan. Taberna ederra da La fuente, handia, mahaitxo txiki askotakoa, beti lepo dago, denetariko jendea ikusten da. Izena horrelakoa izanagatik guztiek La bicicleta deitzen diote, halako hornazina moduko batean bizikleta ezin zaharrago eta hautseztatuago bat dela kausa: behin oso aspaldi, cuate bat etorri eta mozkortu egin zen, eta ordaintzeko dirurik ez. Bizikleta utzi omen zuen bahituran, ordaintzera itzultzekotan. Gaur arte. Horixe da historia. Eta, bon, La bicicleta hartan egiten genuen errepasoan gauzak ez ziren hain beltz ikusten.

 

Jon Alonso, «Jazz eta Mariatxi (Cortazarren gorazarrean)»,
Argia, 2004ko martxoaren 7an